Lecornuk finantza merkatuak baretzeko aurrekontua egin du

Defizit publikoa %5era jaisteari lehentasuna eman dio, zorra ez dadin askoz gehiago hazi. Soldata publikoak eta pentsio ugari inflazioaren azpitik handitu nahi ditu, eta beste gastu sozial batzuk izoztu.

Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. MOHAMMED BADRA / EFE
Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. MOHAMMED BADRA / EFE
Iker Aranburu.
2026ko urriaren 1a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zerga igoerak, pentsio eta soldata publikoak inflazioaren azpitik eguneratzea, gastu murrizketak... Neurri gogorrak agertzen dira Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak gaur aurkeztutako 2027rako aurrekontu proiektuan. Gastu publikoa kontrolatzeari lehentasuna eman dio Lecornuk, horrela baretu nahi baititu Frantziaren zor handiarengatik kezkatuta dauden finantza merkatuak. Aurretik molde horretako proposamenak egin zituzten bi gobernuburuek (Michel Barnier eta François Bayrou) ez zuten lortu inoren babesa eta zentsura mozioen ondorioz erori ziren, baina orain eskuin muturreko RN Batasun Nazionalaren esku dago Lecornuren patua. 

Kopuru bati begira egin dute aurrekontu proiektua Lecornuk eta haren ministroek: %5. Defizit publikoa maila horretan utzi nahi du, kosta ahala kosta; aurten %5,1ean uztea zen asmoa —iazko mailan, alegia—, baina Ormuzko gerrak eragindako energia krisiak %5,4raino edo %5,6raino igoko du datu hori, inflazioa eta hari aurre egiteko gastu publikoa handitu duelako, eta zerga bilketa moteldu. 

Defizita %5ean utzi ahal izateko, beste kopuru bat jarri dute mahai gainean: 43.000 milioi euro. Hori da, hain zuzen ere, aurtengo kontuekin alderatuta egin behar den «ahalegina». Hots, zerga bilketaren handitzearen eta gastuak murriztearen bitartez zenbateko zuloa kendu behar zaien kontu publikoei.

 

%119

Zor publikoa. Defizita finantzatzeko zor publikora jotzen ari da Frantziako Gobernua eta dagoeneko 3,6 bilioi euro zor ditu, inoizko kopururik handiena. Zorra ekonomia baino bizkorrago hazten ari denez, haren pisua ere gero eta astunagoa da, eta

 BPGaren %119raino iritsi da. Halako kopururik ez zen ikusi 1946. urteaz geroztik, Bigarren Mundu Gerra amaitu berritan. Zor hori finantzatzeak 90.000 milioi euroko kostua du, irakaskuntzan gastatutakoa baino gehiago.

Aurrekontu murriztailea Bruselara begirako keinua da, Europako Batzordeak zerrenda beltzean duelako %3ko mugatik gora daukalako. Baina, batez ere, finantza merkatuei begirako keinua da. Izan ere, horren bidez eragotzi nahi du inbertitzaileak izutzea eta Greziarekin bezala, interes ordainezinak eskatzea Frantziaren zor publikoaren truke. 

Gaur-gaurkoz, Greziak gutxiago ordaintzen du zorraren truke Frantziak baino, eta horrek erakutsi nahi du inbertitzaileak gehiago fio direla Atenasez Parisez baino. Herrialde guztieri garestitu zaie finantzaketa azken urtean, interes tasen igoeraren ondorioz, baina Frantziari beste inori baino gehiago. Horrela, Frantziaren hamar urteko bonoak %4,82ko interesa ematen du orain merkatuan, duela urtebete baino 1,28 puntu gehiago. Espainiarenak, esaterako, 0,85 egin du gora, %4,11raino. Luzaroan Europako gaixoa deitutakoak, Italiak, Frantziak baino merkeago finantzatzen du bere burua. 

protesta
Sektore publikoa indartzeko protesta, asteartean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU

Garesti bada ere, Frantziak bere burua finantzatzeko arazorik ez daukala nabarmendu nahi izan du Roland Lescure Finantza ministroak: «Interesak handiak dira, baina Frantziaren bonuak ongi saltzen dira. Frantziaren sinarura indartsua da», adierazi du.

49.3 artikulua

Aurrekontu proiektuak kritikak jaso ditu ezker-eskuin, baina badu aurrera egiteko aukera bat. Frantziako legediaren arabera, lehen ministro batek konstituzioaren 49.3 artikuluaren bitartez onartarazi dezake lege bat (aurrekontua barne), baina trukean zentsura mozioak jaso ahal ditu. Hori gertatu zen Lecornuren lehen aurrekontuekin, iazkoekin, baina PS alderdi sozialistak ez zituen zentsura mozioak babestu, Frantziaren egoera ekonomikoa ahula zela argudiatuta. Trukean, Macronen agintaldiaren proiektu eztabaidatuena, pentsioen erreformarena, behin-behinean etetea onartu behar izan zuen Lecornuk.

Oraingoan, hauteskundeak gertu daudenez, sozialistak eta ezkerreko beste taldeak zentsuraren alde lerratzen ari dira, baina laguntza beste muturretik etor dakioke. Marine Le Pen RNko buruak arduratsu erakutsi nahi du bere burua, eta iradoki du ez duela gobernua erortzen utziko.

NEURRI NAGUSIAK

 
  1. 1.260 eurotik gorako pentsioak inflazioa baino gutxiago handituko dituzte, baina kopurua erabakitzea parlamentarien esku utzi du Lecornuk. Hori bai, hilean 2.094 euro baino gehiago jasotzen dutenen pentsioak ez dituzte eguneratuko. Gainera, erretiratuek errenta zergan daukaten %10eko kenkariari 3.000 euroren muga jarriko diote (4.439 euro dira orain). 

  2. Langile publikoei soldatak ez dizkiete osoki izoztuko, baina bai, ordea, haien ordainsariak kalkulatzeko erabiltzen den indizeetako bat. Iragan asteartean manifestazioak egin zituzten, Baionan barne, haien erosahalmena txikitzen ari dela salatzeko.

  3. Etxebizirako laguntzak eta familiek jasotzen dituztenak izoztu nahi ditu gobernuak. 

     

  4. Parisko gobernuak gerrikoa estutuko die tokiko administrazioei. Guztira, 5.400 milioi euro gutxiago banatuko dizkie.
  5.  Lanaren kostua apaltze aldera, gizarte kotizazioak gutxitu dituzte azken urteetan Macronen gobernuek, baina oraingoan soldata apalen truke enpresek ordaintzen dituztenak emendatu egingo dituzte. 
  6. Lecornuren proiektuak zergak handituko dizkie, besteak beste, beren etxebizitzak Airbnb edo beste plataformetan alokairuan jartzen dituztenei, autobideen kudeatzaileei eta zenbait produktu prozesatuei. Halaber, obesitatearen aurkako borroka argudiatuta, zerga handiagoa ordaindu beharko dute azukre asko duten produktuek. 
  7. Bekarik edo ikasteko beste laguntzarik jasotzen ez duten ikasleek matrikula ordaindu beharko dute goi teknikarien programetarako (BTS).
  8. Osasun gastuak 2027an asko jota %2 handitzeko helburua jarri du Frantziako Gobernuak, hau da, espero den inflazioaren azpitik.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA