Nekazariek traktore martxa egingo dute Gasteizen, EAE «lehorte eremu» izenda dezatela eskatzeko

Trebiñu eta Arabako Nekazaritza Elkarteak deituta, lehortearen ondorioen aurkako neurriak eskatuko dituzte. Abeltzaintza gogor jo du euri faltak, abereentzako bazkarik ez baitago. Nekazariak kritiko dira Eusko Jaurlaritzarekin.

Traktoreak, Gasteizko Buesa Arenatik irteten, aurtengo urtarrileko martxan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Traktoreak, Gasteizko Buesa Arenatik irteten, aurtengo urtarrileko martxan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko abuztuaren 26a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego berotik ekaitza dator Euskal Herriko lehen sektorean. Udako tenperatura altuek eta euri faltak eragindako ekaitza: ez dago abereak elikatzeko bazkarik larreetan, eta negurako anabaka uztail eta abuztuan erabili behar izan dute abeltzainek, aziendei jaten emateko. Egoera larri hori ikusirik, nekazariak kritiko agertu dira Eusko Jaurlaritzaren kudeaketarekin, eta hasiak dira lehen protestetara deitzen: bihar, traktore martxa egingo dute Gasteizen, EAE «lehorte eremu» izenda dezatela eskatzeko.

Trebiñu eta Arabako Nekazaritza Elkarteak (Ataca) deitu du protesta horretara. Manifestazioaren helburua ez dagokio Arabari bakarrik: Gipuzkoa eta Bizkaia ere «lehorte eremu» izendatzea eskatuko dute, «sektoreko profesionalek laguntza espezifikoak eskuratu ahal izan ditzaten», euri faltak eragindako «kalte larriei» aurre egiteko. Atacaren arabera, egoera «muturrekoa» da, eta okerrera egingo du erakundeek «premiazko neurririk» hartzen ez badute.

DATUak

%87

Zenbatek duten bazka gutxiago. Abeltzainen %87k adierazi diote Eusko Jaurlaritzari, Nekazaritza Sailak egindako inkesta batean, aurten aurreko urteetan baino bazka gutxiago jaso dutela.

%50

Iazko aldean zenbat belar bildu den. Belar gutxiago jaso dutenen artean, batez beste, erdira jaitsi da kopurua.

5-7

Zenbat litro esne galdu den buruko. Beroak eta bazkarik ezak esnearen ekoizpenari ere eragin diote: abere bakoitzak 5-7 litro gutxiago ekoitzi ditu.

Arabako lehen sektorean gehiengoa duen elkarteak, UAGAk, ez du bat egingo mobilizazioarekin. Aurreko egunetan Eusko Jaurlaritzaren kudeaketarekin kritiko agertu badira ere, Amaia Barredo sailburuaren dimisioa eskatzeraino, UAGAko iturriek adierazi dute Jaurlaritzarekin «negoziatzen» ari direla momentuz, eta ez direla batuko deialdira. Nolanahi ere, irailerako konponbiderik erdietsi ez bada, ez dute baztertzen mobilizazioak egitea, elkarteko iturriek adierazi dutenez.

Tentsioa, goraka

Uztailetik aurrera, okerrera egin du lehorteak lehen sektorean eragindako egoerak, eta era berean tenkatu dira nekazarien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanak. Uztailaren bukaeran hasi ziren nekazariak kezka adierazten: larreak eta soroak lehortu ziren, eta, horren ondorioz, zekale ekoizpena murrizteaz gain, bazkarik gabe geratzen hasi ziren abereak. Normalean, uda partean aziendak landa eta mendietan elikatzen dira, eta jasotako belarra negurako gordetzen dute nekazariek.

Larreetan belarrik ez, ordea, eta abeltzainek neguko erreserbak agortu dituzte ia, abereak udan elikatzen. Beraz, kanpoan erosi behar, baina hori garestia da, eta kalte ekonomiko handia eragiten die abeltzainei. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak esku hartzea erabaki zuen, eta Bazka Mahaia sortu zuen, sektore osoak animalientzako jatena modu bateratu eta koordinatuan erosteko. Abeltzainek begi onez ikusi zuten neurria, eta bazirudien ura bere bidean zihoala.

Baina giroa aski txartu zen Eusko Jaurlaritzak Bazka Mahaiaren hurrengo bilera irailera arte atzeratzea erabaki zuenean. UAGA, ENBA eta EHNE nekazarien elkarteek «arduragabekeria» leporatu zioten Jaurlaritzari, bilera «beranduegi» zetorrelako, haien ustez, eta «berehala neurriak» hartzeko eskatu zieten erakundeei. Nekazaritzako sailburu Amaia Barredok bere kudeaketa defendatu zuen, baina nekazarien elkarteak ez daude pozik, eta UAGAk haren dimisioa eskatu du. 

Mahatsaren sektorea

Abeltzaintza ez da sektorearen egoera kaskarra pairatu duen esparru bakarra. Atacak biharko protestarako egindako deialdian oroitarazi duenez, «nazioarteko ezegonkortasunak» handitu egin ditu ekoizpen kostuak, eta Europako Batasunak Mercosurrekin eta antzeko erakundeekin sinaturiko merkataritza akordioek bidea zabaldu diete bertako produktuei lehia egiten dieten lehengaiei. Lehen sektore guztiarentzako bestelako nekazaritza politika bateratu bat eskatu dute, arazo horiei aurre egingo diena.

Mahatsaren sektorea da nazioarteko ezegonkortasun hori pairatu duten esparruetako bat. UAGAk atzo zabaldutako prentsa ohar batean salatu zuenez, mahatsaren eta ardoaren sektoreek nazioartean duten krisi egoera dela eta, Arabako Errioxako zenbait upategik mahats ekoizleei adierazi zieten aurten ez zietela mahatsik erosiko. UAGAk deitoratu du horrek «ikaragarrizko ahulezian» utziko lituzkeela hainbat ekoizle, eta iradoki «mahatsa ohi baino merkeago erosteko» asmoa dagoela upategien jokabide horren atzean.

Egoera ikusirik, «Elikagaien Katearen Legea betearazteko» eskatu zion UAGAk Eusko Jaurlaritzari. Lege horren arabera, nekazaritzako kontratuek ekoizpen gastuak estali behar dituzte, nekazariek ekoizpena saltzean galerarik izan ez dezaten. Gastu horiek baino merkeagoko edozein salmenta automatikoki ikertzeko eskatu dio UAGAk Jaurlaritzari, mahats ekoizleek kostaprezioa baino merkeago sal ez dezaten produktua. 

Fronte asko dituzte, beraz, lehen sektorean, bai nekazaritzan eta bai abeltzaintzan, eta, egoerak bere horretan jarraituz gero, udazken beroa espero liteke Euskal Herriko landa eremuan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA