Eusko Jaurlaritzak bultzada bat eman dio Petronor egiten ari den erregai berriztagarrien garapen eta ikerketarako zentroari. Proiektu eraldatzaile izaera eman dio, eta horrekin batera iritsiko dira zenbait laguntza publiko. Zerrenda horretako laugarrena da, eta harreman estua du ITP Aerok hegazkin motorren turbina berriak garatzeko egitasmoarekin —aurkeztu zuten lehen proiektu eraldatzailea—. Zentroak 250 milioi euroren kostua izango du, eta bi gune izango ditu, biak Bizkaian: EIC Abantoko energia parte teknologikoa eta Petronor Bilboko portuan eraikitzen ari den erregai sintetikoen planta berria.
Gaur aurkeztu dituzte zentroaren nondik norakoak, Abanton. Petronorrek zuzenduko du, baina harekin batera beste 51 enpresa ariko dira, eta pisu berezia izango du Nortegasek, haren ardura izango baita erregai horien garraio sarea egitea. Bultzatzaileen arabera, 300 enplegu zuzen sortuko ditu hiru urtean, eta zeharkako 900.
Petronorrek argitu du «epe erdiko eta luzeko» egitasmoa dela. Bilboko portuko planta 2027rako martxan egongo da, eta bertan, batez ere, atxikitako CO2-aren bitartez ekoitziko dute erregaia. Enpresaren kalkuluen arabera, 800 autoren depositua betetzeko adina erregai sortuko dute egunean. Zentroaren bidez, baina, ekoizpen asmo hori urrunago eramatea dute xede.

Zentroan beste bioerregai batzuk ere garatuko dituzte, biometanoa eta hidrogeno berriztagarria, besteak beste. Egun, tankera horretako erregaiak petrolio oinarria dituenekin nahasten ditu Petronorrek. Hidrogenoa industriarako erabiliko bada ere, beste bioerregaiek erabilera asko izango dituzte: lurreko garraioa, airekoa, berogailuak… Hegazkinetan erabili ahal izate horrek ITPren turbina berrien teknologiarekin lotzen du.
62,5 milioi euro publiko
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak aurkezpenean esan duenez, orain arte aurkezturiko proiektu eraldatzaileen artean hauxe da «anbiziorik handiena» duena, eta zentroa bere tankerako aurrenekoa da Europan. Eta zenbat diru jarriko du Jaurlaritzak? Ez du daturik eman, baina 2030 Industria Plana aurkeztu zuenean Imanol Pradales lehendakariak argi utzi zuen zein den Jaurlaritzaren ekuazioa: euro bat jartzea hiru euro pribatu trakzionatzeko. Ondorioztatu daiteke, beraz, inbertsioaren laurden bat jarriko duela, 62,5 milioi inguru.
Bizkaiko Aldundiak «ahalmen fiskalarekin» babestuko du egitasmoa, eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak pizgarri fiskalen defentsa irmoa egin du aurkezpenean. Izan ere, Bizkaiak sozietate zergan kenkari mardulak onartuak ditu horrelako egitasmoentzat: %35 energia berriztagarrien inbertsioentzat, eta %75era artekoa energia berriztagarrien ikerketa eta garapena duten proiektuentzat. Kenkari horiek dezente arinduko dute Petronorren ahalegin ekonomikoa.
Petronor: %9 bakarrik ekialde hurbiletik
Petronorrek gaurko aurkezpena erabili du argitzeko Ormuzko itsasarteko krisia bere ekoizpen ahalmenean eragin gutxi izaten ari dela. Azaldu duenez, Muskizko findegira (Bizkaia) iristen den petrolioaren %9 baino ez du jasotzen Ekialde Hurbiletik. Adierazi du petrolio gehiena Atlantikoan barrena iristen zaiola, besteak beste Ameriketako petrolio astuna fintzeko azpiegitura egokia duelako.