Euskal Herrian Erribera da energia berriztagarrien eskualde nagusia. Potentzia kantitateari dagokionez, Tutera da parke eolikoen hiriburu, eta Corella, fotovoltaikoena. Paisaian eta ingurumenean bere eragina badute ere, Enercluster Nafarroako energia berriztagarrien klusterrak nabarmendu du «onurak kalteak baino handiagoak» direla. Arlo ekonomikoan, kasurako, eraikitzeko zergei esker proiektu berriztagarriek 147 milioi euroren diru sarrerak ekarri dizkiote arlo publikoari, eta urtero beste 24 milioi ordaintzen dituzte zergatan.
Maiatzetik hona egindako Berriztagarriak energiarik positiboena kanpainari amaiera eman diote gaur Iruñeko La Teja gunean. Ekitaldi xume baten bitartez, sektorearen datuen inguruko mapa interaktiboa aurkeztu dute.
Hainbat egitasmok kontrako mobilizazioak eta kritikak piztu dituzte, eta, horren harira, Ignacio Martinez Dachary ingeniariak adierazi du «uste oker bat» zabaldua dagoela gizartean: «Jendeak pentsatzen du instalazio baten ezarpena ez dela aztertzen eta politikoki erabakitzen dela». Haren ustez, proiektua ongi landu bada, onurak handiagoak izan ohi dira.
Nafarroan proiektu baten tramitazioa «oso zorrotza eta bermatzailea» da, Martinez Dacharyren esanetan. Eraikitzeko baimena lortzeko, ingurumen eraginaz gain, paisaian eta lurralde antolamenduan dituen ondorioak ere aztertzen dituzte. «Azterketa konplexuak dira, eta administrazioko teknikariak konbentzitu egin behar dira».
%56, bertan behera
Gehienetan, proiektuek ez dute baimenik lortzen. Nafarroako Gobernuak berriki BERRIAri emandako datuen arabera, azken sei urteetan 368 proiektu aurkeztu dituzte, eta %56 atzera bota dituzte: zehazki, aurkeztutako proiektu eolikoen bi heren bertan behera utzi ditu administrazioak —178tik 119— eta fotovoltaikoen erdiak —187tik 89—. Orotara, ehun proiektu onartu dituzte, eta gainerakoek tramitean jarraitzen dute; hots, oraindik ez dute lortu baimenik.
Iker Txasko Enerclusterreko zuzendariaren arabera, onartutako ehun egitasmo horien bitartez Nafarroak aurreko hiru hamarkadetan ezarritako potentzia bikoiztuko du, hiru gigawatteko potentzia izan arte. «Garrantzitsua da, Nafarroak kontsumitzen duen argindarraren %91 hornitzen baitute». Gainera, urtean ekoizten den argindar horri esker, CO2 gasaren emisioak murriztu egiten dira, «milioi bat auto kentzearen pare».
Martinez Dacharyk gaineratu du Nafarroan egitasmoei egiten zaien azterketa Espainian egiten dena baino zorrotzagoa dela: «Lurraldea beste erkidegoetakoa baino txikiagoa da, eta jendea ere gehiago mobilizatzen da», onartu du. Gainera, zehaztu du kontrola ez dela amaitzen baimena lortutakoan. «Instalazioa funtzionatzen ari den bitartean, indarrean den araudia betetzen dela ikuskatu behar da. Ez da ezer bere kasa uzten».
datuak
%74Eolikoa eta fotovoltaikoa. Nafarroan ezarritako proiektu berriztagarriei dagokienez, lautik hiru errotak dira. Hots, instalatutako azpiegituren %74 parke eolikoak dira eta gainerakoak, fotovoltaikoak.
Parke eolikoek batez ere hegaztiei egiten diete kalte. Berriki, sentsoreak ezarri dituzte hegazti saldoak gerturatzen ari direnean palen abiadura moteltzeko edo geldiarazteko. Haatik, ez dute argitu neurri horren bitartez zenbat hegazti gutxiago hil diren. Era berean, Martinezek gehitu du ingurumen kalteak konpentsatzeko neurriak ezartzera behartuta egon ohi direla sustatzaileak.
Datuek erakusten dituzte zer onura ekonomiko dakarten halako proiektuek. Gaur egun, berriztagarrien industriak 10.000 lanpostu inguru sortzen ditu, eta horietatik 315 instalazioen mantentze lanetan aritzen diren teknikariak dira. Kopuru horiek nabarmendu ditu Garbiñe Basterra Nafarroako Gobernuko Trantsizio Energetikoko zuzendari nagusiak: «Nafarroa eskualde liderra da energia berriztagarrietan. Finantzaketa publiko-pribatuari esker, sektorearen aldeko apustua argia da, eta lurraldera gerturatu nahi dugu, pertsonengana».
Gerturatze horretan udalek garrantzia dute. Txiki zein handi, Nafarroan ezarritako 9.000 instalazio berriztagarriak lurralde osoan zabaldu dira, eta hamar udaletik seiri eragiten diete. Horietako bat da Barasoaingo Udala. Silvia Arrastia alkateak onartu du hainbat herritarrek ez dutela ulertzen zergatik ez zaien argindar tarifa merkatzen baldin eta bertan badute parke eolikoa. Haren esanetan, onura bestelakoa da. Udalaren finantzaketa handitu eta azpiegiturak hobetu dira, baina onura arlo ekonomikotik harago doa: «Errotek eta fabrika bat izateak lana ekarri dute, eta jendeak ez du Iruñera joan behar».
Begi onez ikusten dute industria babesteko legedia
Kezkatuta dago Nafarroako energia berriztagarrien industria Txinako lehiaren ondorioz. Iker Txasko Enerclusterreko zuzendariak azpimarratu du bederen Europa hasia dela industria babesteko ahaleginean, eta begi onez hartu du Industria Bizkortzeko legediaren proposamena, Europako Batzordeak aurkeztutakoa eta Europako Parlamentuak berriki findutakoa. Klusterrak berak ordezkari bat jarri du Bruselan norabide horretan bultzatzeko. «Helburua da Europan eginikoa bultzatzea, beste potentziek aspalditik egiten duten bezala. Brasilen 2013tik ari dira, Ameriketako Estatu Batuak 2022tik, India ere oraintxe hasi da... Txinak, Kanadak, Turkiak eta Marokok badute eta Europa ezin da izan horrelako politikak egiten ez dituen bakarra».