Apurka Nafarroako ekonomia moteltzen ari bada ere, nazioarteko tentsioen eraginari eusten ari zaio. Salbuespen nagusi batekin: industria. Iragan urtean, batez beste %3ko erritmoan handitzen ari ziren industriako enpresak, eta galgari sakatu diote bete-betean: Izan ere, lehen hiruhilekoan %1 handitu zen haien jarduera, eta bigarren hiruhilekoan, berriz, %0,4. Nastat estatistika erakundeak kaleratu berri du azken datu hori, eta hark azpimarratu du beheranzko joera hori areagotu egin dela.
Gainerakoan, uztailean aurreratutako datu nagusiak hamarren bat igo ditu: apiriletik ekainera bitartean, BPG barne produktu gordina %2,3 igo zen —%2,2 igo zela iragarri zuen uztailean—, iazko epe bereko datuarekin alderatuta, eta %0,5, urtarriletik martxora artekoarekin alderatuta —%0,4 igo zela esan zuen duela bi hilabete—. Nastatek aurretik egindako aurreikuspenarekin bat dator azken argazki makroekonomikoa, eta ekonomia azken hilabeteetako bide beretik doala berretsi du. Azken batean, barne eskariak eta zerbitzuek sostengatzen dute ekonomia, eta nazioartetik datorren kontrako haize horri aurre egin diote.
Datu horiek Eustatek iragan astean kaleratutakoen oso antzekoak dira, eta adierazten dute orain Hego Euskal Herriko jarduera parametro makroekonomiko beretan dabilela. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %0,5 handitu zen bigarren hiruhilekoan, eta urte arteko tasa %2,2koa izan zen. Industria ere antzera dabil, %0,3 uzkurtu baita apiriletik ekainera.
Eskaintzaren arloan, zerbitzuen motorrak sendo segitzen du, azken urteetako bide berean: %2,9ko erritmoan handitu ziren alor horretako enpresak, iazko epe bereko datuekin alderatuta. Merkatu zerbitzuetako enpresak are bizkorrago dabiltza, %3,4 hobetu baitute jarduera bigarren hiruhilekoan. Koska bat apalago bada ere, eraikuntzako enpresek aurreko urteko joerari eutsi diote, eta bigarren hiruhilekoan %2,1 hazi dira, jarduera ondo doakien seinale.
Kezkarako zantzuak industriatik datoz. Lehen hiruhilekoko datuak berehala islatu zuen Donald Trump Etxe Zurira ailegatu izana, eta hark apiriletik aurrera areagotutako merkataritza gerraren ondorioak are ageriago egin dira bigarren hiruhilekoan: %5,4 jaitsi da jarduera urteko lehen hiru hilabeteekin alderatuta. Merkataritza harremanetan ere antzeman dira ezinbestean nazioarteko tentsioak. Nafarroako enpresen esportazioak %2,4 apaldu dira, eta inportazioak, berriz, %3. Gainera, eskariaren aldean, ekipo ondasunen inbertsioak %2 beheratu dira bigarren hiruhilekoan.
Sendien kontsumoa, tinko
Dena den, datu horrek ez dio itzal egin barne eskariaren joera orokorrari. Lehengo lepotik burua, sendien kontsumoak tinko segitzen du, eta %3,4 handitu da, iaz epe bereko datuarekin alderatuta —aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, %2,8—.
Ekonomia orokorraren batezbestekotik behera badago ere, administrazio publikoen gastua %1,5 handitu da udaberriko hilabeteetan —aurreko hiru hilabeteetako datua baino zortzi hamarren gutxiago, hori bai—. Sektoreen inbertsioa islatzen duen kapital finkoko eraketa gordinak, berriz, behera egin du, industriak bultzatuta. Eraikuntzan, berriz, inbertsioek %2,2 egin dute gora.
Argazki makroekonomiko hori errentetara eramanez gero, hala soldatapekoen nola enpresaburuen eta autonomoen errentak antzera dabiltza, Nastaten arabera: lehenengoei, batez beste, %5,3 handitu zaie errenta urtebetean, eta bigarrengoei, %4,6.
Joera orokor on horrek lagundurik, enpleguak ere datu positiboak ditu. Oro har, urtebetean 5.318 lanpostu gehiago sortu dira Nafarroan;Â iazko epe bereko datuekin alderatuta, %1,9 gehiago, alegia.
Lan munduan ere nabaritu da sektore bakoitzaren bilakaera, ñabardurak izan badira ere. Zerbitzuetan 4.141 enplegu sortu dira. Industriak lanpostuak sortzen jarraitzen du —zehazki, 135—, moteltzen ari bada ere. Dena den, bigarren hiruhilekoan lanpostuek %2,8 egin zuten behera urte hasierarekin alderatuta. Ikusi beharko da hurrengo hilabeteetako joera nolakoa den, sasoiko arrazoiek eragina izan ohi baitute bigarren hiruhilekoan.
JAURLARITZAKÂ IGO EGINGO DITU 2026rako aurreikuspenak
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iragarri du igo egingo dituztela 2026. urterako aurreikuspen makroekonomikoak. «Duela aste batzuk egindako kalkuluak baino hobeak izango dira». Azken datu ofizialen arabera, EAEko ekonomia %1,8 handitzea espero zuen Jaurlaritzak, baina oraingoz ez du zehaztu zenbat igoko duen helburua. Lehendakariak ohartarazi du udazkenean «hodei beltzak» areagotuko direla, baina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresak egoerari eusten ari zaizkiola uste du.