Begitazio bat izan zen martxoaren 17ko greba orokorraren bezperako bilera. Ez da berriro halakorik gertatuko. CEN Nafarroako patronalak ez du parte hartuko ELAk eta LABek biharko eskatutako bileran, gutxieneko soldata propioari buruz hitz egiteko.
Martxoaren 11n, hiru eragile horiek bilera egin zuten Iruñean, eta joan den larunbatean, BERRIAri eskainitako elkarrizketan, Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiak esan zuen «jarrera aldaketa bat» ikusi zutela enpresaburuen elkarteko kideen artean. Baina usteak erdia ustel. Nafarroako UGTk eta CCOOk biharko bileran parte hartzeari uko egin ondoren, beste hainbeste egitea erabaki du patronalak.
ELAk eta LABek jakinarazi dute bihar erantzungo diotela CENi.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpena hartu du oinarri gisa. CENen interpretazioaren arabera, Nafarroako patronalak eta sindikatuek ere ez dute eskumenik lanbide arteko gutxieneko soldatarik adosteko; Espainiako Estatuarena da ahalmen hori. Hitzarmen kolektiboen negoziazioarekin egin dezakete hori, eta, azaldu dutenez, prest daude jokaleku horretan hitz egiteko, baina gogoratu dute ez daudela ezertara behartuta.
Gauza bera erantzun zuen atzo Confebaskek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalen konfederazioak. Gaur ziren biltzekoak ELArekin eta LABekin Lan Harremanen Kontseiluan, Bilbon, baina ez zela azalduko jakinarazi zuen atzo.
Aurreko bi bileretara agertu zen EAEko enpresaburuen elkartea, baina berehala altxatu zen mahaitik. Bigarren bileraren ondoren jo zuten auzitara sindikatuek, negoziatzera behartzeko, baina patronalak uste du epaileek arrazoia eman diotela.
Confebasken arabera, «legez kanpokoa» litzateke EAEko patronalak eta sindikatuek gutxieneko soldata propioa negoziatzea. Negoziazio kolektiboan egin dezakete hori, baina horren barruan beste puntu batzuk jorratu nahiko lituzke hark —absentismoa, esaterako–, eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaian egin nahiko luke, CCOO eta UGTrekin batera. Hala ere, uste du bide hori aktibatu baino lehen komeni dela Espainiako Auzitegi Gorenak gaiari buruz duen iritzia ematea.
UGT eta CCOOrekin batera
Gauza bera proposatu du CENek: ELAri eta LABi dei egin die Nafarroako sektore arteko mahaian sartzeko. Foro horretan, UGT eta CCOO daude gaur egun, eta, atzo jakinarazi zutenez, harreman erronda bat abiatu dute CENekin, Nafarroako hitzarmen kolektiboetan soldata apalenak igotzeko asmoz. Bi sindikatuek 1.500 euroko gutxienekoa proposatu dute hilean —urtean 21.000 euro gordin, 14 ordainsaritan—, ELAk eta LABek proposatzen duten berbera.
UGT eta CCOO kritiko mintzatu dira sindikatu abertzaleen jokabideari buruz. Martxoaren 17ko greba orokorrak «gutxiengo baten babesa» izan zuela adierazi dute, eta mobilizazio horren bidez «itxaropen faltsua» sortzea leporatu diete. «Nafarroak gutxieneko soldata propioa ezartzea ezinezkoa da egungo esparru juridikoan, eta halakorik planteatzea herritarrak engainatzea litzateke».
UGTk eta CCOOk defendatu dute negoziazio kolektiboa dela lan baldintzak hobetzeko biderik eraginkorrena. Eztabaida hori «behar den tokian» eta «modu serioan» egin dela behar adierazi dute.