Sabadell erosteko eskaintza hobetu du BBVAk

Bilbon sortutako bankuak arrazoitu du akziodunek zergarik ez ordaindu behar izateko hobetu duela eskaintza. Sabadelleko kontseilari ordezkariak erantzun dio eskaintza txarra dela oraindik ere.

Oliu eta Sanchez-Bueno Sabadelleko buruak, administrazio kontseiluak BBVAren eskaintzaren aurka daudela iragartzen, duela hamar egun. QUIQUE GARCIA / EFE
Oliu eta Sanchez-Bueno Sabadelleko buruak, administrazio kontseiluak BBVAren eskaintzaren aurka daudela iragartzen, duela hamar egun. QUIQUE GARCIA / EFE
Iker Aranburu.
2025eko irailaren 22a
11:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezetz eta ezetz. Hori esaten aritu dira azken egunotan BBVAko buruzagiak, galdetu izan dietenean Sabadell bankua erosteko eskaintza hobetzeko asmoa ote zuten. Baina hitzak haizeak daramatza, eta gaur goizean eskaintza hobetzea erabaki du Bilbon sortutako bankuak. %10 gehiago eskaintzen du orain. Eskaintza «txarra» dela erantzun dio Sabadell bankuko kontseilari ordezkariak, Cesar Gonzalez-Buenok.

Irailaren 8an abiatu zuen BBVAk Sabadell lehiakidea erosteko eskaintza publikoa. Eskaintza oldarkorra da, Kataluniako bankuko zuzendaritzaren eta administrazio kontseiluaren onespenik gabe egindakoa baita. Sabadellen akziodunen artean ere ez du, itxura batean, onarpen handirik izan. Akzioen erdiak Sabadellen bezeroen artean daudela ziurtatu zuen joan den astean Josep Oliu bankuko presidenteak, eta oso modu adierazkorrean azaldu zuen haietako zenbatek onartu duten dagoeneko BBVAren eskaintza: «Badakizu zenbat izan diren? Hartu garagardo botila horietako bat, 0,0 dioten horietakoa. Inork ez». Sabadellen akziodun handien artean inork ez du iragarri operazioan parte hartuko duenik.

BBVAk ez du jendaurrean aitortu Sabadell erosteko saioa ez doakiola ongi, eta arrazoitu du bere lehen eskaintzak kalte egiten ziela akziodun espainiarrei, dirutan jaso beharreko zatiak (0,7 euro akzioko) behartu egingo zituelako lortutako gainbalioarengatik zerga ordaintzera. Horren ondorioz, eskaintza berrian ez dago diru ordainketarik: BBVAk bere akzio bat (16,41 euro, ostiralean) eskainiko du Sabadellen 4,8376 akzioko (14,65 euro). Argudiatu duenez, lehen %1,8ko gainsaria eskaintzen zuen, eta orain %11,8koa.  

Gainsari hori, noski, aldakorra da; banku bakoitzaren akzioak merkatuan duen balioaren araberakoa da. Eta gaur goizean baten zein bestearen balioa jaisten ari da: %1,5 inguru BBVArena, eta ia %3 Sabadellena. Horrek esan nahi du BBVAren eskaintza onartzen dutenek gutxi gorabehera %3ko sari bat izango luketela. 

Eskaintza berriak CNMV merkatuen gainbegiratzailearen baimena jaso beharko du orain, eta, hori egin bitartean, eten egingo da eskaintza onartzeko epea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.