Harri astunena mugitzen hasi dira

Azken urteetan ezinezkotzat jo dutena lortzeko bidean da Eusko Jaurlaritza: Gizarte Segurantzaren kudeaketa. Bidea hasi besterik ez da egin, ordea, eta ez dago argi nola funtzionatuko duen sistemak Espainiako kutxa bakarra hautsi gabe.

Lanbideren bulego bat, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Lanbideren bulego bat, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
aitor biain
2025eko uztailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azkenean. Berrogei urte baino gehiago iraun duen tabua hausteko bidean da: Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du Gizarte Segurantzaren eskumena. Balio sinboliko handiko urratsa da, Gernikako Estatutua osatzeko falta den garrantzitsuenetakoa baita, eta konplexuena. Espainiako sektore askok ezinezkotzat jo dute sarritan, eta askotariko trabak jarri dituzte eskualdaketa eragozteko. Bada, oraindik mataza nagusia askatzeko badago ere, lehen eskualdaketek harri astunena mugiarazi dute.

Eusko Jaurlaritzaren nahia da urte amaierarako Gizarte Segurantzari dagozkion eskumen guztiak bere gain hartzea. Hala hitzartu zuten EAJk eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestiduraren truke. Eta hala dago jasota 1979ko Gernikako Estatutuan ere: hemezortzigarren artikuluaren arabera, Jaurlaritzari dagokio «Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa». Horrek esan nahi du Gasteizko gobernuaren bizkar geratuko direla gizarte babeserako oinarrizko prestazio ekonomikoen eta diru laguntzen finantzaketa eta kudeaketa, langabezia sariena eta pentsioena barne.

Halaber, Jaurlaritzaren eskumenekoak izango dira honako hauek: enpresen izen emateak; langileen afiliazioari lotutako altak eta bajak; kotizazioen kudeaketa eta kontrola eta kuoten bilketa; kuotak eta gainerako finantza baliabideak eskuratzeko prozesuen diseinua eta kudeaketa; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden eta Gizarte Segurantzaren ondarekoak diren eskubideen eta ondasunen jabetza, kudeaketa eta administrazioa; eta, noski, prestazioen ordainketak agintzea.

Espainiako Konstituzioaren arabera, Estatuarena da oso-osorik Gizarte Segurantzaren eskumena, baina autonomia estatutuek hari lotutako zerbitzu batzuk kudea ditzakete, «izaera bateratuari eta elkartasun printzipioari» eusten badiote betiere. Horri heltzen dio Jaurlaritzak, hain zuzen ere, eskualdaketa baldintza hori beteta egingo litzatekeela azpimarratzen baitu. Are, transferentziak Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren bermea duela argudiatu izan du.

Pandoraren kutxa, zabaltzeko

Edonola ere, zerbitzu horietako batzuk eskualdatzea uste baino zailagoa izango da. Pentsioena da zalantza eta mesfidantza gehien sortzen dituena, ez baitago argi Madrilek nola eman dezakeen eskumen hori kotizazioen kutxa bakarra hautsi gabe. Espainiako langile guztien kotizazioak biltzen ditu poltsa horrek, eta diru horrekin ordaintzen dira gero pentsioak, nahiz eta azken urteetan aurrekontuen bidez osatu den defizita estaltzeko.

Gaur-gaurkoz, ez dago ezer zehaztuta, eta, aurrekaririk ere ez dagoenez, sistema berri bat hutsetik eratzeko negoziatzen ari dira bi aldeak. Aukera bat da Jaurlaritzak soilik kudeaketa hartzea bere gain, hots, sariak ordaintzerakoan bitartekari lanak egitea. Hala, Gasteiz arduratuko litzateke pentsioak ordaintzeaz, baina dirua Espainiako Estatuko kutxatik aterako litzateke. Sistemak zentralizatuta jarraituko luke, beraz; izan ere, Jaurlaritzak ez luke eskumen legegilerik jasoko, arauak onartzea eta prestazioen zenbatekoa ebaztea Madrili baitagokio.

Kontzertu ekonomikoaren bidez finantzatuko litzateke: Jaurlaritzak kotizazioak bildu eta bere aurrekontuen kargura ordainduko lituzke pentsioak, eta kopuru hori deskontatu egingo luke gero Madrili urtero ordaintzen dion kupotik. Hori bera egiten du, hain zuzen ere, bizitzeko gutxieneko diru sarrerarekin ere. 2022ko martxoan jaso zuen prestazio horren kudeaketa, eta Jaurlaritzak eredu gisa erabili nahi du orain Gizarte Segurantzaren transferentziarekin, eta batez ere pentsio ez kontributiboekin —gutxi kotizatu dutenek jasotzen dituztenekin—.

Gauza bera egin nahi du langabezia sariarekin ere; enplegu politika pasiboen eskumena osorik hartu —1987an jaso zituen beste eskumen batzuk— eta Lanbideko leihatila bakarraren bidez kudeatzea nahi ditu, gaur egun SEPE Espainiako enplegu zerbitzu publikoak egiten duen lana ordezkatuta. Baina formula horrek zalantzak sortzen ditu, ez baitago argi kontzertu ekonomikoa erabiltzea balekoa ote den horretarako, ezta zer eragin izango ote lukeen gero Jaurlaritzaren eta Estatuaren arteko diru kontuetan ere. Gainera, prestazio ez kontributiboak eta bizitzeko gutxieneko diru sarrera aurrekontuen bidez finantzatzen dira, eta ez kutxa bakarraren bidez.

Sistema propioaren pisua

Edonola ere, zalantza nagusia zera da: Jaurlaritzak pentsioak kudeatzeko gaitasunik ba ote duen. Gaur egun argi dago ezetz, kotizazioen bidez biltzen duena baino diru gehiago ordaintzen duelako pentsioetan. Guztira, urtero 4.000 milioi euroko defizita du EAEk pentsioetan, eta horien erdia pasatxo baino ez dituzte estaltzen kotizazioek. Azken urteetan desoreka hori handitu egin da gainera.

Horrek zalantzan jarriko luke Eusko Jaurlaritzaren —EAJren— azken nahia, Gizarte Segurantza sistema propioa eratzearena. Jaurlaritza baikorra da, eta iritzi dio lehen eskumenak jasotzeak horretarako bide emango liokeela. Baina hor ere galdera markak dira nagusi. Izan ere, Gizarte Segurantzaren ardura hartzeak 12.000 milioi euroko kostua izango luke, Jaurlaritzak berak egindako kalkuluaren arabera. Horrek esan nahi du gaur egun kudeatzen duen aurrekontua bikoiztu egingo litzatekeela. Harri astunegia, akaso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.