Nafarroak aurrekontuak izango ditu 2027an, Txibiteren Gobernuak berriz ere EH Bildurekin adostuta

Hamabigarren aldiz, koalizio subiranistak bide emango dio Nafarroako Gobernuko aurrekontu proiektuari. Jose Luis Arasti kontseilariak proiektua gaur bertan aurkeztuko du parlamentuan.

Nafarroako Gobernuko ordezkariak eta EH Bildukoak, iazko sinadura ekitaldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Gobernuko ordezkariak eta EH Bildukoak, iazko sinadura ekitaldian. IÑIGO URIZ / FOKU
kristina martin
2026ko urriaren 30a
10:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamabigarren aldiz, EH Bildu oposizioan dagoen alderdiak bide emango dio Nafarroako Gobernuak prestatutako 2027ko aurrekontu proiektuari. Maria Txibite buru duen koalizio gobernuak —PSN, Geroa Bai eta Zurekin alderdiek osatua— koalizio subiranistaren laguntzarekin aurrera atera ditu orain arteko aurrekontu guztiak. 

Gaur, 11:00etan, egin dute sinadura ekitaldia, Nafarroako Jauregian. Txibite bera ez, gobernuko hiru lehendakariordeak izan dira sinadura ekitaldian. Javier Remirez lehen lehendakariordea, Ana Ollo, bigarrena, eta Begoña Alfaro hirugarren lehendakariordea. Haiekin batera, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria izan da.

Urriaren 9an onartu zuen Nafarroako Gobernuak 2027ko aurrekontu legearen aurreproiektua. Legealdiko azken aurrekontuak izango dira, eta Maria Txibiteren gobernuak 7.285 milioi euroko proposamena aurkeztu zuen, aurtengoa baino %8,1 handiagoa. Finantza kostuak kenduta, gastu mugak ere %8,4 egingo du gora, eta aurreikusi du 6.851 milioi euro erabiliko direla gastu zein inbertsio publikorako. 

EH Bilduk baieztatu zuen orduan aurreproiektuak euren zenbait ekarpen biltzen dituela. Koalizioak jakinarazi zuen negoziatzen ari zirela, eta hiru aste geroago iragarri dute akordioa. 

UPNk 2015ean Nafarroako Gobernua galdu zuenetik, gobernuan izan diren koalizioek urtero onartu dituzte aurrekontuak EH Bildurekin. 2027ko aurrekontu proiektua parlamentura bidaliko dute orain, eta litekeena da abenduaren 17ko osoko bilkuran onartzea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA