Siemens Gamesak galera txikiagoak izan ditu

2025eko azken hiruhilekoan 221 milioi galdu zituen, 2024koan galdutakoaren ia erdia. Aurten pare egitea da enpresa eolikoaren helburua.

Siemens Gamesaren egoitza nagusia, Zamudion. LUIS TEJIDO / EFE
Siemens Gamesaren egoitza nagusia, Zamudion. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2026ko otsailaren 11
13:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Poliki bada ere, galeren iturria ixten ari da Siemens Gamesa. Bere zerga urtearen lehen hiruhilekoan —2025eko azkenekoan—, haize errota eolikoen egileak 221 milioi euro galdu ditu. Galera handia da, baina 2024ko azken hiruhilekoan izandakoa baino nabarmen txikiagoa (-%47,7), orduan 423 milioi euroko zuloa egin baitzuen. 2019az geroztik 10.000 milioi euroren galerak pilatu ondoren, aurten kontuak orekatzea da konpainiaren asmoa.

Gainera, 2025eko azken hiruhilekoaren parterik handiena kontabilitate moldaketa bati dagokio. Izan ere, Indiako aktiboak saltzen amaitzearen ondorioz, 175 milioi euroren hornidurak egin behar izan zituen, eta horrek galera gisa azaldu behar izan du. Kontrara, kontuak puztu ditu elektronika elektrikoaren adarra ABBri saldu izanak.

Negozio hutsak, berriz, 46 milioi euroko galera izan du, kopuru «pozgarria» Siemens Gamesaren arabera, erakusten diolako enpresa onbideratzeko bidean dagoela. Christian Bruch Siemens Energyko kontseilariaren arabera, urteko lehen erdian dirua galduko du konpainiak, baina bigarrenean orekatuko ditu kontuak.

Iazko azken hiruhilekoarekin alderatuta, salmentak %33,7 apaldu dira (1.556 milioi euro), baina jaitsiera horrek badu azalpen bat: 2024 amaieran Ipar itsasoan 1.400 milioi euroko enkargu erraldoia izan zuen enpresak, eta aurten ez da halakorik izan.

Arazoak turbinekin

Gaur egun, offshore edo itsaso eolikoan dago Siemens Gamesaren negozioaren zatirik handiena, eta txikiagoa da, berriz, onshore eta lurrekoan. Azken hori da ofizialki Euskal Herritik gidatzen dena, baina alemaniarren gidaritzapean sartu zenetik arazo latzak izan ditu, 4X eta 5X turbina berriek egiturazko arazoak izan dituztelako, eta tarte luze batean ekoizpena geratu behar izan zuelako. Edonola ere, arazoak konponduta daudela esan du Siemens Gamesak, eta horren eskutik espero du galeren aroa bukatzea. 

Hain zuzen ere, Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak sortutako konpainiak, Aixerrotak, 4X modeloko hamasei haize errota erosi ditu Labrazan eta Azazetan (Araba) egingo diren bi parke eolikoetarako. Makina horietako batzuk Asteasuko (Gipuzkoa) fabrikan egiten dira.

2017az geroztik, Gamesa Alemaniako Siemens Energy multinazional handiaren parte da. Talde horrek irabazi mardulak ditu, beste hiru negozio bideei esker: gasa, energia banatzeko sare adimentsuak eta industriaren digitalizazioa. Iazko azken hiruhilekoan 677 milioi euro irabazi zituen, urtebete lehenago baino %242 gehiago. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.