Gutxieneko soldata propioa eztabaidatzeari ateak ez ixteko eskatu diete sindikatuek EAJri eta PSEri

Ehunka lagunek egin dute bat Bilbon ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, Hiruk eta Etxaldek deitutako manifestazioan. Eusko Legebiltzarrean bihar ebatziko dute gutxieneko soldata propioari buruzko herri ekinaldi legegilea tramiterako onartu ala ez.

Gutxieneko soldatari buruzko HELa tramiterako onartzeko eskatu dute manifestazioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gutxieneko soldatari buruzko HELa tramiterako onartzeko eskatu dute manifestazioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2025eko azaroaren 12a
15:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Biharkoa egun historikoa izan daiteke», hasi du mintzaldia Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiak. Baina segituan aitortu du onerako zein txarrerako izan daitekeela gogoan izatekoa. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean bihar dira bozkatzekoak gutxieneko soldata propioari buruzko herri ekinaldi legegilea (HEL) tramiterako onartu ala ez, eta, EAJren eta PSE-EEren adierazpenei erreparatuta, ezezkoa gailenduko da. Hori dela eta, jeltzaleei eta sozialistei jarrera aldatzeko eta eztabaidari ateak ez ixteko eskatu diete gaur ehunka lagunek Bilbon, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiruk eta Etxalde sindikatuek deitutako manifestazioan.

Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik abiatu da martxa, EAJ-PSE-Confebask pobreziaren errudunak. ¡SMI vasco ya! lelopean. Pankartaren aurrean, sei zenbaki handi, ekinaldi legegilearen alde bildu dituzten sinadura kopuruarenak: 138.495. Manifestazio zaratatsua izan da hasieratik, tarteka musikak girotuta, «Jaurlaritza, entzun gure hitza» eta «Hemen, orain, gutxieneko soldata» aldarri artean. Ezohiko ibilbidea egin du protestak, gainera, alderdi politikoak zuzenean interpelatzea izan baitu helburu.

Hala, Kale Nagusitik Iparragirre kalera sartu dira, handik Errekalde zumarkalera iristeko, bertan baitago PSEren egoitza: PSE pobreziaren erruduna zioen pankarta bat zabaldu dute bertan, sinadura kopurua sozialisten bulegoetara begira zegoela.

Ondoren, Colon de Larreategi kalea hartu eta EAJren egoitzara abiatu dira. Albia lorategietan ere beste pankarta bat ireki dute, Sabin Etxearantz seinalatzen duen gezi handi batekin: Pobreziaren errudunak. Bertan egin dute manifestazio amaierako ekitaldia. «Larritzat eta antidemokratikotzat» jo du Haizea Arbide Steilaseko ordezkariak Jaurlaritza osatzen duten alderdien jarrera, hau da, herri ekinaldi legegileari buruz eztabaidatzeari berari uko egitea; «herritarren borondateari men egitea» eta birpentsatzea galdegin die.

«Euskal Herrian gutxieneko soldatan 600 euroko aldea dago Irun eta Hendaia artean; herri ikuspegitik hori izan beharko litzateke EAJren helburua, eta gure legeak arrakala hori murrizten lagundu nahi du»

MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia

Izan ere, ekinaldi legegileak bi gauza on ditu, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren arabera: «Batetik, 138.000 pertsonaren baino gehiagoren bultzada, eta bestetik, argi daukagula Euskal Herrian ezin dela inor bizi 1.180 eurorekin eta horrek irtenbide bat eskatzen duela». Baina, indarguneak indargune, kezka agertu du, Jaurlaritzak legearen aurka aurkeztutako txostenak emandako «aitzakiekin». Lehenik, gutxieneko soldata Espainiako Gobernuaren eskumena dela argudiatu du Jaurlaritzak: «Baina Pradales lehendakariak esana du ahalmen politiko gehiago behar ditugula. Horregatik proposatu dugu lege hau, gutxieneko soldata hemen erabakitzeko».

Bigarrenik, Espainiako lan merkatuaren batasuna hausteko arriskuaz ohartarazi du Jaurlaritzak. «Ulergarria da Espainiako patronalak kezka hori izatea, baina ez nire atzean [Sabin Etxean] daudenek», adierazi du Lakuntzak; «Euskal Herrian gutxieneko soldatan 600 euroko aldea dago Irun eta Hendaia artean; herri ikuspegitik hori izan beharko litzateke EAJren helburua, eta gure lege honek arrakala hori murrizten lagundu nahi du».

Eneko Anduezari ere mintzatu zaio, esana baitu proposamen identitarioa dela sindikatuena: «Identitarioa da Espainiako merkatuaren batasuna inposatzea. Euskal Herriko langileek ez dituzte Espainiako baldintzak nahi, arrazoi sinple batengatik: okerragoak direlako». Hirugarrenik, txostenean hobetsi dute auzia Madrilgo patronalarekin negoziatzea. ELAko buruaren ustez, bere «ardura politikoari ihes egin nahian» dabil Jaurlaritza argudio horrekin: «Gutxieneko soldatari lotutakoak erabaki politikoak dira».

«EAJren eta PSEren dekadentziaren mugarria izango da: jarrera antisoziala, zentralista eta autoritarioa hartu dute gai honetan»

IGOR ARROYO LABeko koordinatzaile nagusia

Biharkoa, beraz, egun historikoa izan daiteke, baina, ezezkoa gailentzen bada, «beste zentzu batean» izango da historikoa, Arroyoren arabera: «EAJren eta PSEren dekadentziaren mugarria izango da: jarrera antisoziala, zentralista eta autoritarioa hartu dute gai honetan». Bereziki kezkagarritzat jo du bi hilabetean bi herri ekinaldi legegile baztertzea legebiltzarrean eztabaidatu aurretik ere. Ildo horretan, Imanol Pradales lehendakariari leporatu dio «herritarren borondatearen aurka» aritzea: «Patronalari mesede egiteko baino ez zaio interesatzen autogobernua. Eta horrek zera dakar, instituzioek prestigioa galtzea, eta hori arriskutsua da jarrera antipolitikoak zabaltzen ari diren garai honetan».

Beraz, eztabaidari ateak ez ixteko eskatu die EAJri eta PSEri: «Aurkeztu zuen proposamen eta zuzenketa propioak, baina eman bide debateari. Ez eman bizkarra euskal langileriari, argi geratuko baita norentzat gobernatzen duzuen». Biharko botoek ondorioak izango dituztela erantsi du: «Ez da bake sozialik izango. Gu aldaketa sozial eta politikoak bultzatzera goaz; bihar ez bada, etzi».

 

1.500

Zer gutxieneko soldata ezarri duten HELean. Herri ekinaldi legegilearen bidez, 1.500 euroren gutxieneko soldata eskatuko dute sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileentzat. Kopuru hori Espainiako Gobernuak ezarritakoa baino 316 euro handiagoa da —1.184 euro gordin, hamalau ordainketatan banatuz gero—. Proposamen hori babesten duten 138.495 sinadura aurkeztu zituzten abuztuaren 21ean Eusko Legebiltzarrean. Nafarroako Parlamentuan ere egin dute eskaera, baina ez du aurrera egin.

Edonola ere, bihar Eusko Legebiltzarraren zein erabaki hartuko duten dagoeneko badakite: HELak ez du aurrera egingo, haren aurkako botoa emango dutela iragarri dutelako jada Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, eta bi horiek gehiengoa dutelako. Mikel Torres Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak ontzat hartu izan du Euskal Autonomia Erkidegoan gutxieneko soldata propio bat izatea, eta talde bat ere eratu zuen haren kopurua zehazteko, baina azaldu du sindikatuek bultzatzen duten bidea ez doala inora. 

Sindikatuen arabera, aski da Espainiako langileen estatutuko 27. artikulua aldatzea EAEri gutxieneko soldata propio bat lortzea emateko, baina Jaurlaritzak eskatutako txosten juridiko batek dio gutxieneko soldata ezartzeko eskuduntza Espainiako Gobernuarena dela «esklusiboki», eta hori aldatzeko Espainiako Konstituzioaren 149. artikulua egokitu beharko litzatekeela. Torresek politikoki aukera urriak ikusten ditu horretarako, hainbat agenteren adostasuna beharko lukeelako. 

Espainiako Gobernuak berak esan du ez duela lege aldaketarik babestuko, eta bat egin du Torresek proposatzen duen bidearekin: negoziazio kolektiboaren bitartez ziurtatzea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmenek Espainiako SMIaren gainetik dagoen gutxieneko soldata bat bermatzen dutela. Hala egiten dute, berez, bertako hitzarmenek, baina arazoa da milaka langileren lan baldintzak Espainiako sektoreko edo enpresako hitzarmenek finkatzen dituztela, eta batzuetan gutxieneko soldata edo hortik gertu dagoen soldata bat baizik ez dutela bermatzen.

Aurrekaria

Esperotakoa bete eta Eusko Legebiltzarrak ezezkoa ematen badio proposamenari, aurten eztabaidatzeari uko egin dion bigarren ekinaldi legegilea izango da sindikatuena. Izan ere, joan den irailean, EAJ, PSE eta Voxen botoek bidea itxi zioten gutxieneko pentsioa 1.184 eurora igotzeko EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako ekinaldiari. 145.142 lagunen sinadurak jaso zituzten pentsiodunek gaia eztabaidatzeko eskatzeko. Edonola ere, amore emateko asmorik ez duela azaldu du EHPMk, eta abenduaren 18rako manifestazio batera deitu du, Jaurlaritzari eta hura osatzen duten alderdiei presio egiten jarraitzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.