Ehun dolarren langa aise gainditu du aste honetan Brent upelak, eta erregaien garestitzea areagotu egin da. Baina litekeena da hurrengo astea are okerragoa izatea ibilgailuaren depositua bete behar dutenentzat, Saudi Arabia bere petrolioa esportatzeko biderik gabe geratzen ari delako, eta, hortaz, litekeena delako petrolio eskasia areagotzea.
AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoa hasi arte, Ormuzko itsasartetik igarotzen zen munduan kontsumitzen zen petrolioaren eta erregaiaren %20 inguru. Erasoen ondorioz, itsasarte hori itxi egin dute batzuetan, eta trabatu besteetan, eta, ondorioz, handik esportatzen zutenek beste bide batzuk bilatu dituzte urre beltza merkatura irits zedin. Bide alternatibo horietan nagusia Ekialdetik Mendebalderako petroliobidea da, Saudi Arabiako ekialdeko putzu erraldoietako petrolioa mendebaldera, Itsaso Gorri ertzeko Yanbu portura, eramaten duen 1.200 kilometroko oliobidea.
Gerraren aurretik ez zuen askorik erabiltzen Saudi Arabiak —2,5 milioi upel egunean—, bezero nagusiak Asian dituelako, eta haiek hornitzeko biderik errazena Ormuz delako. Baina Ormuz trabatu zutenean, petrolio garraioa handitu zuen Saudi Arabiak Ekialdetik Mendebalderako oliobidean, eta, ekainean, egunean sei milioi upel ere garraiatu zituen. Abuztuan, ordea, 2,5 milioi baizik ez ziren, Yemengo matxino huthiek erasoak hasi zituztelako Itsaso Gorrian zeuden Saudi Arabiako petroliontzien aurka.Â
Punpatzeko estazioak
Petroliobidea lurrazpitik doa, basamortuaren azpitik pare bat metrora, baina 100-150 kilometrotik behin petrolioa punpatzeko estazioak daude lur gainean, eta horiei eraso egin zieten ostiralean, Iraketik abiatutako droneen bitartez. Uste denez, Iranen aldeko milizia xiita batzuek egin zuten erasoa. Aurretik talde horiek egin izan dituzte AEBen aliatuen aurkako erasoak, Bagdadeko gobernuak ezin izan dituelako kontrolatu.Â

Saudi Arabiak ez du azaldu zer kalte egin dioten erasoek instalazioei, baina satelite bidezko irudiek erakutsi zuten ke beltza irteten zela petroliobidearen tarte batean, Al Dhekra inguruan. «Badaezpada» itxi dutela zehaztu du, baina ez du jakinarazi berriro zabaltzeko moduan ote dagoen, ezta noiz irekiko duen ere.Â
Apirilean beste eraso bat egin zioten Ekialde-Mendebalde petroliobideari, baina Saudi Aramco petrolio konpainia publikoak berehala ireki ahal izan zuen hodia.
Suezko kanalaren bide luzea
Saudi Arabiaren petrolio industriak azken asteetan jasandako eraso sortaren azkena baizik ez da. Yemengo matxino huthiek txikizioak eragin dituzte Abha, Najran eta Jazaneko petrolio instalazioetan, eta eraso egin diete Itsaso Gorrian dauden petroliontzi saudiarabiarrei.
Gainera, talde horren azken erasoaldiak lur eremu handi baten gaineko kontrola eman diete, eta Bab el-Mandeb itsasartearen gero eta zati handiagoa kontrolatzen dute. Saudi Arabiak hura erabiltzerik ez badauka, haren ontziek Sueztik joan beharko dute, eta, Asiara iritsi nahi izatekotan, Mediterraneoa zeharkatu beharko dute, Afrika inguratu eta Esperantza Oneko lurmuturretik sartu Indiako ozeanora. Hain bide luzeak garraio gastuak areagotzea eta petrolioa garestitzea dakartza, eta, gainera, petroliontzi gutxiago uzten ditu libre joan-etorriak egiteko.Â
Huthiak xiitak dira —Iraneko erregimena bezala—, eta gerran ari dira Yemengo Gobernuaren —zeina nazioarteak onartzen duen— indarren aurka. Saudi Arabia da gobernu horren babesle nagusia, eta 2015. urtetik aurrera militarki ere esku hartu du huthien aurka, nazioarteko koalizio baten buru gisa. Saudi Arabiari kalte eginez, Yemengo gerra bere aldera lerratu ahal dutela uste dute huthiek, eta, bide batez, Irani laguntzen diote; izan ere, Saudi Arabiari beste arrazoi bat ematen diote AEBei presio egin diezaien konponbide bat lortze aldera.