Pasaiako portuko zaintzaile bat hil da, zamalanetan zen kamioi batek harrapatuta

Noatum UECC konpainiaren instalazioetan izan da ezbeharra. 47 urte zituen zaintzaileak.

Pasaiako portua
Pasaiako portua. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon ordonez garmendia
2024ko urtarrilaren 27a
07:39
Entzun 00:00:0000:00:00

Lan istripu larri bat izan zen atzo Pasaiako portuan (Gipuzkoa). Zamalanak egiten ari zen kamioi batek zaintzaile bat harrapatu eta hil du. 19:45ean izan zen ezbeharra. 47 urte zituen langileak. UGT sindikatuak azaldu du ibilgailuekin aritzeko terminal intermodalean izan zela istripua, eta zaintza lanak egiten ari zela langilea. Zehaztu du zaintzaileek kamioiak eta merkantziak zaintzen dituztela hor, ez dadin polizoirik sartu. Gertatutakoa ikertzeko eta argitzeko eskatu die segurtasun enpresari eta terminaleko arduradunei.

LAB sindikatuak erantsi duenez, istripuaren berri izan orduko LABeko ordezkariek lana eten zuten, eta etxera bidali zituzten langileak. Gainera, erabaki dute gaur ere lanik ez egitea; bihar, berriz, elkarretaratzea egingo dute portuan bertan.

Urtarrila oraindik bukatu ez den arren, aurten lanean hil den bederatzigarren langilea da atzoko hori. Horiei beste bi heriotza ere gehitu behar zaizkie. Ostegunean, Ibarrako (Gipuzkoa) Voith Hydro enpresako langile bat hil zen Galizian, Enel konpainiaren zentral hidroelektriko batean lanean ari zela, makina batek harrapatuta. Eta, atzo, lanerako bidean hil zen behargin bat, auto istripuz, Tuteran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.