Asteartean bilera egin zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Elkarrizketa Sozialaren Mahaia osatzen duten eragileek —hots, Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, eta UGT eta CCOO sindikatuek—, eta han hitz egindakoak kezka sortu du ELA eta LAB sindikatuetan: parte hartze instituzionalari buruzko lege bat egiteko asmoa azaldu zuten, eta Mikel Torres Lan eta Enplegu sailburuak iragarri zuen «ondorioak» izango zirela mahaian parte hartzen ez duten sindikatuentzat.
Adierazpen horiek eta elkarrizketa sozialaren eredua instituzionalizatzeko asmoa «eraso antidemokratikotzat» jo dituzte ELAk eta LABek, eta bi sindikatuak batera agertu dira Bilbon, «mehatxuak eta jarrera autoritarioak» salatzeko. LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburuk esan du Elkarrizketa Sozialaren Mahaiko bileran ez zutela hartu prekaritatea eta pobrezia amaitzeko neurri eraginkorrik, eta erabaki bakarra izan zela «patronalaren eta Jaurlaritzaren interesetara makurtzen ez den sindikalismoa baztertzeko ahalegina».
Aranburuk gogorarazi du ELAk eta LABek langileen ordezkaritzaren %60 baino gehiago dutela, eta mahaian parte hartzen duten sindikatuek, berriz, %28 baino ez. Confebaski dagokionez, Aranburuk adierazi du haren ordezkariak ez direla hauteskundeetara aurkezten eta inork ez dituela aukeratzen: «Hala ere, enpresaburuak ordezkatu eta negoziatzeko zeregina ematen diete, baina zeregin horri uko egiten diote», erantsi du, gogoratu ostean Confebaskek uko egin diola ELArekin eta LABekin esertzeari gutxieneko soldataren auziaz eztabaidatzeko.
«Patronalaren jarrera zuritzea» eta hura «saritzea» leporatu dio Aranburuk Jaurlaritzari. Eta erantsi du Jaurlaritza bera ere jokabide antidemokratikoen erakusle badela: «Herri ekinaldi legegile bi eztabaidatzeari uko egin diote». Elkarrizketa sozialaren egungo eredua blindatzeko lege bat egiteko asmoaz, berriz, aitortu du ez dietela horri buruzko informaziorik helarazi, baina susmoa dute helburua izango dela Confebask, UGT eta CCOOrentzako diru laguntzak handitu eta mahaian parte hartzen ez duten sindikatuei murriztea: «Lehendakari zenean, Urkullu bera ere ez zen horretara ausartu».
UGTren eta CCOOren jarrera «tamalgarritzat» jo du Aranburuk: «Euren burua merke saltzen dute. Prest daude Jaurlaritzaren eta patronalaren interesen menpe jartzeko, argazki batean agertzearen eta finantzaketaren truke».
«Jauzi autoritarioa»
Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusiak «jauzi autoritariotzat» jo ditu Jaurlaritzaren asmoak. Azaldu duenez, Elkarrizketa Sozialaren Mahaia herren dago gehiengoak errespetatzen ez dituelako eta «edukirik ez duen esparru hutsala» delako: «Bitxia bada ere, badirudi mahai horretan hartuko duten erabaki nagusia izango dela ELA eta LAB zigortzea».
Lakuntzaren iritziz, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren eginkizunak hiru dira: «propaganda» egitea, arreta desbideratu eta langileen egoera hobetzeko ardura dutenen erantzukizuna ezkutatzeko; mahaian parte hartzen dutenen finantzaketa handitzea; eta klase sindikalismoa «neutralizatzea», gizartean «bake soziala« dagoelako irudia hedatzeko xedez.
Esan duenez, horrelako asmoak ez dira berriak, eta gogorarazi du 2014an, Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu zelarik, Confebaskek proposamen bat egin zuela ELA eta LAB legez kanpo uzteko, «aldarrikapen politikoak» egiten zituztelakoan: «Argi dago makurtzen ez den sindikalismoa baztertzeko asmoa dagoela».
ELAk eta LABek uste dute asmo horiek direla Jaurlaritzak eta Confebaskek gutxieneko soldataren aldeko greba orokorrari ematen dioten erantzuna: «Batetik, edukirik ez duen mahai hutsal bat proposatzen dute; eta, bestetik, ELA eta LAB zigortu eta negoziatzeari uko egiten dion patronala diruz saritu nahi dute», adierazi du Lakuntzak.
Bi sindikatuek eskaera zehatza egin diote Jaurlaritzari: «mehatxuak eta jarrera autoritarioak» bazter ditzala. «Alderdi politiko batzuek ez dute horretaz jabetu nahi, baina langileek botoa ematen dute hauteskunde sindikaletan, eta langileen hitza errespetatu egin behar da», azaldu du Lakuntzak. «Esparru politikoan antzeko zerbait gertatuko balitz, sekulako eskandalua litzateke. Guk horixe baino ez dugu eskatzen: errespeta dezatela langileek aukeraturiko ordezkaritza sindikala».