PSNk, PPk, Zurekin Nafarroak eta Voxek atea itxi diote gutxieneko soldata propioaren aldeko proposamenari

UPNk begi onez ikusten du erkidegoek euren errealitatera egokitutako gutxieneko soldata izatea, baina, eztabaida «sakonagoa» falta delakoan, abstenitu egin da. EH Bilduk eta Geroa Baik uste dute «aukera bat galdu» dela autogobernua sendotzeko.

Nafarroako Parlamentuan, EH Bilduko Laura Aznal PSNko Ainhoa Unzurekin hitz egiten. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako Parlamentuan, EH Bilduko Laura Aznal PSNko Ainhoa Unzurekin hitz egiten. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2026ko martxoaren 12a
17:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hemeretzi ezezko eta hamasei aldeko, hiru botoren aldeagatik ez da aurrera atera. PSNk eta Zurekin Nafarroak bat egin dute PPrekin eta Voxekin gutxieneko soldata propioari buruzko lege proposamena atzera botatzeko. UPNk begi onez hartu du eztabaida, baina, ironikoki, atea itxi dio egitasmoari. EH Bildu eta Geroa Bai ekinaldiaren bultzatzaileen arabera, «aukera bat galdu» da, baina, emaitza hain estua dela ikusirik, uste dute «gero eta gehiagok» bat egingo dutela eskaerarekin etorkizunean.

Bost egun falta dira greba orokorrerako, eta azkenean gaiaz eztabaidatu ahal izan da Nafarroako Parlamentuan. Izan ere, joan den urtean betoa jarri zitzaion eztabaidaren lehen aukerari: atzera bota zuten ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxaide sindikatuek aurkeztutako herri ekinaldi legegilea, nahiz eta 18.316 sinadura aurkeztu —legeak baimendutakoa halako hiru—. 

«Langileen bizi baldintzak hobetzeko erreminta gehiago nahi ditugu? Erantzuna baiezkoa bada, botoa ere bai»

PABLO AZKONA Geroa Baiko eleduna

Sindikatuek hauspotuta, EH Bilduk eta Geroa Baik lege proposamena aurkeztu zuten, eta gaur eguerdiko osoko bilkuran parlamentu talde bakoitzak bere ikuspegia azaldu ahal izan du azkenik. Gonbidatuen harmailetan eserita, bertatik bertara entzun dituzte azalpenak Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzaileak eta Imanol Karrera LABeko arduradunak.

Funtsean, proposamenak eskatzen zien Espainiako Gorteei langileen estatutuko 27. artikulua aldatzeko prozesuari ekiteko, autonomia erkidego bakoitzak ahalmena izan dezan bere errealitate sozioekonomikoari egokitutako lanbide arteko gutxieneko soldata finkatzeko. EH Bilduko Laura Aznalen arabera, aldarrikapena «erraza bezain bidezkoa» da. «Estatukoak baino prezio handiagoak ditugu. Etxebizitza erostea %26 garestiagoa da, eta alokairua, %40 garestiagoa; erosketa saskia ere antzera». Haren esanetan, supermerkatuetako prezioak %10 garestiagoak dira batez beste.

Nahiz eta azken zortzi urteetan gutxieneko soldata 736 eurotik 1.221 eurora igo den, Aznalek azpimarratu du Nafarroak erreminta hori izateak «baldintza prekarioenetan diren» 80.000 langileri egingo liekeela mesede, haietako gehienak gazteak, emakumeak eta migranteak. 

Atzerriko adibideak

Aznalek gehitu du herrialde berean hainbat gutxieneko soldata izatea ohikoa dela Europan eta munduan. «Adibiderik argiena Suitza da, hainbat kantonamenduk bere soldata propioa baitute». Alemanian ere mahai gainean dago eztabaida, «ez baitute egoera ekonomiko bera Bavieran eta garai bateko ekialdeko Alemanian». Ameriketako Estatu Batuetan soldata federal bat dago, baina estatuek eta zenbaitetan hiriek gutxieneko bat ezar dezakete. Antzeko adibideak daude Txinan, Kanadan, Brasilen eta Erresuma Batuan.

Aldez aurretik jakina zen proposamena zaila izango zela proposamena aurrera ateratzea, baina Geroa Baiko Pablo Azkona ahalegindu da ezker-eskuin aliatuak bilatzen. UPNri eskatu dio «autogobernuaren alde» dagoela froga dezala; PSNri eta Zurekin Nafarroari, berriz, adierazi die gizarte arloan urrats gehiago egiteko modua dela. «Herritarrei eragiten dieten auzietan erabakitzeko Nafarroak ahalmen handiagoa izatea nahi dugu? Langileen bizi baldintzak hobetzeko erreminta gehiago nahi ditugu? Erantzuna baiezkoa bada, botoa ere bai».

UPNren argudioa

UPNko Jose Javier Esparzak ez dio izkin egin eztabaidari, eta onartu du «pisu politiko handiko gaia» dela. Dena den, ez du uste eraginkorra denik langileen itxaropenekin jolasean aritzea, «Espainiako Kongresuan estatutua aldatzeko gehiengorik ez dagoelako». Gaineratu duenez, «greba orokorrera deitzea ez da konponbidea, ehun ekonomikoa suntsitzen baitu». Haren irudiko, manifestazioak eta elkarretaratzeak dira bidea aldarrikapen horri bide emateko, «eta ez greba». «Irudipena dut sindikatuen zuzendaritzek ikusgaitasuna behar dutela eta haien interesei erantzuten diela deialdiak». 

UPNren arabera, eskumenen banaketari eragiten dionez, «eztabaida juridiko sakonagoa» eskatzen du. «Baina prest gaude hitz egiteko», erantsi du. «Ez dugu bat egiten kafea denentzat ikuskera ona dela diotenekin. Zergatik? Lurralde bakoitzak bere errealitatea du, eta logikoa da bakoitzak bere errealitate ekonomikora egokitu nahi izatea».

«Ez dugu bat egiten 'kafea denentzat' ikuskera ona dela diotenekin. Logikoa da bakoitzak bere errealitate ekonomikora egokitu nahi izatea»

JAVIER ESPARZA UPNko eleduna

Gutxieneko soldata 1.500 eurora igotzeko aukerari ere ez dio muzin egin, baina, haren ustez, faktura hori ez lukete enpresa txikiek eta autonomoek ordaindu behar. «2025ean, aurreikusi baino 432 milioi euro gehiago bildu dira zergen bidez. Hitz egin daiteke lan errenta apalenei zergak jaisteaz?», galdetu du. Haren esanetan, «nahikoa marjina dago guztien artean esfortzu hori egiteko»

PSN eta ZN, kontra

PSN eta Zurekin Nafarroa, berriz, kontra azaldu dira, eta argudioetan euren ingurune ideologikoko sindikatuen oihartzuna antzeman zitekeen. PSNko Ana Biurrunen arabera, «Europarako soldatak bateratzera» jo behar da, eta «ez gutxieneko soldatak zatitzera». Gogora ekarri du Nafarroan langileen %92ri baldintzak sektoreko edo enpresako lan hitzarmenek arautzen dietela. «Negoziazio kolektiboa eta elkarrizketa soziala dira biderik eraginkorrenak lan baldintzak hobetzeko».

«Ez dugu nahi langile nafar bakar batek Espainiako batek baino egoera okerragoa izatea, baina ez dugu nahi langile espainiar batek nafar batek baino baldintza okerragoak izatea ere»

CARLOS GUZMAN Zurekin Nafarroako eleduna

Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanen arabera, «oso sakoneko auzia» da, eta Espainiako sistema kapitalistaren analisi zorrotza egitea eskatzen du, «ez baita kasualitatea Nafarroa, EAE eta Katalunia pribilegio egoeran egotea». Haren ustez, egungo egoerak arrakala ugari eragiten ditu lurraldeen artean. «Ez dugu nahi langile nafar bakar batek Espainiako batek baino egoera okerragoa izatea, baina ez dugu nahi langile espainiar batek nafar batek baino baldintza okerragoak izatea ere».

Azkenik, PPko Irene Royoren irudiko, erkidego bakoitzak gutxieneko soldata propioa izateak «hautsi egingo lituzke espainiarren arteko berdintasuna eta merkatu batasuna».  

PSN eta Zurekin Nafarroa kritikatu dituzte eLA-k eta LAB-ek

ELA eta LAB sindikatuek PSN eta Zurekin Nafarroaren jarrera kritikatu dute, «PPrekin eta Voxekin bat egin dutelako baldintza okerrenetan dauden langileen kaltetan». ELAko Imanol Pascualen iritziz, gutxieneko soldataren aldeko proposamena «oso borobila» da, «nafarren erabakitzeko eskubidearen alde egiten duelako eta solidarioa delako estatuko beste langileei dagokienez». Haren ustez, PSNk eta Zurekin Nafarroak «UGT eta CCOOren menpeko» direla erakutsi dute. «Ez dugu amore emango, eta azkenean lortuko dugu soldata propioa izatea». 
Era berean, LABeko Imanol Karrerak salatu du Maria Txibite izango dela autogobernua zabaltzeko aukerari uko egiten dion lehen lehendakaria —«ulertezina eta larria da»—, eta ziurtatu du UGTk eta CCOOk bultzatu dituztela PSN eta ZN  proposamenari ezezkoa ematera. «Haiek arrazoi identitarioa mahaigaineratzea leporatzen digute, baina gaur arrazoi identitarioekin uko egin diote aukera horri». Haren ustez, argudio zentralistak «onartezinak» dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA