Muga meateagia egiten saiatzeko finantzaketa lortu du Geoalcalik

Hiru inbertsio funts 5,6 milioi euro jartzeko prest agertu dira Zangozako potasa meategiaren proiektuak aurrera egin dezan. Duela hamalu urte abiatu zen proiektua, baina epaitegien eta administrazioaren baimenak falta ditu oraindik.

Muga meatokiak izango lukeen itxuraren irudi bat. GEOALCALI
Muga meatokiak izango lukeen itxuraren irudi bat. GEOALCALI
Iker Aranburu.
2025eko urriaren 14a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Muga meategiaren bultzatzaileek ez dute amore eman nahi. Abuztuan, Txinako Qinghai taldeak atzera egin zuen, eta iragarri zuen ez zuela parte hartuko Nafarroa eta Aragoi artean Geoalcali enpresak egin nahi duen potasa meategiaren proiektuan. Baina Geoalcaliren atzean dagoen konpainiak, Australiako Highfield Resources Limitedek, gaur jakinarazi du hamar milioi dolar australiar (5,6 milioi euro) eskuratu dituela meategia finantzatzeko.

Geoalcalik agiri baten bidez azaldu duenez, hiru talde prest daude Muga meategian parte hartzeko: 2,8 milioi euro jarriko lituzke Tectonicek, 1,1 milioi EMR Capital Managementek —Australiako inbertsio funtsak dira biak—, eta 1,7 milioi beste inbertsore batek —ez du eman haren izena, baina jakinarazi du enpresaren kapitalean parte hartzen ari dela—.

Geoalcalik espero du diru horri esker lortu ahal izango dituela Muga meategia eraikitzen hasteko falta zaizkion administrazio baimenak, eta «bazkide estrategikoekin» berriro negoziatu ahal izango duela proiektuan parte har dezaten.

Duela hamalau urte abiatutako proiektua izanagatik, 2023az geroztik ez aurrera ez atzera dago Muga meategiaren proiektua. Epaileek baliogabetu egin zuten Nafarroako Gobernuak emandako ustiapen baimen bat, eta oraindik ez da iritsi meategiak ingurumenean eragingo dituen kalteei buruz Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak egindako txostena. Administrazioaren oztopoak ikusita, Txinako Qinghai enpresak atzera egin zuen. Haren asmoa zen 150 milioi euro inbertitzea, ez soilik Mugan, baizik baita Highfield Resourcesen beste proiektu batzuetan ere.  

Gauzak gehiago nahasteko, Cerdan auziaren ernamuinean dago Muga meategia. Guardia Zibilaren ikerketak dioenez, Servinabar enpresaren, Accionaren, Koldo Garciaren eta Santos Cerdanen arteko harremana Muga meatokia sustatzeko orduan sortu zen. 2014 amaieran, meategia eraikitzeko kontratua eman zien Accionari eta Servinabarri. Lan horretan Cerdan eta Garcia bitartekari izan zirela ageri da Pedro Rodriguez Geoalcaliko orduko gerenteak idatziriko mezu elektroniko batean.

«Proiektu estrategikoa»

Zangozako lurrak hartuko lituzkeen proiektuaz gain, Geoalcalik beste bi egitasmo nagusi ditu esku artean potasa ustiatzeko. Bata Nafarroan bertan dago, Undioko kontzejuan, Erreniega mendiaren inguruan. Bestea Nafarroatik oso gertu dago, Pintanosen (Aragoi, Espainia), hura ere Esa urtegiaren hegoaldean. Hain zuzen ere, urtegi horren ondoan meategiak egin nahi izatea gogor salatu dute talde ekologistek. 

Potasa ezinbesteko osagaia da gaur egun zerealen produkzio intentsiboan erabiltzen den ongarrirako, eta Carles Aleman Geoalcaliko buruak gogorarazi du gaur egun potasaren zati handi bat Errusiatik eta Bielorrusiatik inportatu behar duela Europako Batasunak. Horregatik, Alemanek ziurtatu du Muga meategiarena proiektu estrategikoa dela, «konpainiarentzat ez ezik, baita Europarentzat ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.