Pentsiodunek mobilizazio gehiago iragarri dituzte, legebiltzarrak herri ekinaldi legegilea baztertu ondoren

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak nabarmendu du gizartean inoiz baino babes handiagoa dutela orain. Manifestazioa egingo dute abenduaren 18an, Gasteizen.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak agerraldia egin du gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak agerraldia egin du gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
aitor biain
2025eko urriaren 23a
14:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pentsiodunak ez daude amore emateko prest. Eusko Legebiltzarrak herri ekinaldi legegilea tramiterako onartu ez bazuen ere, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak adierazi du eutsi egiten diotela pentsioen osagarri bat eratzeko eskaerari, eta «beharrezkoa den guztia» egingo dutela alderdi politikoek hura aintzat hartu dezaten. Indar egiten jarraitu nahi dute, proposamena eztabaidarako onartzeari uko egin zioten EAJ eta PSE-EEk iritzia aldatu arte. Mobilizazioak iragarri dituzte horretarako: «Borroka hau ez da amaitu».

Eusko Legebiltzarreko bozketatik ia hilabete pasatu den honetan, balorazio pausatuagoa egin nahi izan dute pentsiodunek gaur. Bilboko udaletxearen aurrean egin duten agerraldian, Eusko Jaurlaritzak eta hura sostengatzen duten bi alderdiek pentsiodunen ekinaldiari jarritako «betoa» salatu dute, eta azpimarratu erabaki horrekin hura babestu zuten guztiei «iseka» egin dietela.

Ez dituzte ontzat jo jeltzaleek eta sozialistek emandako argudioak, aurkeztutako datuak «azalekoak eta ez oso zorrotzak» izan zirelako. Eta adierazi dute datu horiek biltzen dituen gobernuaren txostena ez datorrela bat Eusko Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek egindakoarekin. Era berean, zera leporatu diete, herritarren parte hartzeari buruz sarri hitz egin duten arren milaka sinadura kolpe batez eta eztabaidarik gabe zakarretara bota dituztela.

«Kalean jaso dugun babesak, sortu dugun elkartasunak eta gure jardueraren herri aitortzak erakusten dute irabazi egin dugula»

EUSKAL HERRIKO PENTSIODUNEN MUGIMENDUA

«Arazoa ezkutatzea ez da konponbidea», ohartarazi dute pentsiodunek, eta gogorarazi ekinaldia baztertzeak inori kalte egin badio emakume pentsiodunei egin diela kalte, aurrerantzean ere gizonek baino pentsio txikiagoak jasoko baitituzte. «Pentsioen genero arrakala amaitzeko eskatzen dugu, eta pentsiodunek bizi baldintza duinak lortzeko gutxieneko pentsio nahikoak izan ditzaten bermatzea. Eskaera hori eztabaidaezina da».

Mobilizazio gehiago

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak adierazi du ez duela amore emango, ekinaldiaren ondorioz gizartean inoiz baino babes handiagoa baitute orain. Lehen baino «indartsuago» daudela nabarmendu dute: «Kalean jaso dugun babesak, sortu dugun elkartasunak eta gure jardueraren herri aitortzak erakusten dute irabazi egin dugula, eta berandu barik legea izango dela HELa».

Aurrerantzean ere mobilizazioak egingo dituzte horretarako. Hainbat manifestazio eta ekimen iragarri dituzte gaur, hain zuzen ere. Batetik, Eusko Legebiltzarreko bi batzordetan agerraldiak eskatuko dituzte, haien eskaerak erakundeetan ere defendatzen jarraitzeko, eta herri ekinaldi legegileak gizartean jaso zuen babesa ikusarazteko. Ez alferrik, 145.000 herritarrek baino gehiagok sinatu baitzuten pentsiodunen ekinaldi legegilearen alde.

alargun pentsiorako «erraztasun» gehiago

Espainiako Gobernuak proposatu du izatezko bikote ez diren eta ezkondu gabe dauden bikoteek ere alargun pentsioa jasotzeko aukera izatea. Hala, «bizikidetza egonkorra eta agerikoa» dutela egiaztatzen dutenek edo elkarrekin seme-alabak dituztenek ere pentsioa jasotzeko eskubidea izango lukete. Bikoteek zera frogatu beharko dute errolda agiriarekin: bikotekidea hil aurrean gutxienez bost urteko harreman jarraitua izan dutela; haurrak badituzte, berriz, iraupena bi urte baino gutxiagokoa izan daiteke. Atzeraeragina izango luke neurriak gainera, bikotekidea 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen galdu zutenek ere pentsioa eskatzeko aukera izango lukete eta.

Halere, proposamen bat baino ez da oraindik Elma Saiz Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak sindikatuei eta enpresariei aurkeztu diena. Gobernuak zirriborro horretan jaso du, halaber, errelebo kontratuei lotutako administrazioko langile publikoek erretiro partzialerako aukera izatea. Sindikatuen eskaera historikoetako bat da hori. 

Eta bestetik, bi manifestazio handi ere iragarri dituzte. Horietako lehena etzi egingo dute, Madrilen, Espainiako beste pentsiodunen elkarteekin batera, Espainiako Gorteen aurrean. Bigarrena, berriz, abenduaren 18an, Gasteizen: pentsio txikienak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko eskaria onar dezaten eskatu dute, eta Jaurlaritzari eskatuko diote horiek bermatzeko behar diren diru sailak 2026rako EAEko aurrekontuan zehazteko. Mobilizazioak aste guztian egingo dituzte, Euskal Herriko ehun bat herritan.

Horiez gain, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeek bilkura berezi bat antolatu dute, besteak beste, herri ekinaldi legegilea tramiterako onartu ez izanak andreei zehazki nola eragingo dien aztertzeko; indarkeria matxistaz eta zaintzaz ere hausnartuko dute. Azaroaren 21ean izango da batzar hori, eta protesta ere egingo dute egun horretan.

«Mespretxua» lanbide arteko gutxieneko soldatari

«Adineko pentsiodunei bizi baldintza duinak lortzeko diru sarrera nahikoak bermatzea premiazkoa bezain ezinbestekoa da», azpimarratu dute, eta ohartarazi duela ia zortzi urte abiarazi zuten protestari jarraituko diotela pentsio sistema publikoa bermatu dadin eta erretiro adina luzatzen duten lege aldaketak indargabetu daitezen eskatzeko: «Gure borroka gure belaunaldiarentzat eta datozen belaunaldientzat ere bada eta».

Era berean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak kritikatu egin du Jaurlaritzak gutxieneko soldata propio baten aldeko herri ekinaldi legegilea ez babesteko hartutako erabakia. «Mespretxutzat» jo du gobernuaren erabakia: «Ulertezina eta onartezina da». Mugimenduak iragarri du bi ekimenak batzeko aukerak aztertuko dituztela sindikatuekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.