Nafarroako Gobernua kutxekin elkartu da industria errotzeko eta sustatzeko

Sozietate bat eratu du Nafarroako Kutxa fundazioarekin eta Rural Kutxarekin batera. Haietako bakoitzak 15 milioi euro jarriko ditu.

(ID_17770381856965) Inbertsio erakundea
Jose Andres Gutierrez Nafarroako Kutxa fundazioko presidentea, Jose Luis Arasti Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria eta Ramon Goñi Rural Kutxako Harreman Instituzionaletako zuzendaria, gaur, Iruñean. J. M. GARZARON / NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
IRUÑEA
2026ko apirilaren 24a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste finantza erreminta bat izango du aurki Nafarroako Gobernuak. Nafarroako Kutxa fundazioarekin eta Rural Kutxarekin batera, partaidetza publiko-pribatuko sozietate bat eratuko du industria egitasmoak aurkezteko. Orotara, 45 milioi euroko kapitala izango du: haietako bakoitzak hamabost milioi euro jarriko ditu.

Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ez du baztertzen bazkide gehiago izatea. «Atea irekia du bidaide berriak izan ditzan», azaldu du. Nafarroako Inbertsio Institutuaren bidez sortuko du erakunde hori gobernuak, eta industria arloko proiektu estrategikoak bultzatuko ditu.

Arastik zehaztu du helburua izango dela deslokalizazioak eragoztea eta teknologikoki aukera handiko proiektuak bultzatzea. Inbertsio aukera bakoitza aztertuko duen aditu talde bat egongo da. Oraindik ez dute aurreratu nolakoa izango den erakunde horren erabaki organoa. Hiru bazkideek osatutako administrazio kontseilu bat egongo da, bai eta proiektuak aztertuko dituen aditu talde bat ere.

Sodenarekin talka

Baliteke sozietateak talka egitea Sodena arrisku kapitaleko sozietate publikoarekin. Hain justu, Sodenak egoera larrian diren enpresak laguntzen ditu, bai eta sektore estrategikoetako proiektuak bultzatzen ere. Arastik ez du uste gatazkarik egongo denik. Haren hitzetan, egitasmo honen alde bat pribatua da, eta Nafarroako industriaren beharretara egokituko da.

Luzarorako inbertsioak dituzte buruan. «Edozein proiektu aztertuko dugu», zehaztu du. Jada abian diren eta arazoak dituzten egitasmoak egon daitezke tartean, Arastiren esanetan. «Antzeman dugu tamaina ertaineko enpresa batzuek arazoak dituztela finantzatzeko arrisku kapitaleko merkatuetan edo bankuen maileguak lortzeko orduan». Gabezia hori arintzeko asmoa dutela gaineratu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA