Negoziazioetan aurrerapenik lortu ez dutenez, EAEko udalak grebara bidean dira

Urriaren 8rako greba deialdiari eutsi diote ELAk eta LABek, Eudelek ez duelako mugimendurik egin Udalhitzeko mahaian. Oraingoz ez dute beste bilerarik antolatu.

Afixak ELAren eta LABen agerraldian, irailaren hasiera, grebara deitu zutenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Afixak ELAren eta LABen agerraldian, irailaren hasiera, grebara deitu zutenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irune Lasa.
2026ko irailaren 25a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi urte daramatzate negoziatzen, baina akordioa oraindik urrun dago EAEko udaletako lan baldintzak jasoko dituen hitzarmenerako. Gaur bildu da berriz Udalhitzeko negoziazio mahaia, eta handik irten direnean, bai ELA sindikatuak bai LAB sindikatuak eutsi egin diote urriaren 8rako elkarrekin egindako greba deialdiari.

ELAren arabera, Eudel Euskal Udalen Elkarteak azken bileran konpromisoa hartu zuen oinarrizko gaien inguruan proposamen berri bat aurkezteko, «baina ez du aurrerapausorik aurkeztu». Soldataren igoera, administrazioaren euskalduntzea, eta publifikazio kasuetako langileen subrogazioa dira oinarrizko gai horiek.

Sindikatu horren ustez, soldatei dagokienez, langileek erosteko ahalmenaren galera handia izan dute. Euskararen arloan, ez da proposatu administrazioaren euskalduntzean aurrera egiteko neurririk, ezta langileei hizkuntza ikastea erraztekorik ere. Publifikazioetan ez da langileen subrogazioa bermatzen, eta ez dago neurri berririk erretiroen inguruko zein lantaldeak berritzeko politiketan ere.

Blokeatuta

LABek azaldu duenez, EAJk eta PSE-EEk ez dute gai horietan inolako mugimendurik egin eta atea itxi diete negoziazioei. Sindikatuak salatu du publifikatuko diren zerbitzuetako langileen subrogaziorik ez dutela bermatzen. Euskararen gaian, berriz, «zaharrak berri» direla dio: EAJren eta PSE-EEren proposamenak ez duela euskaraz lan eta bizi ahal izateko neurri gehigarririk hartu nahi tokiko administrazioetan, ezta sarbidean euskara gaztelaniaren pare jarri nahi ere.

EH Bildu negoziatzen jarraitzeko prest dagoela esan du LABek, eta ildo horretan, ELAk zehaztu du EH Bilduk proposamenak egin dituela euskararen eta publifikazioaren arloan, baina koalizioak Eudelen jarrera bera duela soldaten arloan.

Eudelek ez du mahaia biltzeko beste egunik zehaztu, eta ELArentzat eta LABentzat horrek esan nahi du, praktikan, negoziazioak blokeatuta geratu direla.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA