Elkarrengandik urrun daude ELA eta LAB, baina gaur egun bada bi sindikatu subiranistak lotzen dituen zilbor heste bat: Hego Euskal Herrirako 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzearen aldeko borroka. Lan urtea baldintzatuko du eskaera horrek, eta bi sindikatuek lehen lerrora ekarri dute Maiatzaren Leheneko manifestazioetan. Lehen lerrora bakarrik ez, pankartetara ere bai: ELAk Gutxieneko soldata hemen erabaki lelopean egin du manifestazioa, eta LABek, berriz, Patronala esplotatzailea! Langileen alde. Gutxieneko soldata eta pentsioak hemen erabaki zioen mezuaren atzean.
Mobilizazio jendetsuen eguna izan da Bilbon. Maiatzaren Leheneko jaiegunak zubia osatzeko aukera ematen duen aldiro, deitzaileak urduri egoten dira, baina aurten hala ELAk nola LABek itxura oneko manifestazioak osatu dituzte Bizkaiko hiriburuan. Biek, gainera, eguna baliatu dute jakinarazteko jada martxan dela beste sindikatu batzuekin abiatu duten herri ekinaldi legegilearen aldeko sinadura bilketa. Ekinaldi horren bitartez, Eusko Jaurlaritza behartu nahi dute soldata propioa zehazteko behar dituen eskumenen transferentzia eskatzera. 10.000 sinadura behar dituzte tramitea osatzeko, baina askoz gehiago biltzea da asmoa.
«Lehendakariak uste du gutxieneko soldata igo behar dela? Eta hemen erabaki behar dela? Erantzuna baiezkoa bada, lanean hasi beharra dauka, eta patronalari exijitu behar dio negoziatzera esertzea»MITXEL LAKUNTZAELAko idazkari nagusia
ELAk sinadurak biltzeko mahaia jarri du Bilbon, eta handik pasatu da Mitxel Lakuntza idazkari nagusia Jesusen Bihotzaren aurrean jarritako oholtzara igo aurretik. «Hau hasi baino ez da egin. Gutxieneko soldata propioa Euskal Herrira ekartzea lehentasunezkoa da ELArentzat», nabarmendu du, eta galdera zuzena egin dio Imanol Pradalesi: «Lehendakariak uste du gutxieneko soldata igo behar dela? Eta hemen erabaki behar dela? Erantzuna baiezkoa bada, lanean hasi beharra dauka, eta patronalari exijitu behar dio negoziatzera esertzea».
Lakuntzak onartu du ez dela «aliantza sindikaletarako garairik onena», baina gutxieneko soldataren alde abiatutako borroka goratu du. Karga politiko handiko hitzaldia izan da , eta salatu du soldata propioa ezin lortzearen arrazoia zera dela, Hego Euskal Herriko lan erregulazioa Madrilen erabakitzen dela, eta EAJ, PSE eta EH Bildu ez dituela menpekotasun hori konpontzeko bidean ikusten: «Bitartean, Gasteizen, hiru indar politiko nagusiek estatutua erreformatzeko balizko kontsentsu baten berri ematen dute. Baina zertarako balio du estatutu berri batek ez baditu bermatuta egunerokoari eragiten dioten auzien gaineko eskuduntzak?».

Nazioartera begira ere jarri da, eta kritikatu egin ditu hala egun munduan zabaltzen ari den militarizazio prozesua nola NATOk harengan duen eragina. Eragin hori Euskal Herrian ere nabari dela esan du, eta «bereziki larria» dela Pradales eta Maria Txibite lehendakariek «desbide militaristari» babesa eman izana: «Nola da posible armagintza politika lehentasuna izatea milaka pertsona etxebizitza eskuratzeko aukerarik gabe dauden honetan?».
Azkenik, industria politika baten premia ere azpimarratu du, eta adierazi ELAk hura aldatzeko planteamendu oso bat aurkeztu diola Eusko Jaurlaritzari. Haren bi zertzelada azaldu ditu: 2.300 milioi euroko funts publiko bat sortzea eta BGAEen funtsak inbertitzeko baldintza zehatzak proposatzea. «Langileek bermatuta eduki behar dute parte hartzeko aukera, eta ekoizpenak herrialdean errotuta egon behar du», esan duenez.
ELAren manifestazioak Kale Nagusi osoa gurutzatu du, Plaza Biribileraino, eta indarrean dituzten borroka guztien pankartak eraman dituzte. Anekdoten bilduman sartzeko modukoa da azken txanpan ELAren martxa hamar minutuz geldirik egon behar izana LABekoak Plaza Biribila beste norabide batean gurutzatzen zuen bitartean. Koordinazioan behintzat badute zer hobetua bi sindikatuek.
LABek gorazarre egin die pentsiodunei
LABek Bilbon egindako manifestazioko pankartaren atzean zihoan Igor Arroyo koordinatzaile orokorra, eta hark egin du amaierako hitzaldia, udaletxeko eskaileretan —LABek Donibane Garazi ez beste hiriburu guztietan eta Tuteran (Nafarroan) antolatu ditu manifestazioak—. Lakuntzarenaren antzeko auziei heldu die: soldata propioa, burujabetzaren beharra langileei mesede egiteko, inperialismoaren suspertzea, industria politika... Bien arteko alderik handiena zera izan da, ezker abertzale politikoa kritiketan sartu ala ez.

Arroyok azaldu du pentsio eta soldata propioen aldeko borroka historikoa dela, eta denentzat bizi baldintza duinak lortzea dela haren muina. «Klase elkartasuneko printzipio bat da, ez dugu inor atzean utzi nahi, eta, alde horretatik, pentsiodunen mugimendua txalotu nahi dugu», nabarmendu du.
Soldata propioa lortzeko bi bideak goraipatu ditu: HELa batetik, zeina «sinadura bilketa erraldoi» batekin hauspotu nahi baitute, eta negoziazio kolektiboa bestetik. Negoziazioaren esparrua hizpide hartuta, gogor kritikatu du Confebasken jarrera, eta esan erakunde publikoetatik baliabideak eta aitortza «jaso eta jaso» baino egiten ez duen «parasito bat» dela: «Argi gera dadila ez dugula zuen ezezkoa onartzen. Zuen hipokrisia salatuko dugu, eta aurrean izango gaituzue».
«Jaurlaritzak industria plana azpikontratatu behar izan du. Deigarria da kudeaketan hainbeste urte eman ondoren hori egin behar izatea: dirudienez, ez dakite industria planik egiten»
IGOR ARROYO LABeko koordinatzaile orokorra
Nazio aitortzaren arloan eta erabakitzeko eskubidearenean ematen ari diren pausoak aipatu ditu. Esan du «estatu tresnak» beharrezkoak direla politika propioak egin ahal izateko; are, adierazi du burujabetza «langile jendea babesteko» baliatu behar dela, baita «enplegua, zaintza lanak eta aberastasuna babesteko» ere. Izan ere, uste du egungo autogobernu ereduaren «gabezia handienetakoa» dela pentsioak eta gutxieneko soldata propioa zehaztu ezina.

Nazioarteko egoera makurrarekin lotu du premia hori. Salatu du Donald Trumpek eta AEBek bultzatzen duten globalizazio «kapitalista, klasista arrazista, misoginoa eta harrapakaria» gailentzen ari dela: «Eroskeriaz batzuetan, indarkeriaz askotan». Militarismoa sustatzea leporatu dio, NATOren aterkipean, eta euskal elite ekonomikoei egotzi die gogo biziz besarkatu izana jarrera hori: «EAJk Europa militarizatzearen alde egin du. Militarismoa hanka sartze bat da, bizitza suntsitzen du, krisi ekologikoa bizkortzen du, eta murrizketa sozialak sortzen ditu».
Ez da izan Eusko jaurlaritzari eginiko kritika bakarra. Haren industria politika ere hizpide hartu du, eta ñabardura bat azpimarratu: «EAJ arrain atrofiatu bat da. Eusko Jaurlaritzaren plan industrialarekin ikusi dugu hori. Deigarria da kudeaketan hainbeste urte eman ondoren industria plana azpikontratatu behar izatea: dirudienez, ez dakite industria planik egiten».