Nafarroako ekonomiak hazkunde erritmoari eutsi dio uztailetik irailera

Urte hasieratik hona erritmo berean handitu da jarduera ekonomikoa. Aldiz, iazko epe bereko datuarekin alderatuta, BPGa %2,1 handitu da, bigarren hiruhilekoan baino bi hamarren gutxiago. Industriaren jarduerak indarra galdu du, baita esportazioek ere.

(ID_14027306) ESPAÑA VOLKSWAGEN NAVARRA
Nafarroako Volkswagenen fabrika. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2025eko urriaren 29a
12:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uztailetik irailera bitartean aurreko hiruhilekoko joera bera izan dela berretsi du Nastat estatistika erakundeak. Aurreratutako datuaren arabera, hirugarren hiruhilekoan %0,5 handitu da jarduera; urte osoko erritmo berean, alegia. Alta, urte arteko datuan moteltze ekonomikoa islatu da, bi hamarren jaitsi baita bigarren hiruhilekoarekin alderatuta: zehazki, %2,1 handitu da jarduera ekonomikoa urtebetean. «Nafarroako ekonomia erritmo onean hazten ari da, batik bat Europako ekonomia nagusiekin alderatuta», azpimarratu du Jose Luis Arasti Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, gobernu kontseilu osteko agerraldian.

Nastatek argitaratutako datuok aurrerapen bat dira, eta abenduaren 23an emango du behin betiko emaitza. Aurreko astean gauza bera egin zuen Eustatek, eta antzeko panorama marraztu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EAEko ekonomiak urte arteko hazkunde tasari eutsi dio urte hasieratik —%2,2—; aldiz, hiruhilekotik hiruhilekora moteltzen ari da jarduera —%0,4 uztailetik irailera—. 

Aurreko hilabeteetan bezala, Nastatek berretsi du industriak dinamismoa galdu duela. Nahiz eta horren gaineko daturik ez duen eman, abuztuko industria produkzioak beherakada handia islatu zuen. Izan ere, aurreko urteko datuarekin alderatuta, Nafarroako industriaren ekoizpena %6,2 jaitsi da, eta urte hasieratik, %2,3. Gainera, gaur sektoreko enpresen konfiantza neurtzen duen adierazlea ere kaleratu du, eta hartan ikusten da gutxienez konfiantzak ez duela okerrera egin: enpresa handiak bai, ezkorrago ageri dira, eta ertainak, baikorrago. Konpainia txikien pertzepzioa ez zen aldatu irailean.

Esportazioak apaldu dira

Eskariari begira eta industriaren bilakaeraren ildo berean, kanpo merkataritzak ere zantzu kaskarrak ageri ditu, Nastaten arabera. Hirugarren hiruhilekoko daturik ez du eman, baina abuztura arte, %6,1 egin dute behera esportazioek. Donald Trump Etxe Zurira ailegatu denetik, nazioarteko harremanetako giroak okerrera egin du, eta atzerriko salerosketen emaitzek hori erakutsi dute. Are, inportazioei dagokienez, jaitsiera handiagoa izan da, %10 egin baitute behera urtarriletik abuztura bitartean.

Dena den, joera horietan Nafarroako Volkswageneko fabrikaren obrek ere izan dute eragina. Izan ere, ibilgailu elektrikora egokitzeko lanetan murgilduta daude lantokian, eta aurten 230.000 auto inguru ekoitziko dira. Horren ondorioz, lau hilabetez fabrika itxita egongo da, eta txandak ere mugatu egin dira. Horrek eragina izan du industriaren produkzioan eta esportazioetan.

Aldiz, barne ekonomiaren adierazleak sendo daude. Izan ere, sektoreei dagokienez, ekonomiaren batezbestekoa baino azkarrago hazten ari dira zerbitzuetako enpresak, eta barne kontsumoak jarduera hauspotzen du, batik bat sendienak. Arastiren arabera, «enplegua sortzen ari da, batik bat langile migratzaileen ekarpenari esker». Egun, %7,29ko langabezia tasa dago.

Hala, Nafarroako Gobernuak espero du urtea %2ko hazkunde tasarekin amaitzea. 

Zerga neurriek 135 miilioi euroko kostua izango dute

Nafarroako Gobernuak datorren ostiralerako 2026ko foru lege proiektua onartu behar du eta Nafarroako Parlamentura bidali. Zerga neurrien inguruko proposamena, berriz, datorren astean onartuko da. Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak adierazi du «beranduenez» azaroaren 7rako onartuko dela lege aurreproiektua. Gobernua babesten duten taldeek eta EH Bilduk proposamenaren edukia negoziatzen jarraitzen dute. Errenta zergan aldaketak ezarriko dira, eta, ondorioz, ogasunak 135 milioi euro gutxiago biltzea espero da, horietatik 114 milioi datorren urtean.
Gainera, multinazionalek eta 750 milioi eurotik gorako negozio datua duten taldeek gutxienez %15eko sozietate zerga ordain dezaten onartu du Nafarroako Gobernuak lege aurreproiektua. Europako Batasuneko zuzentarau bat betetzea da proposamenaren xedea. Arastiren arabera, ez dakite oraindik zenbat enpresari eragingo dien, «gai konplexua» delako eta taldeen egitura kontuan hartu behar delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.