Esku artean datu onak dituztela bilduko dira hemendik zenbait astera Finantzen Euskal Kontseiluko kideak. Zerga bilketa asko igo zen iaz, eta, lehen aldiz, 20.000 milioi euroren langa gainditu zuen. Zehazki, 20.324,5 milioi euro batu ziren, %11 gehiago. Â
Zenbaki osoetan, 2024an baino 2.015 milioi gehiago bildu zituzten iaz zergetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunak oro har hartuta. Hala ere, kopuru horri ñabardura bat egin behar zaio. Izan ere, 2024ko bilketaren datua nolabait desitxuratuta dago, urte horretan ogasunek zortziehun milioi euro itzuli baitzizkieten mutualistei: auzitegiek hala aginduta, dirua itzuli behar izan zieten 1967. urtea baino lehen mutualitate batean kotizatu zutenei. Nafarroak, esaterako, 2025ean itzuli zien dirua mutualista izandakoei, eta, horren ondorioz, iazko datuak kaskarragoak izango dira.
2024ko ordainketa horren eragina errenta zergan ikusi da. Espero zen urte ona izatea zerga horri dagokionez, enpleguak gora egin baitu, eta soldatek ere bai —%3,18, irailera arte—, eta hala gertatu da: 7.960,5 milioi bildu dituzte zerga horren bidez, aurreko urtean baino %15,1 gehiago. Mutualisten eragina kontuan hartu gabe, %3,5 inguruko igoera izango litzateke.Â
Sozietate zergaren ekarpena, aldiz, amildu egin da, eta bilketa osoaren %7 besterik ez da enpresen irabazien gaineko zergak ekartzen duena. Guztira 1.438 milioi izan ziren iaz, 2024an baino 322 milioi gutxiago (-%18,3). Lurralde guztietan jaitsi da bilketa, baina Bizkaian batez ere (-%25).Â
Aurreikuspenak gainditu dituzte
Zerga bilketak bilakaera ona izan du urtearen amaieran, eta horri esker gainditu ahal izan da urriko bileran Finantzen Euskal Kontseiluak kalkulatutakoa. Iragarri zuen 20.092 milioi bilduko zirela, eta 232 milioi gehiago jaso dituzte azkenean. Aldea are handiagoa da 2025eko otsaileko bileran kalkulatutakoarekin konparatuz: 605 milioi gehiago.
Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailak uste dute bilketa handitu egingo dela aurten ere. Zehazki, urriko bileran esan zutenez, espero dute 21.130 milioi jasotzea; 2025ean bildutakoa baino zortziehun milioi pasatxo gehiago, alegia.Â