Mutualitateek langileen gaixotasun arruntak artatu ahal izatea eragotzi nahi dute hainbat sindikatuk

Salatu dute Nafarroako Gobernuak dagoeneko erabakia duela mutualitateei botere hori ematea eta Eusko Jaurlaritzak oraindik ez duela erabat baztertu. ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT eta USO sindikatuak eta OPA herri plataforma dira bultzatzaileak.

'Mutuak Stop' kanpainaren aurkezpena. MARISOL RAMIREZ / FOKU
'Mutuak Stop' kanpainaren aurkezpena. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2025eko urriaren 20a
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mutualitateei «izugarrizko boterea» emango liekeen erabaki bat eragozteko kanpaina hasiko dute ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT eta USO sindikatuek. Mutualitateek langileen gaixotasun arruntak artatu ahal izatea eta osasun publikoarenak beharko luketen jarduerak haien esku uztea eragotzi nahi dute. Haien eskarian, Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformekin bat egin dute, aukera horren atzean osasuna pribatizatzen jarraitzeko arriskua ikusten baitute. Gainera, argi dute kanpaina ezinbestekoa dela; diotenez, Nafarroako Gobernuak dagoeneko onartu du mutualitateekin lankidetza akordioak sinatzea eta horrenbestez ahalmen hori aitortzea.

Sindikatu horien beldurraren hazia 2023an erein zen, UGT eta CCOO sindikatuek eta CEOE eta Cepyme Espainiako enpresari elkarteek adostu zutenean mutualitateek hainbat gaixotasun arrunt artatzeko aukera ikertzea. Harrezkero, «lankidetza akordio» hori Katalunian, Balearretan, Asturiasen eta Ceutan eta Melillan garatu da. Lurralde horietan dagoeneko aukera hori erabil daiteke gaitz traumatologiko batzuen tratamenduan.

Sindikatu deitzaileek Hego Euskal Herrira hedatu dadin eragotzi nahi dute, eta horretarako kanpaina zabaldu nahi dute. Sinetsita daude Nafarroako Gobernuak aukera «garatzeko asmoa» duela, eta horregatik eraman duela Elkarrizketa Sozialeko Mahaira. Bertan, gobernua CCOO eta UGT sindikatuekin eta CEN enpresarien elkartearekin biltzen da; sindikatuen arabera «akordioa» lortuta dago, eta «aurrera eramateko» asmoa du.

Nafarroako Gobernua akordioa «aurrera eramateko» prest dagoela salatu dute sindikatuek. Besteak beste, Katalunian dagoeneko indarrean dago sistema hori

Eusko Jaurlaritzako egoera bestelakoa dela azaldu dute Mutuak Stop kanpainaren berri emateko eginiko agerraldian —LAB ez da agertu, baina arratsaldean gehitu zaie plataformako beste sindikatuei—. Oraindik garatzeke dagoela nabarmendu dute. Azken hilabeteetan haien eskaera azaldu diete Eusko Legebiltzarreko hainbat alderdiri, eta EAJrekin, EH Bildurekin eta Sumarrekin bildu direla argitu dute; ez ordea PSE-EErekin, eta hark du Lan eta Enplegu Saila. Haren jarrerak areagotu egin du sindikatu deitzaileen «susmoa», salatu dutenez, Jaurlaritzak ez baitu irmoki baieztatu ez duela bide bera jorratuko.

Absentismoaren auzia eta hura haizatzearen motibazioen eztabaida puri-purian dagoen honetan, enpresari elkarteek mutualitateen eragin ahalmena areagotzea eskatu izan dute, batez ere sendagiriak emateko prozesuan. Leire Heredia ELAko ordezkariak salatu du mutualitateak enpresari elkarteak direla eta «oso kaltegarriak» izan daitezkeela langileentzat, besteak beste, enpresa irizpideak lehenesten dituztelako eta haien helburua langileak lanera «ahalik eta arinen» itzultzea delako.

Sei kalte nabarmen

Akordioaren eragina laburbiltzeko asmotan, sindikatuek sei kalte nabarmendu dituzte. Lehenbizi, mutualitateek «presio mekanismo gehiago» izango lituzkete, bereziki gaitz traumatologikoetan. Bestetik, mutualitateek «erraztasun handiagoa» izango lukete lan gaixotasun izan beharko liratekeen hainbat gaitz ezkutuan mantentzeko. Hirugarren arrazoia zera da, osasun pribatura bideraturiko proba kopurua handitzeko arriskua, eta, horrenbestez, Gizarte Segurantza osasun pribatuaren «finantzatzaile eta bultzatzaile» bihurtuko litzateke.

Beste hiru arrazoiak hauek dira: akordioak laneratze goiztiarra lehenetsiko lukeela, hitzarmenak ez duela bermatzen mutualitateek gerora langilearen historia klinikoa eskura izatea, eta osasun arreta pribatizatzeak desoreka sozialak areagotzen dituela.

Mutuak Stop kanpainaren bidez, Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko alderdi politikoak interpelatu nahi dituzte. Akordioari buruzkoak ganberetara eramateko eskatuko diete, eta legez besteko proposamenak onartzeko. Enpresetan, berriz, mutualitateen aurkako mozioak aurkeztuko dituzte, baita haien aurrean protestak egin ere. Haien erantzunaren, pausoen eta erabakien ondoren aztertuko dituzte hurrengo urratsak, «osasun publikoa ezin baita ahuldu langileen bizkar».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.