Euskal Herrira begira jarri nahi dute haize errota

Asteasuko Siemens Gamesan urriaren 19an ekin zioten greba mugagabeari, ELAk eta LABek deituta. Hitzarmen propio bat eskatzen diote enpresari, hark itun bakarrean bildu nahi baititu Espainian eta Euskal Herrian dituen langileen baldintzak.

Asteasuko Siemens Gamesako langileen elkarretaratzea, joan den astean, konpainiak Zamudion duen egoitzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Asteasuko Siemens Gamesako langileen elkarretaratzea, joan den astean, konpainiak Zamudion duen egoitzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Eneko Imaz Galparsoro
Asteasu
2026ko azaroaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Madrildik datorren haizea baino epelagoa da Asteasutik (Gipuzkoa) datorrena. Bertako industrialdean, goizaldean giro bera da duela zenbait egunetatik: 50-60 langile biltzen dira Siemens Gamesaren lantegiaren aurrean, greba mugagabean daudela adierazten duen pankartari helduta. Bertako langileek urriaren 19an ekin zioten lanuzte mugagabeari, eta, geroztik, goizero egiten dituzte elkarretaratzeak lantegiaren aurrean, 07:30etik 09:30era, enpresari exijitzeko euren lan baldintzak Euskal Herrian negozia daitezela.

Izan ere, hitzarmen propioa izatea da langile horien eskaera nagusia: halako ituna dute gaur egun Asteasun, baina iraungi egin zen duela urtebete, eta hura berritzeko izandako bileretan, Alemaniako multinazionalaren zuzendaritzak adierazi die hitzarmen bakarra ezarri nahi duela Espainiako lantegietan, Gipuzkoakoan eta Euskal Herriko gainontzekoetan ere. «Azken urteetan kostata lortu dugun hori desagertzeko arriskuan dago», adierazi du Eneko Sorarrain fabrikako langile eta LABeko ordezkariak —sindikatu horretako bederatzi kidek osatzen dute enpresa batzordea—.

Sorarrainen esanetan, orain arte hitzarmena berritzeko sei bilera izan dituzte zuzendaritzarekin. Ekainean, ordea, negoziazioak eten egin ziren, enpresak eginiko azken proposamena itun propioak urte amaierara arte irautea baitzen, eta 2027tik aurrera Espainiako eta Euskal Herriko langile guztien lan baldintzak berdinduko lituzkeen hitzarmena ezartzea. «Onartezina da, eta horren aurka mobilizatzeko beharra ikusten dugu», azaldu du Sorarrainek.

Zuzendaritzaren proposamenari uko eginda, Asteasuko lantegiko beharginek ontzat jo zuten greba mugagabeari ekitea: urriaren hasieran eginiko bozketan, 108 langilek lanuztearen alde bozkatu zuten, eta hemezortzik aurka. «Erabateko» konpromisoa dutela azpimarratu du LABeko ordezkariak, eta horren adierazletzat jo du egunero lantegiaren aurrean elkarretaratzeak egitea: «Borrokarako gogotsu gaude».

Asteasuko Siemens Gamesako langileek eginiko elkarretaratzeetako bat, plantaren aurrean. BERRIA greba mugagabean
Asteasuko Siemens Gamesako langileek eginiko elkarretaratzeetako bat, lantegiaren aurrean. BERRIA

Madrilen esku

«Hemengo eskaeren inguruan ez litzateke hemen erabakiko, Madrilen baizik». Horixe du kezka nagusia Sorarrainek, Gipuzkoako lantegiko langileei Espainiako hitzarmena ezartzearen arriskuez galdetuta erantzun duenez. Haren esanetan, haien beharrak eta errealitatea «bigarren edo hirugarren mailan» geratuko lirateke, Asteasuko lantegiak pisu txikia baitu Siemens Gamesarentzat —guztira 180 langile biltzen ditu—: Alemaniako multinazionalak 2.800 langile ditu Euskal Herrian, bost lantegitan banatuta: handiena Zamudiokoa da. Beste bat du Bizkaian, Mungian, eta bi Nafarroan: Sarrigurenen bat eta Aratzurin bestea.

«Hemengo eskaeren inguruan ez litzateke hemen erabakiko, Madrilen baizik. Bigarren edo hirugarren mailan geratuko lirateke»

ENEKO SORARRAIN LABeko ordezkaria

Carlos Martinezek ELAren izenean parte hartzen du Asteasuko lantegiko enpresa batzordean: hartan ordezkaritzarik izan ez arren, sindikatuak langileen artean %15etik gorako ordezkaritza duenez, batzordearen bileretan parte hartzen du, boto eskubiderik gabe. «CCOOk eta UGTk ez dute gure errealitatearen berri, eta gure etorkizuna haiek erabakiko lukete», gaitzetsi du Martinezek. Izan ere, Siemens Gamesak Espainian dituen lantegi gehienetan UGTk eta CCOOk dute ordezkari gehien, eta bi horiek eta ELAk Espainiako eta Euskal Herriko langile guztien lan baldintzak berdintzeko akordioa negoziatzeko mahaia osatzen dute. 

Hiru sindikatuek osatutako mahai hori hiru aldiz bildu da zuzendaritzarekin urrian, Zamudioko lantegian. Hain zuzen, beste hiru bilera ere izan zituzten irailean, baina Sarrigurengo egoitzan; eta hiru aldiz bilduko dira azaroan ere, Siemens Gamesak Madrilen duen fabrikan. ELAko ordezkariaren arabera, duela bizpahiru urte CCOOk ipini zuen mahai gainean hitzarmen bateratua adostea: «Gehiengo sindikala galtzen ari da, eta berreskuratu egin nahi du, besteoi agintzeko».

Asteasun abiatutako greba mugagabea Euskal Herriko gainontzeko lantegietara hedatuko den galdetuta, Martinezek dio lantegi bakoitzak erabaki behar duela zuzendaritzak proposatzen duen itun bateratua onartu ala ez. «Gure kezka nagusia da behin ituna ezarrita zer aldaketa egiteko gai izango diren. Ez gara fio».

Zuzendaritzak Espainiako eta Euskal Herriko lantegietako langileei ezarri nahi dien hitzarmena bi zatitan banatuta dago: lehenak behargin guztiei ezarriko zaizkien baldintzak biltzen ditu; bigarrenean, berriz, lantegi bakoitzari ezarriko zaizkienak daude. Lehen zatian bilduta dago Asteasuko langileak gehien kezkatzen dituen baldintza: soldata. «Nahi dugu itun horretako lan baldintzak ahalik eta egokienak izatea gure lankideentzat». Izan ere, hala izango direla aurreikusten du, ahalik eta lantegi gehien batu daitezen hitzarmenera.

Ziurgabetasuna

Itsasoko eta lurreko haize errotak fabrikatzen ditu Siemens Gamesak, eta, urte zailak igaro dituenez gero, galera handiak pilatu ditu: ekoizten zituzten 4.X eta 5.X plataformetako turbinek hutsegite tekniko larriak izan zituzten, eta enpresak merkatutik kendu eta ekoizpena eten behar izan zuen. 2019az geroztik, 10.000 milioi euro baino gehiagoren galerak pilatu ditu, horietatik 4.500 milioi euro inguru 2023an bakarrik.

Arazo larriak izan zituzten turbina horiek konpondu, eta berriro merkaturatu ditu berriki. Horrez gain, SG 7.0 turbina berria merkaturatzen ere hasi da; hain zuzen, turbina horren osagaiak ekoizten dituzte Asteasuko lantegian. Horrek eragina izan du Siemens Gamesaren azken hilabeteetako jardueran eta irabazietan: 2026ko hirugarren hiruhilekoan —apiriletik ekainera— 56 milioi euro irabazi zituen, eta, 2022tik lehen aldiz, hiruhileko bat irabaziekin itxi. Aurten kontuak orekatzeko helburua jarria dauka Alemaniako multinazionalak.

Enpresaren egoera irauli bada ere, Gipuzkoako fabrikako langileen artean «ziurgabetasuna» da nagusi, Sorarrainen hitzetan: «Enpresak ez digu informazio argirik ematen, eta ez dakigu zer gertatuko den hurrengo urteetan». LABeko ordezkariak gogoratu du Asteasuko lantegiko beharginek ia bi urte daramatzatela aldi baterako enplegu erregulazioan.

«Gure kezka nagusia da behin ituna ezarrita zer aldaketa egiteko gai izango diren. Ez gara fio»

CARLOS MARTINEZELAko ordezkaria

«Ziurgabetasun etengabean bizi gara», nabarmendu du. Sorarrainek adierazi duenez, belaunaldi berriko turbinen merkaturatzea dela-eta salmenta ugari egiten ari badira ere, geroz eta zurrumurru gehiago entzuten ari direla zera iradokitzen dutenak: Siemens Gamesak saldu dituen produktu horiek Txinan ekoiztuko dituztela erabat. Beraz, kezka hori Espainiako hitzarmen berriarenari gehituta, etorkizun ziurgabea izango dutelakoan daude Asteasun.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA