Lan osasuna: bidea libre mutualitateentzat

PPk iragarri du Espainiako Gobernura iristen bada sendagiriak emateko ahalmena emango diela mutualitateei «zenbait kasutan». Auziak eztabaida sortu du azken urteetan.

Mutualitate batek Bilboko Ertzilla kalean duen osasun zentroa. BERRIA
Mutualitate batek Bilboko Ertzilla kalean duen osasun zentroa. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko azaroaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eztabaida ez da berria, azken urteetan mutualitateen rola (Mutualia, Muface, Fremap...) talka gai nagusietakoa izan baita sindikatu eta enpresari elkarteen artean. Absentismoaren mamua edo arazoa —bakoitzaren ikuspuntuaren arabera— hauspotzen hasi zirenetik, are ozenago entzun da haien izena lan harremanetako protagonisten ahotan. Espainiako hauteskunde orokorren kanpainan ere agertu dira, Alberto Nuñez Feijoo PPren hautagaiak iragarri baitu presidente baldin bada botere handiagoa emango diela mutualitateei.

Irailean hartu zuen gaia hizpide, eta politikariengan ezohikoa den argitasun batekin. Kataluniako enpresari elkarte batean egin zuen iragarpena, bere buruari eginiko hiru galderarekin: «Mutualitateen rola indartuko al dugun? Bai. Mutualitateek proba diagnostikoak egitea erraztuko al dugun? Bai. Zenbait gaitzen kasuan mutualitateek sendagiria ematea erraztuko al dugun? Bai». Hori bai, ez zuen zehaztu gaitz horiek zeintzuk liratekeen.

«Mutualitateen rola indartuko al dugun? Bai. Zenbait gaitzen kasuan mutualitateek sendagiria ematea erraztuko al dugun? Bai»

ALBERTO NUÑEZ FEIJOO PPko presidentea

Hirugarren galdera da orain arte ezarritako marra gorria gurutzatzen duena. Zergatik? Mutualitateek, orain arte, osasun arazoen ondorioz lanpostura joan ezin diren langileen bajen kontrol eta jarraipen funtzioak betetzen dituzte. Langile bat lanera itzultzeko moduan egon daitekeela uste dutenean, alta proposamen arrazoitu bat aurkez diezaiokete osasun zerbitzu publikoko ikuskaritza medikuari. Hark, proposamen hori baloratu, eta gaixo baimena luzatu edo sendagiria eman erabaki behar du. Alegia, azken hitza mediku publiko batek du.

Alberto Nuñez Feijoo, Bilbon, Forum Europan. PPk utzitakoa
Alberto Nuñez Feijoo, Bilbon, Forum Europan. PP

Feijooren proposamena enpresari elkarteek eskatzen dutenaren bidetik doa, eta azken hitz hori mediku pribatu baten esku utziko luke zenbait kasutan. Argudiatu izan dute ezen, osasun zerbitzu publikoen egoera dela eta, lan egiteko moduan dauden langileen gaixo baimena luzatu egiten dela, baina ez  osasun arrazoiengatik, baizik hitzordua lortzeko arazoengatik. Halaber, aipatu izan dute horrelako ardura esku pribatuetan utzita osasun publikoko itxaron-zerrendak laburtuko liratekeela.

Sindikatuak, aurka

Kontrakoa diote sindikatuek. Hego Euskal Herrian Mutuak Stop! kanpainan mamitu zuten aurkakotasun hori. ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT eta USO sindikatuek jarri zuten martxan, iaz. Besteak beste, salatu izan dute osasun publikoa pribatizatzeko modu bat dela, osasun publikoaren ardura den zeregin bat esku pribatuetan gelditzen delako, eta proba asko zentro pribatuetara bideratuko lituzketela, eta haien diru sarrerak handitu.

Horrez gain, nabarmendu dute mutualitateak enpresa pribatuak direla, eta ez direla neutroak lan baja batek langilearen eta enplegatzailearen artean sor dezakeen tirabiran. Besteak beste, egotzi izan diete langileak behar baino lehenago laneratzea lehenesten dutela, eta ohartarazi dute «presio mekanismo gehiago» izango lituzketela.

LAB mutualitateak
LAB sindikatuak mutualitateei botere handiagoa emateko erabakiaren aurka eginiko protesta bat. LAB

Gaiari buruzko argi gorria 2023ko martxoan piztu zen Hego Euskal Herrian. BERRIAk aurreratu zuen AMAT Espainiako Lan Istripuetarako Mutualitateen Patronalak beren eragin ahalmena asko handituko lukeen akordio bat eskaini ziela Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Gaitz traumatologikoetan mutualitateek prozesu osoa beren gain hartzea eskaini zieten. Gaur egun, harreman hori badago, bajen jarraipenean esaterako, baina ezin dute sendagiririk eman.

Eta alderdiek zer esan dute gaiaz? EAJ mutualitateei ahalmen handiagoa ematearen alde agertu izan da: akordioa Osakidetzarekin, pazienteen historia eskuratzeko aukera edukitzea, kenkariak aseguru pribatuen erabiltzaileentzat... Hori bai, gaixotasun arruntetan sendagiria emateko boterea ez du aipatu izan. EH Bildu, berriz, erabat aurka agertu izan da, pribatuei boterea ematea osasun publikoa ahultzea delako, besteak beste. Nabarmentzekoa da mutualitateek diru publikoa jasotzen dutela beren zerbitzuengatik.

LAN NEKEZEN ERRETIRO AURRERATUA, ZAIN

Urte eta erdi igaro da Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak lanbide nekezetan erretiroa aurreratzeko dekretua onartu zuenetik, eta Hego Euskal Herriko langileei ere eragiten die. Gaur egun, enplegu gutxitan dute eskubide hori: meatzariek, poliziek, suhiltzaile mota batzuek... eta zerrenda luzatzeko aukera zabaltzen du dekretuak. Azken lau urteetan CCOO eta UGT sindikatuek Espainiako patronalekin lorturiko akordio bakanetakoa izan da.

Dekretuaren arabera, sindikatuek eta sektoreetako patronalek dute eskubide hori eskatzeko ahalmena, eta salbuespenez baita gobernuak ere, baina tarte horretan lanbide bakar batek ere ez du lortu. Eskatu, berriz, hainbatek eskatu dute, eta batzuk langile askokoak dira: eraikuntzako langileak; garraiolariak —hala kamioilariak nola autobus gidariek—, hoteletako logela garbitzaileak, etxez etxeko laguntzaileak, taxi gidariak eta aireportuetan maletak mugitzen dituztenak.

Espainiako Gizarte Segurantzari dagokio eskaerak aztertzea eta lanbide horien baja eta istripu kopuruaren arabera erretiro aurreratua merezi duen ala ez zehaztea. Eskaerei sei hilabeteren buruan erantzuteko konpromisoa hartu zuen, baina prozesua oso astiro doa. Gizarte Segurantzak argudiatu du lanez gainezka dagoela eta ez duela ikerlan horiek egiteko nahikoa jenderik.

Egoerak sindikatuen eta patronal batzuen haserrea piztu du —garraiolarien kasuan elkarrekin egin zuten eskaera—. Espainiako Gobernuak garbi utzi nahi izan du atzerapenak ez duela esan nahi eskaerak bertan behera gelditu direnik, baina, epeak ikusita, lehen baiezko edo ezezkoak hurrengo legegintzaldian iritsiko dira. Espainiako Gobernura iristeko bi hautagai nagusi daude, PP eta PSOE, eta pentsioen auziari buruzko ikuspegi oso ezberdinak dituzte.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA