Otsailean ere, %2,7ko igoera duen pentsioa jasoko dute Hego Euskal Herriko pentsiodunek. Espainiako Kongresura gaur iritsi da berriro eguneratzea zekarren dekretua, eta, urtarrilaren 27ko saioan ez bezala, oraingoan aurrera egin du. Bertan behera geratu da, berriz, ezkutu sozialaren neurriak zekartzan dekretua, PPren, Voxen eta UPNren ezezkoari batu zaiolako JxC Junts per Catalunyarena ere.
Urtarrilean ez bezala, gaur bi dekretutan joan dira bi gaiak. Baldintza hori jarri zuten PPk eta JxCk pentsioen igoera ez blokeatzeko, eta Pedro Sanchezen gobernuak men egin zien. Ondorioz, aldeko 317 boto jaso ditu, eta aurkako 33 —Voxenak—.Â
Gaur berretsitako dekretuari esker, urtarrilaz geroztik batez beste 43 euro gehiago jasotzen dituzte Hego Euskal Herriko pentsiodunek.
Azken asteotan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eskatu du pentsioak eguneratzeko sistema lege batean finkatu dadila, eta ez dadila bozketa parlamentarioen menpe egon. Gainera, PPren eta UPNren egoitzen aurrean batu ziren pentsiodunak, bi alderdi horien jarrera salatzeko.Â
Alferrikako aldaketak
Ezkutu sozialaren dekretuak, berriz, aldeko 172 boto bildu zituen —PSOE, Sumar, EH Bildu eta EAJ, besteak beste—, eta aurkako 178. Alferrik izan dira eskuineko alderdiak limurtzeko gobernuak egindako aldaketak. EAJrekin hitzartu ondoren, gobernuak etxegabetzeko debekua kendu zien bi etxebizitza edo bakarra zuten etxe jabeen bizitegien kasuan. Gainera, 300 milioi euroko funts bat sortu zuten alokairua jasotzen ez zutenei laguntzeko.Â
Aldaketa horiei ez diete erreparatu PPk, Voxek, JxCk eta UPNk, eta dekretuak etxebizitzen okupazioa baimentzen dutela argudiatu dute aurkako botoa emateko. Â
Familia zaurgarriak etxegabetzea debekatzeaz gain, halako familiei oinarrizko zerbitzuak ez etetea eta bonu sozial elektrikoa berritzea zekarren dekretu horrek.
Â