Proposamen gogorren eguna da bihar Volkswagen taldean. Alemaniako autogilearen gainbegiratze batzordea berregituratze plan bat aurkeztekoa da, enpresaren kostuak txikitu eta Txinako lehiakideei aurre egin ahal izateko. Lantegi batzuk ixteko aukera mahai gainean dago, eta aurreikusten da dozenaka mila kaleratze iragartzea, baina sinbolismo handiko erabaki bat ere hartuko dute, Alemaniako prentsak kaleratu duenez: Seat marka desagerraraztea.
WirtschaftsWoche autogintza agerkari digitalak kaleratu duenez, barne agiri batek dio VWeko zuzendaritza taldeak Seat markako autoak ekoizteari utzi nahi diola, «beranduenik 2029. urtean». Seatek zehaztu du proposamena ez dela ofiziala, eta oraindik ez dela erabakirik hartu. Baina, aldi berean, aitortu du sektorea «eraldaketa sakonean» dagoela eta VW taldeak «lehiakortasuna eta eraginkortasuna» hobetu behar dituela.

Baina, edonola ere, proposamena ez da erabateko ezustekoa izan, azken urteetan VWek bigarren mailan jarri baitu Espainiako marka. Kontua da VWek ez zekiela merkatuan non kokatu Seat, Skoda bilakatu baita sarbideko marka, taldearen marka merkea, nolabait esateko. Horren ondorioz, Seatek urteak daramatza modelo berririk jaso gabe, eta hura da, VW taldekoen artean, auto elektrikorik eskaintzen ez duen bakarra.Â
Seaten ordez, Cupra
Neurri batean, bere buruari egindako zauri batek ekar dezake Seaten heriotza. 2018an, erosle gazteak erakarri nahian, Seaten zuzendaritzak Cupra adarra sortu zuen, eta kirol itxura handiagoko modeloak eskaintzen hasi zen haren bitartez.
Operazioak arrakasta izan du: aurtengo sei hilabeteetan, Europako Batasunean auto gehiago saldu ditu Cuprak (126.537), Seatek baino (102.568). Espainia da salbuespena, han Seatek saltzen baititu ia bi modelotik bat —Cupraren modeloen %17 baizik ez—.
933Zenbat Seat matrikulatu diren aurten Hego Euskal Herrian. 76 urte daramatza Seatek Euskal Herrian, eta marka arrakastatsua da oraindik —gehien saltzen direnetan bederatzigarrena da Hegoaldean—. Aurten, abuztura arte, 933 Seat matrikulatu dira Hegoaldean, eta 380 Cupra.
Frankismoak sortua
Seat edo Sociedad Española de Automoviles de Turismo 1950. urtean sortu zuen Espainiako gobernu frankistak, autoen ekoizpena bultzatzeko. Hasierako urteetan, Fiaten autoen bertsioak egin zituen, baina, 1970eko hamarkadan, auto propioak garatzen hasi zen; esaterako, Seat Ibiza arrakastatsua.
Enpresa publikoa izan zen harik eta 1986. urtean Espainiako Gobernuak Volkswagen taldeari saldu zion arte. Iruñeko Landaben orduan igaro zen Alemaniako taldearen altzora. Lantegi horretan Seat markako modeloak egin zituzten 1976tik 1983ra —Seat 124 eta Panda—, baina, Alemaniako konpainiaren esku geratu zenetik, VW markako autoak besterik ez dute egin oraintsura arte —Skoda Epiq elektrikoa ekoizten hasi dira uda honetan—. Â

Gaur egun, Seat modeloak Katalunian egiten dira, Martorell herriko lantegian —12.000 langile ditu—. Han dute egoitza Seatek eta Cuprak, eta hango langileak kezkatuta azaldu dira. Langile batzordeak «onartezintzat» jo du Seat marka galtzeko aukera, eta hori eragoztera deitu ditu erakunde publikoak. Matias Carnero (UGT) batzordeko buruak gogorarazi du VW taldeak laguntza publikoak jaso dituela Martorellen auto elektrikoak egin ahal izateko.Â
Hain zuzen ere, azken asteetan hasi dira Cupra Raval eta Polo ID modelo elektrikoak egiten Martorellen. Plataforma bera erabiltzen duten autoak dira, eta langile batzordeak beste plataforma bateko modeloak eskatu ditu, lantegiaren iraupena bermatzeko errekuntzako autoen ekoizpena geratzen denean ere. Aurten, lehen aldiz, Martorellen egindakoen artean gehiago izan dira Cupra autoak, Seat markakoak baino.
Landabenen, inbertsioak eta kontratazioak
Seat markaren desagertzeak ez dio zuzenean eragingo Landabengo fabrikari. Baina besterik da VWeko zuzendaritzak zer-nolako berregituraketa proposatuko duen talde guztiarentzat. Alemaniako hedabideek aipatu izan dute balitekeela pare bat lantegi itxi eta 100.000 langile kalean geratzea, taldeak hamabi milioitik bederatzira jaitsi nahi baitu ekoizpen gaitasuna. Baina, itxura guztien arabera, berregituraketak Alemanian bertan izango du eraginik handiena, taldeak han dituenez gero lan kosturik handienak. Edonola ere, VW taldearen zailtasunek kezka sortzen dute Nafarroan, Landabengo lantegia lurralde horretako ekonomiaren zutabe nagusietako bat baita.Â
Kezkari, datuekin erantzun nahi izan dio Nafarroako VWek. VW markako lantegirik eraginkorrena da, eta azken urteetan mila milioi eurotik gora inbertitu dituzte fabrika auto elektrikoentzat ere egokitzeko. Uztailean hasi ziren lehen auto elektrikoa ekoizten, Skoda Epiq modeloa, eta irailean hasiko dira VW ID.Cross elektrikoa muntatzen. Auto horiek esperotako arrakasta badaukate, 2027tik aurrera asteburuko txanda jarriko dute Landabenen, eskaerari aurre egiteko asmoz, eta baliteke horren ondorioz 1.050 langile kontratatzea.
Â