Itzultzailea

Garazi Goldarazena: «Mattickek argi dio kapitalismotik banaezina dela gerra»

Paul Mattick pentsalari marxistaren bi idatzi euskaratu ditu Katakrak argitaletxeak. Goldarazenak uste du egungo arazoak aztertzeko tresna egokia dela.

Garazi Goldarazena, Iruñean, Katakrak liburudendan. IÑIGO URIZ / FOKU
Garazi Goldarazena, Iruñean, Katakrak liburudendan. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2025eko abuztuaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paul Mattick pentsalari marxista eta militante komunista 1980ko hamarkadaren hasieran hil zen, baina haren analisiek gaurkortasun handia duelakoan, Katakrak argitaletxeak bi testu euskaratu dizkio: Marx eta Keynes (1955) eta Ekonomia mistoaren krisia (1974). Bi idatzietan, ikuspegi marxista batetik aztertzen ditu ekonomia eta krisiak, eta, hari loturik, kritika egiten dio John Maynard Keynesen pentsamendu ekonomikoari. 

Garazi Goldarazena itzultzaileak (Berriozar, Nafarroa, 2002) euskaratu ditu bi testuak. Bere lehen lana izanik, onartu du ez zaiola erraza izan. Donostiako Liburutegi Nagusian aurkeztu zuten, ekainean, eta beste hiru aurkezpen egingo dituzte irailetik aurrera: irailaren 17an, Hernaniko Kontrakantxa gaztetxean, 18:30ean; irailaren 24an, Bilboko Zirika gunean, 19:00etan; urriaren 1ean, Iruñeko Karrikiri dendan, 19:30ean.

Erronka bat izan al da? 

Bai, erronka handia izan da, batez ere autorearen, edukiaren eta generoaren aldetik. Literatur genero bakoitzak ditu bere zailtasunak, baina niri zail egin zait saiakera, iruditzen zaidalako Matticken hizkera oso teknikoa dela, baina baita oso lehorra eta soila ere. Esaldi batzuk euskarara ekartzeko ikusten nuen zailtasuna; sintaxia zegoen, alde batetik, baina kontzeptuak batez ere.

Aurkezpenean aipatu zenez, politika ekonomikoko euskarazko testuen korpusak hutsune handi bat du. Zer ekarpen egingo du testu honek?

Ekarpen xume bat egitea da helburua. Katakrakek autore marxistak ekarri ditu euskarara, baina ez dago euskal liburugintzan horrelako testurik euskaratuta, eta hortik dator hutsunea. 

Beste erdaretara itzulita ez egotea bada beste ekarpen bat?

Euskarak zail du lehiatzea. Literaturan ere, askotan gertatzen da: obra bat euskarara ekarrita edo batera argitaratuta ere, euskaldun askok ez dugu ohiturarik euskaraz irakurtzeko. Apustua izan zen gaztelaniak eta frantsesak ez duten testu bat ekartzea, baita saiatzea ere ohitura hori sortzen. Euskal Herrian oso presente daude eztabaida horiek, baina euskaraz egin daitezen baliabideak behar ditugu. Bestela, oso zaila da eztabaida euskaraz egitea; edo euskaraz egin bai, baina terminoa gazteleraz erabiltzen da. Ezina sortzen da, eta pisutsua izan daiteke. Horri buelta emateko ekarpen bat izan daiteke.

Gaur egungo arazoei buruz ari da Mattick? Profetikoa da?

Esanen nuke baietz. Gaurkotasuneko testuak dira. Ekonomiaz dihardu, bai, baina ez horretaz bakarrik. Ekonomiak zenbat gauza uki ditzakeen eta zenbatetan duen ondorio. Gerra agertzen da, krisia, langile mugimendua... Iruditzen zait gaur egungo testuinguruan badugula zer ikasia garai hartako testuingurutik. Testua ulergarria da. Autorea ezagutzeko eta haren obrara gerturatzeko balio du.

«Bere burua militante komunistatzat zeukan, eta gauzak aldatu nahi izate horretatik egin zuen azterketa. Horrek badu indarra»

Mattickek 1926an alde egin zuen Alemaniatik, eta AEBetara iritsi zen azkenean. Bertatik bertara bizi izan zuen Depresio Handia. Zer irakaspen atera zituen?

Ez dut uste kasualitatea denik bi mundu gerren artean garai hartako krisia ikertzeko gogoa eduki izana, bere larruan bizi izan baitzituen krisiaren, gerraren eta gatazken ondorioak. Edonorengan horrek oso inpresio handia sor dezake, eta batez ere hori ulertu nahi izan zuen: nondik datorren hori, zergatik gertatzen den. Mattickek bizitza osoan idatzi zuen proiektu bati eta mugimendu bati loturik. Bere burua militante komunistatzat zeukan, eta uste dut gauzak aldatu nahi izate horretatik egin zuela azterketa. Horrek badu indarra.

Zer desberdintasun nagusi ikusten ditu Mattickek Marxen eta Keynesen artean?

Garai hartan, Keynesen teoriak garrantzi handia hartu zuen, eta, Keynes goratzen ari zen testuinguruan, Mattickek Marxen teoriaren defentsa egin zuen. Keynesen asmoa sistema kapitalista erreformatzea zen, depresiorako joera horiek mugatzeko. Mattickek argi eta garbi esaten du keynesiasmoa marxismoarekiko aurkakotasun hertsian dagoela, batez ere marxismoaren helburua ez delako gizartearen erreforma. Sistema kapitalista mantentzeko sortu zen keynesianismoa. Marxen asmoa, aldiz, sistema bera abolitzea zen. 

Zer muga ikusten zizkion Keynesi?

Gaur egun, Keynes ekonomia berriz hauspotu zuen figura inportantetzat hartzen dute. Mattickek esaten du ez duela azpimarratzen kapitalaren berezko kontraesana. Eskaintzaz eta eskariaz hitz egiten du, eta jardun ekonomikoaz, kategoria psikologiko batzuei lotuta: gizabanako batek zer gogo izan dezakeen diru sarrera handiagoak izanda inbertitzeko, eta zer pizgarri sortu jendeak kontsumitu dezan. Mattickek dio hori ez dela erroa, eta Marxen teoria ekartzen du hori interpretatzeko.

«Keynes figura inportantetzat hartzen dute, baina, Matticken arabera, ez du azpimarratzen kapitalaren kontraesana»

Gaurko arazoei erantzuteko, zer ondorio iruditu zaizkizu interesgarriak?

Nire ustez, testuak badu gaurkotasuna. Interesgarria iruditu zait gerraren auzia. Sistema kapitalistak erroan du irabaziak metatzeko nahia. Alde horretatik, Mattickek dio sistema kapitalistatik banaezina dela gerra, sistema kapitalistak berak behar duelako halako batzuetan gerrara jo irabazi tasa gorakorra mantentzeko. Iraungo badu, ezinbestekoa du garai batzuetan, kapital metaketa hori bermatzeko. Oso esanguratsua eta interesgarria iruditzen zait. Bestela, badirudi estatuen kudeaketa desberdina balitz eta agintea bestelako jendeak hartuko balu agian ez genukeela gerrarik izanen. Gerraren karikatura egiten da sarri, eta askotan badirudi ez dakit zer agintari erotu delako jo duela gerrara. Matticken analisitik ondoriozta daiteke logika ekonomikoak gerra behar duela sistemak iraungo badu.

Beste zer ondorio aipatuko zenuke?

Aipatzen du krisia langile klasearen kontura gainditzen dela. Ez du esaten esateagatik. Komunista zenez, kontzientzia hori piztu nahian esaten du. Gaur egungo testuinguruan, horrek badu zeresanik faxismoaren gorakadan-eta. Krisiaz, gerraz eta gizartearen gatazkaz irakurketa oso sinplistak egiten dira gazteon artean, eta errudunen bila ibili. Errua migratzaileena dela, adibidez. Oso arriskutsua da horrelako mezuak zabaltzea, eta krisiaren irakurketa sakon, serio eta erreal bat egin behar da ikusteko eta horrelako joera erreakzionarioei aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.