Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako eskariari erantzun dio Eusko Jaurlaritzak, eta baieztatu du Imanol Pradales haiekin bilduko dela datozen asteetan. «Eusko Jaurlaritza entzuten duen gobernu bat da», adierazi du Maria Ubarretxena bozeramaileak, gobernu bileraren osteko agerraldian. Ez du eguna zehaztu, hala ere.
Pentsiodunen mugimenduak duela bi aste erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean pentsioen osagarri bat sortzeko eskatzen duen HEL herri ekinaldi legegilea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 145.142 sinadura bildu zituen mugimenduak, ekinaldia tramitatu ahal izateko gutxieneko kopurua (10.000 sinadura) halako hamalau.
Ekinaldia aurrez aurre aurkezteko bilera bat eskatu zioten lehendakariari, eta ohartarazi zuten ez zutela ezezko erantzunik onartuko. Izan ere, gogorarazi zuten hilabeteak daramatzatela lehendakariarekin bildu nahian, baina oraingoz ez dutela lortu harekin zuzenean hitz egiterik. Bada, atzo elkarretaratze bat egin zuten Lehendakaritzaren aurrean, eskaria berresteko eta presio egiteko.
Hauteskunde Mahaiak sinadura guztiak balioztatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak hamabost eguneko epea izango du ekinaldiari buruzko txosten bat osatzeko, eta, horren ondoren, osoko bilkura batean bozkatu beharko dute gaia legebiltzarrean eztabaidatzeko onartu edo ez. «Iruzurtzat joko genuke gure eskaera Eusko Legebiltzarrean ez tramitatzea», adierazi zuten.
Horrenbestez, pentsiodunek Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin izango duten aurreneko bilera izango da 2018ko urtarriletik, hau da, mobilizazioak hasi zituztenetik. Izan ere, aurreko legealdian Iñigo Urkullu ez zen elkartu mugimenduko ordezkariekin, horretarako eskaria behin baino gehiagotan egin bazioten ere. Are, 2020ko ekainean, pentsiodunek salatu zuten Urkulluk bizkar eman ziela, haiekin bildu ordez «bere komenentziarako» bilera bat egin zuelako, beste elkarte batzuekin.