Petronorreko langileek greba mugagabea hastea erabaki dute

Gaur arratsaldean hasiko dute lanuztea, azken 46 urteetan egin duten halako lehena. Salatu nahi dute zuzendaritzak lan orduetatik kanpo utzi duela arropak eta babesak jantzi eta eranzteko behar duten ordu erdia.

Petronorrek Muskizen duen findegia. MIGUEL TOÑA / EFE
Petronorrek Muskizen duen findegia. MIGUEL TOÑA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko irailaren 25a
10:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegiko langileek greba mugagabea hasiko dute gaur arratsaldeko txandan. 1979az geroztik lehen aldiz, amaiera zehatzik gabeko grebaldi bati ekingo diote. Langile batzordea osatzen duten lau sindikatuek —UGT (sei delegatu), CCOO (sei), TU Trabajadores por la Unidad (bost) eta ELAk (lau)— jarri zuten mahai gainean proposamena, eta langileen %91k berretsi dute. Protestarekin, salatu nahi dute zuzendaritzak lan orduetatik kanpo utzi duela arropak eta babesak jantzi eta eranzteko behar duten tartea, eta horrela ordu erdi luzatu nahi diela eguneroko lanaldia. Enpresak, berriz, «gehiegizkotzat» jo du protesta.

Orain arte, tarte hori lanaldiaren barruan zegoen, eta langileek aldarrikatu izan dute urte luzeko borrokari esker lorturiko eskubidea dela. Eskubide horri eusteko deitu dute grebara, eta, erabakia berresteko, 24 orduko bozketa egin zuten atzo. Boz kutxak gauerdian itxi zituzten, gaueko txandako langileen boza eman ondoren, eta langileen %90,9k babestu dute protesta. Langile batzordeak agerraldia egin du findegiaren atean grebaren berri emateko, eta nabarmendu du babes zabal hori lantaldeak bizi duen «ezinegonaren» ondorio dela.

Petronorreko zuzendaritzarentzat ulertezina da deialdia, eta ez dator bat bere ustez erakutsi duen elkarrizketarako borondatearekin

Lau hilabete dira Petronorreko zuzendaritzak lanaldia kalkulatzeko modua aldatu zuela, eta irizpide berriak ekoizpenean txandaka diharduten langileei eragiten die. Bostehun inguru dira, lantalde osoaren erdia kasik. Irizpide berriaren arabera, langileek babesak eta laneko arropak jantzita egin behar dute txanda aldaketa. Langileek azaldu dute haiek produktu petrokimikoekin lan egiten dutela eta babes arropa bereziak erabili behar dituztela. Alegia, plantan aldatzera behartuta daudela eta amaieran dutxatu egin behar dutela.

Petronorreko langileen agerraldia
Petronorreko langileek grebaren berri emateko eginiko agerraldia. BERRIA

Langileek iritzi diote egun batetik bestera enpresak ordu erdi luzatu duela haien lanaldia, eta horregatik abiatu dute greba. Udaberrian, batzordeak aukera zenbait eskaini zizkion enpresari: besteak beste, tarte hori ordaintzea edo haren ordezko konpentsazioren bat ematea, baina hark entzungor egin zuen. Martxoaz geroztik, Petronorrek lantaldea kudeatzeko arduradun berria du, eta harekin lan harremanek okerrera egin dutela uste dute batzordean.

«Minutu batzuk»

Enpresak, berriz, «gehiegizkotzat» eta «ulertezintzat» jo du greba deialdia, eta esan du ez datorrela bat zuzendaritzak izan duen elkarrizketarako borondatearekin. Hedabideetara bidalitako oharrean, greba «aldagela batzuengatik» dela dio Petronorrek, eta langile batzordea kexu dela aldaketa horrek «minutu batzuk» luzatzen dielako lanaldi erreala. Zuzendaritzak dio negoziatzeko prest agertu zela, eta batzordearen erantzuna izan zela langileen bileran bozkatu behar zela. Betiere enpresaren arabera, udako oporretatik bueltan greba mugagaberako deialdia aurkitu zuten mahaiaren gainean.

Petronor bozketa
Petronorren greba deialdia bozkatzeko boto papera. BERRIA

Langile batzordeak enpresari erantzun dio plantaren aurrean eginiko agerraldian, eta salatu du «arduragabekeria» dela eguneko lanaldia ordu erdi luzatzea, eta jendaurrean «aldagela lekuz aldatze» bat baino ez dela esatea. Horren atzean «etengabeko xantaian» oinarrituko lan harreman eredu bat dagoela azaldu du eta greba deitzea ardura handia dela. Halaber gaineratu dute Petronor bideragarri egiten dutenak bere langileak direla, «egunero» findegian dihardutenak eta ez «ate birakariak» edota «etorkizuna ziurtatuko dieten milioi askoko pentsio planak» dituzten arduradunak.

Aldagelaren auziaz gain, nabarmendu dute protesta egiteko arrazoi gehiago dituztela: besteak beste, zuzendaritzak ez duela bete behin-behineko langileen lan poltsa kudeatzeko duela bi urte egin zuten akordioa. Halaber, arduratuta daude findegiko mantentze lanek okerrera egin dutelako. Kostuak aurrezteko asmoz harturiko erabakia dela uste du, eta okertze hori instalazioen egoera «tamalgarrian» sumatzen dela. Salatu dute enpresak segurtasunaren gainetik jarri dituela irabaziak, eta «nabarmen» ugaritu direla «larriak izan litezkeen» istripuak.

Epaiketa, urriaren 24an

Grebaren bidez, enpresa estutu nahi dute, eta konponbidera itzuli. Dena den, langile batzordeko kideek badakite kostako zaiela min egitea, azken urteetan egin dituzten grebetan —erregulazio txostenaren aurka, azpikontraten gehiegizko pisua salatzeko...— «gehiegizko» gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkietelako, eta behin ere ez dute lortu ekoizpena gelditzear egotea. Horiek horrela, epaitegietako bidea ere urratu dute beren eskaria lortzeko. Are gehiago, epaiketak data du jada: urriaren 24.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.