Azken fasean sartu da BBVAk Sabadell bankua erosteko abian duen saioa. Akzioak erosteko eskaintza publikoa aurkezteko baimena eman dio gaur CNMV Espainiako finantza merkatuen gainbegiratzaileak, eta Bilbon sortutako bankuak ez du itxaron: astelehenean abiatuko du operazioa.
Sabadelleko akziodunek urriaren 7ra arteko epea izango dute BBVAren eskaintza onartzeko edo atzera botatzeko. Onartuz gero, «Europako bankako proiektu erakargarrieneko bazkide izateko aukera» izango dute, Carlos Torres BBVAko presidenteak Sabadelleko akziodunei igorritako mezuak dioenez. BBVAren akziodun bihurtzekotan, dibidenduak %25 handituko zaizkie, Torresek ziurtatu dienez.
Urriaren 14an jakingo da zer erabaki duten Sabadell bankuko akziodunek. Kapitalaren erdiak baino gehiago baiezkoa emanez gero, operazioa gauzatu egingo da, BBVA akzio horien jabe egingo da, eta haren kontrolpean geratuko da Kataluniako bankua.
AEBetako merkatuen gainbegiratzaileak, SECek, onarpenaren muga kapitalaren %30era jaisteko baimena eman dio BBVAri, baina CNMVren %50,01ean jarri du muga hori. %90ek baiezkoa eman ondoren, gainontzekoak tituluak saltzera derrigortuta egongo dira.
Eskaintzari baiezkoa emanez gero, bi gauza eskuratuko dituzte Sabadelleko akziodunek: BBVAren akzio bat eta 0,70 euroren ordainketa Sabadelleko 5,5483 akzioko.
53Zenbat bulego dituen Sabadellek Euskal Herrian. Sabadell bankua 1881. urtean sortu zen, izen horretako Kataluniako hirian, eta batez ere enpresa txiki eta ertainentzat pentsatutako finantza erakunde bat izan da. Euskal Herrian 2010. urtean hartu zuen indar handia, Banco Guipuzcoano erosi zuenean. Gaur egun 53 bulego ditu Hegoaldeko lau lurraldeetan, eta bulegorik gabeko kutxa automatiko batzuk.
BBVAk aspalditik begiz joa du Sabadell, eta bat egiteko negoziazioak eduki izan dituzte bi administrazio kontseiluek. Baina, Sabadellek negoziazioak amaitutzat jo ondoren, 2024ko maiatzean BBVAk erosteko eskaintza publiko oldarkor bat aurkeztu zuen, 2024ko maiatzaren 9an.
Sabadellen zuzendaritzak ahal duen guztia egin du erosketa trabatzeko. Esaterako, TSB filial britainiarrak saldu zion Santanderri, 2.650 milioi euroren truke, eta lortutako diruaren zatirik handiena akziodunen artean banatu du.
Katalunian aurkakotasun politiko, ekonomiko eta sozial handia izan du Sabadell erosteko saioak. Erabakigune bat Madrilera joango delako kexu dira patronal, sindikatu eta alderdi politiko katalanak, eta esan dute enpleguan —bulegoak ixtea eta langileak kaleratzea ekarriko du— eta enpresei emandako maileguetan ere kalte egin dezakeela. Haiei keinua egiteko, aurtengo urtarrilean Sabadellek berriro ezarri zuen bere egoitza soziala Katalunian, zazpi urtez Alacanten eduki ostean —erreferenduma izan eta lau egunera eraman zuen hara—.

Espainiako Gobernuak ere ez du ezkutatu begi txarrez ikusten duela operazioa, baina, eragozterik ez zuenez, erosketa zailtzeko baldintza batzuk jarri zizkion BBVAri, joan den ekainean. Horrenbestez, erosketak aurrera eginez gero, hiru urtez praktikan entitate independente gisa jokatu beharko dute bi bankuek. Aldi horretan, BBVAk debekatua izango du bulegoak ixtea, eta mailegu kopuru bat bermatu beharko die enpresa txikiei eta ertainei.
Madrilen baldintza gogorren ondoren, BBVAk bazuen atzera egiteko aukera, baina ez zuen halakorik egin. Hori bai, Espainiako Auzitegi Gorenera jo du, baldintza horiek bertan behera uzteko asmoz.