Espainiako Polizia Sidenorrek Basaurin duen altzairutegia arakatzen ari da. Auzitegi Nazionalak agindutako ikerketa da, 2023tik 2025era Israelgo armagintza konpainia bati bidalitako altzairuarengatik. Ikerketa sekretupeko sumarioan egon arren, Espainiako Poliziak baieztatu du informazio hori.
Francisco de Jorge Auzitegi Nazionaleko epaileak Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea galdekatu zuen iazko azaroan. Israel Military Industries (IMI) Israelgo armagintza enpresarekin izandako hartu-emanari buruz galdetu zion. BERRIAk aurreratu zuen 42 altzairu bidalketa egin zizkiola 5,8 milioi euroren truke, eta horietako 33 Gazako genozidioak iraun bitartean izan zirela.Â
Enpresaburuak, berriz, bere deklarazioan ziurtatu zuen salmentak egin zituenean ez zuela debekurik urratu, eta azken bidalketa Espainiako Gobernuak enbargoa ezarri baino hiru hilabete lehenago egin zuen.
Epailea bi delitu posible ikertzen ari da: kontrabandoa eta gizateriaren aurkako delitu batean konplizea izatea. Epaileak uste du Sidenorrek bazekiela altzairu hori armak ekoizteko erabiliko zuela IMIk. Izan ere, enpresa horrek armak ekoizten ditu bakarrik: ez du arlo zibilik.
Ikerketa abiarazi zuen salaketa Palestinar Komunitatearen Kataluniako Elkartea-Terra Santa elkarteak jarri zuen. David Aranda abokatuak salaketaren nondik norakoak azaldu zituen BERRIAri emaniko elkarrizketan.
Enpresako iturrien arabera, Sidenorrek Poliziarekin lankidetzan dihardu, eta eskaturiko informazio guztia eman die agenteei. Ikertzaileak material informatikoaren bila ari dira batez ere.
Â