Itunpeko soldatak %3,4 handitu dira batez beste Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Ohi ez bezala, igoera handiagoa izan dute estatu mailako lan itunetakoek. Urtearen amaieran, soldatapekoen %63,8k zuten berritua beren lan hitzarmena, azken urteotako kopururik handienak.

Hezkuntza publikoko irakasleen protesta bat Gasteizen, iazko apirilean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Hezkuntza publikoko irakasleen protesta bat Gasteizen, iazko apirilean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urtarrilaren 29a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Negoziazio kolektiboak urte eraginkorra izan zuen 2025ean. Lan hitzarmen asko eguneratu ziren, eta itun horietan inflazioari aurre egiteko eta aurreko urteetan galdutako erosahalmenaren parte bat berreskuratu ahal izan izateko soldata igoerak izan zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileek.

LHK Lan Harremanen Kontseiluaren arabera, iaz 185 lan itun berritu ziren hiru lurralde horietan: enpresako 175 (22.752 langile), eta sektoreko hamar (51.026 langile). Horiei batu behar zaizkie Espainian negoziatu arren Euskal Autonomia Erkidegoan eragina duten beste 72 hitzarmen (754.872 langile).

Aurreko urteetan lotu eta 2025ean ere indarrean zeuden itunak batuz gero, hiru lurraldeetako soldatapeko langileen %63,8k zuten hitzarmen eguneratua urtearen amaieran. LHK-k berak esan du ehuneko handia dela, eta beste datu bat ere nabarmendu du: 29.398 langilek daukate lan hitzarmen iraungia edo galdua (%4,5); aurreko urteko abenduan baino hamarren bat gutxiago eta kopururik txikiena 2012ko lan erreformak negoziazio kolektiboa trabatu zuenetik.

Hala ere, sexuen arteko arrakala nabaria da lan hitzarmenetan. Gizonen %68k dute lan itun eguneratua, baina portzentaje hori %58,6ra jaisten da emakumeen artean. Dena den, nagusiki berritzeko zain dauden hitzarmenetan dago aldea: soldatapeko gizonen %27,8 daude egoera horretan, eta emakumeen %36,5. Horrek erakusten du emakumeak nagusi diren sektoreetan —zerbitzuetan bereziki— pixka bat gehiago kostatzen ari dela lan baldintzak hobetzea.

Erosteko ahalmena

Soldatak izan ohi dira gairik arantzatsuena lan hitzarmenak negoziatzen direnean, eta ohikoena izaten da negoziazioak zailtzea inflazioa handia den garaietan. 2025ean ere inflazioa nahiko handia izan da ―%2,9 urte amaieran eta batez bestekoa―, baina hortik gorako soldata igoerak hitzartu dituzte sindikatuek eta patronalak. Zehazki, iaz Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan erregistratutako hitzarmenetan %3,11ko soldata igoerak adostu zituzten. Baina ohi ez bezala, igoerak apur bat handiagoak izan ziren Espainian lotutakoetan (%3,8). Hala, batez beste %3,4ko igoerak izan ziren iaz indarrean jarritako itunetan.

Gaur egun indarrean dauden hitzarmenen parekoa da portzentaje hori: itun horiek %3,32ko soldata igoerak izan zituzten iaz. Lurraldez lurralde, berriz, alde txiki bat dago: %3,68ko igoerak izan zituzten Gipuzkoakoetan, %3,09 Bizkaikoetan, %2,53 Arabakoetan, eta %3,57 Espainian sinatutakoetan.

Gainera, azken bi horiek dituzte lanaldirik luzeenak: urtean 1.718 ordu estatu eremuko itunetan, 1.711 ordu Arabakoetan, 1.699 Bizkaikoetan, eta 1.687 Gipuzkoakoetan. Iaz sinatutako hitzarmenetan batez beste 1.700 orduko lanaldia adostu zuten, aurreko urtean baino lau ordu gutxiago.

%2,89

 

 

Nafarroan, 127 itun hitzartu zituzten iaz, eta batez beste %2,89ko soldata igoerak jaso zituzten, Nastat estatistika erakundearen arabera. Enpresa itunak 196 izan ziren, eta 21 sektorialak edota enpresa taldeenak.

Lan gatazka gutxiago

Oro har, nabarmen egin du behera greba kopuruak. LHKren datuek diote urtarriletik urrira 164 greba deialdi egin dituztela hiru lurraldeetan (-%30,8). Hala ere, langile gehiagok parte hartu dute (%11,9), guztira 31.917 pertsonak, eta lanuzteak luzeagoak izan dira —lan egin gabeko orduak %48 gehitu dira—. Arrazoi nagusia unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoaren lan gatazka izan da: LHK-k nabarmendu duenez, sektore horrek pilatu ditu greba ordu guztien %78.

%15,5

 

 

Enplegua erregulatzeko espedienteak %15,5 gehitu ziren iaz. Guztira, 298 izan ziren, eta horietatik 241etan arrazoi ekonomikoak eman zituzten enpresek langileak kaleratzeko, kontratuak aldi baterako eteteko edo haien lanaldia murrizteko. Hala ere, langile gutxiagori eragin zien: 5.700 (-%33,3). Alegia, enpresa txikiagoetan ezarri ziren espediente horiek.

Behera egin dute, ordea, Preco lan gatazken bitartekaritza organora iritsitako gatazkek: 504 izan dira (-%15,9), baina langile gehiagori eragin die: 170.671 (%12,6).

Lan merkatuarekin loturiko beste datu bat azpimarratu nahi izan du LHK-k. Gogoratu du abendu amaieran 1.036.000 afiliatu zeudela Gizarte Segurantzan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta langabezia tasa %6,3koa izan zela, tasarik txikiena 2008. urtetik. Iaz, %10 jaitsi zen langabeen kopurua hiru lurraldeetan, eta bereziki emakumeen artean, %14,4.

Bizkaiko eta arabako metalgintzaren txanda

Negoziazio kolektiboak urte erabakigarria izango du aurten. Langile gehien biltzen dituzten hitzarmenetako bi negoziatu beharko dituzte: Bizkaiko metalgintzarena (57.000 behargin) eta Arabako metalgintzarena (25.000). Biak iraungita daude, luzapenean, eta jada osatu dituzte negoziazio mahaiak sindikatuek eta patronalek. Aurreko hitzarmenetako negoziazioak nola joan ziren kontuan hartuta, oraingoak ere luzeak eta beroak izatea aurreikusten da. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.