Nafarroako Gobernuak 8,6 milioi euro emango dizkie aurten UGT, CCOO eta CENi

ELAk salatu du datuok «izozmendiaren ertza» baino ez direla eta elkarrizketa sozialaren iruzurra islatzen dutela

joxerra senar
Iruñea
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
«Izozmendiaren ertza baino ez da». ELAk, atzo, prentsaurrekoan jakinarazi zuen aurten CCOO eta UGT sindikatuek eta CEN enpresaburuen elkarteak 8,7 milioi euroko diru laguntza zuzena jasoko dutela Nafarroako aurrekontuetatik. «Hori Nafarroako aurrekontuetatik ateratzen duten diruaren zati bat baino ez da», salatu zuen Mitxel Lakuntza ELAko Nafarroako koordinatzaileak. Izan ere, erakundeok espresuki aipatzen diren diru sailak azaltzen dira soilik aurrekontuetan. Enplegu planetik, Moderna planetik zein beste hainbat egitasmotatik diru gehiago jasotzen dute UGTk, CCOOk eta CENek, baina horren gain kontrol publikorik ez dago.

Horregatik, ustez langileen mesederako diren baliabide publikoei dagokielako eta sindikatuei gardentasuna eskatu behar zaielako, aurrekontuetatik erakundeok jasotzen duten funtsak aztertu ditu ELAk. Orotara, aurten, 8,69 milioi euro jasoko dute; iaz, 9,153 milioi euro, eta 2009an, 8,557 milioi euro jaso zituzten. Diru laguntzok 22 aurrekontu saili dagozkie, hala nola emakumeen berdintasuna garatzeko programak, etorkinen prestakuntza, ezintasun fisikoak dituzten pertsonen kontratazioaren inguruko itunak, dietak...

Azterketak badu datu esanguratsurik. Adibidez, Enplegu plana espresuki aipatzen den aurrekontu sailetik 10 euro baino ez dute jasotzen teorian erakundeok. Hala ere, gobernuak plan horretarako aurten 55 milioi euro eman dituela iragarri du —hamar urtean 1.400 milioi euro inbertitu ditu—, eta plan horien kudeatzaile nagusienak CCOO, UGT eta CEN dira. Sindikatuen berezko lan bat egiteagatik —kasu, gazteentzako lan orientazioa—, 111.000 euro jasotzen dute, eta, gainera, Moderna plana garatzeagatik 120.000 euroko dietak jaso dituzte. Gobernuak ELAri ordezkaritzaren arabera zein CESeko kide izateagatik 102.287 euro emango dizkio; hots, CCOOk eta UGTk dietetan soilik diru gehiago jasotzen dute.

Indarra eta presentzia

ELAren arabera, diru horri esker, CEN, «erakunde moduan, enpresen aurrean indartu» egiten da, «enpresek diru laguntza jaso nahi izanez gero, bazkide egin behar dutelako». CCOOk eta UGTk, berriz, diru publikoa lortzeaz gain, euren presentzia handitu egiten dute lan munduan. «Lan osasunean, etengabeko prestakuntzan, immigrazioan, etxebizitzan eta abar sortzen diren negoziook bezerokeria bultzatzen dute».

Lakuntzaren ustez, ereduak elkarrizketa sozialaren iruzurra erakusten du, «finantzaketarik gabe ez dagoelako elkarrizketa sozialik». Gobernuak, gainera, «langileei dagozkien benetako arazoez ez hitz egitea lortzen du»: aberastasunaren banaketa, zerga iruzurra... ELAren ustez, egoerak ondorio zuzenak ditu lan munduan eta sindikatuen harremanetan. Uste du agerian geratzen dela sindikatu batek askatasunez lan egiteko hein handi batean autofinantzaketan oinarritu behar duela jarduera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.