Nafarroako Gobernuak 6.319 milioi izango ditu gasturako eta inbertsiorako

2026ko aurrekontu legearen aurreproiektua onartu du, eta, aurtengoaren aldean, gastu muga %5,5 handituko da. Osasuna da aurrekontu handiena duen departamentua (1.561 milioi euro), eta Industriakoa handitu da gehien (%20).

Volkswagenek inauguratu duen txapisteria tailerra. Industriaren aurrekontua %20 handituko da. VW
Volkswagenek inauguratu duen txapisteria tailerra. Industriaren aurrekontua %20 handituko da. VW
joxerra senar
2025eko urriaren 10a
18:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamargarren urtez, Nafarroak aurrekontuak izango ditu 2026an, ziurrenik. Jokaleku politikoan egonkortasuna apaldu ere, finantza publikoei begira, panorama ziurra izango du beste urtebetez gobernuak, EH Bildurekin aurrekontuaren puntu nagusiak negoziatu baititu. Gobernu kontseiluak arratsaldean onartu du foru legearen aurreproiektua. 6.741 milioi euroko aurrekontua izango da, eta, horri zorpetzerako atala kenduta, 6.319 milioi euro izango ditu gastu eta inbertsio publikorako.

Koadro makroekonomikoa lantzeko orduan zuhur jokatu duela nabarmendu du Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, prentsaurrekoan. Datorren urterako %1,8ko hazkunde ekonomikoa espero du, eta horren gain landu dute aurreproiektua. Espainiako Gobernuarekin %0,3ko defizita hitzartuta, gastu muga %5,5 handituko da, eta lehen aldiz 6.000 milioi eurotik gorakoa izango da. «Mugarri bat da. Inoiz ez da gainditu kopuru hori, eta horrek erakusten du lurralde honek zenbateko ahalmena duen bere beharrei eta erronkei erantzuteko», azpimarratu du Arastik.

Gastu soziala, %54,5

Datorren urteko aurrekontuan, ehun eurotik 54,5 euro arlo sozialean inbertituko dira; alegia, Osasun eta Hezkuntza departamentuetan eta Gizarte Eskubideen departamentuan. Hain zuzen ere, Osasuna da inbertitzeko diru atal handiena izango duen saila: 1.561 milioi euro. Inbertsioen atalean, Garesko, Orkoiengo eta Atarrabiako osasun etxeak eta Lizarrako Garcia Orkoien ospitaleko larrialdi zerbitzuak zaharberrituko dituzte, eta Erripagañan osasun etxea eraikiko dute, bertako bizilagunek zerbitzu falta salatu baitute. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan pediatriako larrialdi zentroa ere eraikiko da.

Ehunekoari erreparatuta, Industria izango da aurrekontua gehien handituko duen departamentua; %20, alegia. Arastik onartu du ekonomia moteltzen ari dela, batik bat industriak nazioartean duen egoera zailagatik. Sektoreak %31ko ekarpena egiten dio Nafarroako barne produktu gordinari, eta hura sendotzeko finantzaketa jaso du aurreproiektuak, bai sektore estrategikoetan —autogintza, energia berriztagarriak, elikagai industria— bai gorantz doazen sektore berrietan —biologia sintetikoa, elektronika eta eraikuntzaren industrializazioa—.

Ana Ollo presidenteordearen arloan bi atal nabarmentzen dira. Memorian, datorren urtean inauguratuko da Memoriaren Institutuaren egoitza berria, Nabarreriako Rozalejoren jauregian. Gainera, Ezkabako gotorleku militarra memoria gune bihurtzeko proiektua bultzatuko da. Euskaran, berriz, helduen alfabetatzean doakotasuna lortzeko urrats gehiago egingo dira.

932

Ekarpena zenbatekoa izango den. Datorren urtean, 932 milioi euro ordainduko dizkio Nafarroak Espainiako Estatuari, bere gain hartu gabeko eskumenen truke. Dena den, ez da behin betiko datua, bi aldeek negoziatzeko baitituzte 2025etik 2029ra arteko ekarpenaren nondik norakoak. 

Azpiegiturei dagokienez, aurrera jarraituko dute Belateko tunela zabaltzeko lanek, A-15 autobidearen Izurdiagako loturak, Irurita eta Elizondoko saihesbideak eta Burutaingo saihesbideak. Gainera, Landaben eta Arazuri-Orkoiengo industrialdeak lotzeko trenbidea egiteko lanak hasiko dira.

Nafarroako Gobernuko hiru bazkideak (PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa) gutxiengoan daude, eta, aurreko urteetan bezala, gehiengoa lortzeko EH Bildurengana jo dute. Arastiren arabera, koalizioak departamentu guztietako aurrekontuetan egin ditu eskakizunak. Haren babesa ziurtatzeko bidean dira. Orain, gizarte eragileei eta tokiko erakundeei aurkeztuko diete testua, eta urriaren amaierarako lege proiektua parlamentuan aurkeztea espero da.

Akordio «ona»

Arastik hitz egin eta gutxira, EH Bilduko Laura Aznalek azpimarratu du orokorrean «akordio ona» dela, eta koalizio abertzaleak «eragin handia» izan duela azaldu du. Aznalen arabera, sektore estrategikoetan esku hartu nahi izan dute, hala nola etxebizitzan, hizkuntz politikan, zaintzan, trantsizio ekologikoan eta eskubide sozialetan. «Albiste ona da Nafarroak aurrekontu batzuk izan ditzan». Dena den, ez dago guztia lortuta, negoziazioa «beste fase batean» sartu baita. Aurrekontuaren kopuru nagusiak hitzartuta, oraindik ere diru sail jakinak negoziatzea falta zaie lau alderdiei. 

UPNko lehendakari Cristina Ibarrolak, ordea, txartzat jo ditu aurrekontuak. Esan du inbertsioetarako diru kopurua «inoiz baino handiagoa» izan arren horrek ez duela «ustelkeriaren itzala» desagerraraziko Maria Txibite lehendakariaren gobernutik. Gainera, salatu du aurrekontuon norabidea eta lehentasunak EH Bilduk ezarri dituela: «Hortaz, ezin dira aurrekontu onak izan Nafarroaren garapenerako».

Laura Aznal
Laura Aznal EH Bilduko bozeramailea, Iruñeko Basotxon, komunikabideei adierazpenak egiten. EH BILDU.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.