Nafarroako Volkswagenek lehen auto elektrikoa aterako du gaur produkzio lerrotik

Nafarroako Volkswagen Skoda Epiq ibilgailu elektrikoa ekoizten hasi da Iruñerriko fabrikan. Espero dute irailean merkaturatuko dutela beste modelo elektrikoa, ID-Cross.

Skoda Epiq modeloko ibilgailu bat. VOLKSWAGENEK UTZITAKO IRUDIA.
Skoda Epiq modeloko ibilgailu bat. VOLKSWAGENEK UTZITAKO IRUDIA.
joxerra senar
Iruñea
2026ko ekainaren 4a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etorri da etorkizuna Landabenera. Amaitu dira bi urteko egokitze lanak, eta prest da auto elektrikoak egiteko MEB+ plataforma. Aurreko asteetan ere jada lanean ari ziren, baina gaur aterako da ofizialki Skoda Epiq modelo elektrikoaren lehen ibilgailua ekoizpen lerrotik.

Nafarroako Volkswagenek espero du irailean ekoitziko duela beste modelo elektrikoa: VW-ID Cross. Fabrikaren helburua da urtea amaitu arte 61.743 auto elektriko egitea, produkzio osoaren %23. Abendura arteko datu gordinei begira, Skoda Epiq modeloaren ibilgailu gehiago egingo dira (37.245 auto). Izan ere, ID-Cross ibilgailuak hiru hilabete geroago hasiko dira ekoizten, baina azaroaren erdialdetik aurrera astean modelo horretako ibilgailu gehiago egingo dituzte.

Ekoizpen hori guztia errekuntza motorra duten ibilgailuenekin uztartu beharko dute hemendik aurrera. Azken bi urteetan, fabrikaren egokitze lanen eta produkzioaren murrizketaren ondorioz, aldi baterako espedienteak ezarri dira, egutegiak moldatu behar izan dituzte, eta hiru txanden sistema egokitu. Udako oporraldia amaituta, normaltasuna itzuliko da Iruñerriko fabrikara, eta multinazionalaren asmoa da datorren urtean azeleragailua zapaltzea.

VOLKSWAGEN
Volkswagen Nafarroaren sarrera, Iruñeko Landaben poligonoan. VILLAR LOPEZ / EFE

Izan ere, aurten orotara 262.000 ibilgailu ekoitziko dituzte. Aurrera begira, berriz, merkatuak erabakiko du nolakoa izango den errekuntza motorreko eta bateria elektrikoko ibilgailuen ekoizpena. Bien produkzioa bateragarri izatea nolabaiteko bermea bada trantsizio epe horretarako.

Kontratazioa eta produkzioa

Udazkenean hasiko dira negoziatzen 2027ko produkzio kopuruak, baina langile batzordeari helarazitako lehen proposamenaren aurka azaldu dira LAB, ELA eta CGT sindikatuak. Izan ere, datorren urtean produkzioa 360.000 autora heltzeko aukeraz hitz egin du zuzendaritzak, eta horretarako asteburuan txanda bat sortzea proposatu du. Egungo 5.000 langileen artean kontsultatu dute nor legokeen horretarako prest. 

«Elektrifikazioaren ondorioz, okertu egin dira lan baldintzak. Produkzio igoerari lan txanda gehiagorekin erantzun nahi dio Volkswagenek»

RAUL PORTILLO LABeko ordezkaria Volkswagenen

LABeko Raul Portillo oso kritiko mintzatu da proposamen horrekin: «Elektrifikazioaren ondorioz, okertu egin dira lan baldintzak. Produkzio igoerari lan txanda gehiagorekin erantzun nahi dio Volkswagenek. Gehiegi erabili nahi ditu behin-behineko langileak». Portilloren arabera, oraintxe nahikoa malgutasun neurri daude ezarrita produkzio igoerari aurre egiteko bestelako lan txandarik igo behar izan gabe. LABeko ordezkariak gogoan du gaueko txanda horrela ezarri zela: «Hasieran borondatezkoa zen, eta gero, derrigorrezkoa». 

Udazkenean argituko dira kontu horiek, baina langile batzordean gutxiengoa duten sindikatuek susmatzen dute UGT eta CCOO euren bizkar ari direla negoziatzen: produkzioaz eta egutegiaz gain hurrengo lan itunaren edukiaz hitz egiten ari direla uste du Portillok, aurten amaituko baita. 

Asteburuko txandaren aukera eta behin-behinekoak kontratatzearena loturik daude. Iragan urtearen amaieran, ELAk eta LABek jarritako salaketa baten ondotik, lan ikuskaritzak ondorioztatu zuen 151 kontratu behar bezala justifikatu gabe zeudela, eta 93 langileri kontratu mugagabea egitera behartu zuen. Hasieran enplegua erregulatzeko espediente bat aurkezteko mehatxua egin bazuen ere, VWek zigorra bete behar izan du.

Horren ondotik, ordea, sei hilabetetik urtebetera luzatu du produkzio arrazoiengatik egindako behin-behineko kontratuen iraupena. Horretarako, Nafarroako metalgintzako lan hitzarmena aldatu dute lehenik, eta horrek ahalbidetu egingo dio VWi enpresan kontratazio horiek egitea. Hala VWeko nola Nafarroako metalgintzako lan hitzarmenak aurten iraungiko dira. ELAk eta LABek salatu dute metaleko sektoreko lan hitzarmenaren aldaketa «Volkswagenen beharretara» egokitu dela. 

Portillok ondorioztatu du malgutasun neurri horrek «urtebeteko marjina» emango diola enpresari nahieran jokatzeko. Alfredo Morales langile batzordeko presidenteak (UGT) ziurtatu du horri esker VWek etorkizuneko produkzioa handitzea bermatuko duela. Tentuz mintzatu da, baina, Portillo. «Ikusiko dugu. Oraindik ez dakigu zenbatekoa izango den 2027koa».

Udazkenean etorriko da eztabaida hori, baina UGTri eta CCOOri zuzendaritzaren esanetara jokatzea leporatu die. Beldur da aldaketa guztien ondotik hauteskunde sindikaletara deituko ote duten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE