Habemus pactum. Kale edo bale elkartu dira sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Eta, gaurkoan bai, balekoak izan dira negoziazioak; lortu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleentzat lan itun berri bat adostea, BERRIAk jakin duenez. Sindikatu guztiek izenpetu dute akordioa, ELAk izan ezik. Horrenbestez, bertan behera utzi dituzte datorren asterako Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek—Interinok Taldea ere batu zen deialdira— deituta zituzten grebak, baita biharko mobilizazioak ere. Ez da nolanahiko auzia: erabakiak 27.000 irakaslerengan du eragina.
Nekeza izan da negoziazioa, korapilatsua eta luzea. Horren seinale, gaurko bilera sorta. Orduak pasatu zituzten negoziatzen; hiru aldiz bildu behar izan zuten negoziazio mahaia; 12:00etan elkartu ziren lehenengo, ordu eta erdi inguruan, baina ez zuten akordiorik lortu, eta 15:30ean bildu ziren berriro; orduan ere, itunik ez. Hortaz, arratsaldean beste bilera batera deitu zuten: lehenengo, 18:30ean ziren batzekoak, baina ordubete atzeratu zuten bilera, gero beste ordubete eta beste bat; 20:30ak inguru zirenean, epemugarik gabe atzeratuko zela iragarri duten arte; azkenean, 22:30 aldera elkartu ziren berriro, eta berehala iritsi zen iragarpena: itun berria izango dute irakasleek.
Steilasek orain arteko grebei eta protestei egotzi die lorpena: «Aurreko hilabeteetan egindako grebei eta mobilizazioei esker, Hezkuntza Saila mugiaraztea lortu dugu, eta, behingoz, negoziatzeko aukera izan dugu. Irmoki defendatu ditugu irakasleen lan baldintzak. Hezkuntza publikoa erdigunean jarri dugu». Hitz hutsetatik harago, lortutako neurriak bata bestearen atzetik zerrendatu ditu Steilasek. Lan zamari dagokionez, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan bi eskola ordu gutxiago eman beharko dituzte, 21 guztira; bi ordu horiek «norberaren irakaskuntza prozedurak hobetzeko» erabiliko dituzte. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, hamazazpi eskola ordu izango dituzte —Hedatze kontuan izanda—. Burokrazia murrizteko neurriak ere hitzeman dizkiete, eta, gainera, Hezkuntza Sailak lanpostuak sortuko ditu, 800 inguru, esterako, euskara sustatzeko.
Soldatetan ere ikusiko dute hobekuntza: orotara, %7ko igoera izango dute datozen hiru urteetan. Gainera, ordezkoen baldintzei dagokienez, 165 egunez lan egiten dutenek udaran soldata kobratuko dute, baita kotizatu ere, eta puntuazioetan ere aintzat hartuko diete. Langile taldeak gaztetzea zen sindikatuen beste eskaeretako bat. Steilasen arabera, 60 urtetik gorakoek erretiroa hartu arte jardunaldia heren bat murrizteko aukera izango dute; 65etik gorakoek, erdia.
Baikor mintzatu da LAB ere: «LABek lortu du Jaurlaritzak hasierako proposamenean jarri ez dituen baliabideak adostea euskalduntzerako, aniztasunari eta inklusioari erantzuteko eta hezkidetzarako, baita, hamabost urtean lehen aldiz, soldatak bertan adostea ere».
Negoziazio korapilatsuak
Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen bilerak ez dira publikoak; horrenbestez, ez dago jakiterik zer gertatzen den barruan. Alta, sindikatu batzuk eta besteek egin dituzte adierazpenak, bakoitzak bere aldetik. Eta bakoitzak egin du bere interpretazioa. Orain artean baino desadostasun handiagoak utzi dituzte agerian. Aurkia: Steilas eta CCOO. Ifrentzua: LAB eta ELA.
Kronologia
2024ko abenduaren 16a. Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek hamabi greba egun iragarri zituzten: lau irakasleentzat —urtarrilaren 22rako eta 23rako, eta otsailaren 26rako eta 27rako—; lau Haurreskolak partzuergorako —urtarrilaren 28rako eta 29rako, eta otsailaren 12rako eta 13rako—; eta lau garbiketa eta jangeletarako —urtarrilaren 30erako eta 31rako, eta otsailaren 19rako eta 20rako—.
Urtarrilaren 22a. Lehen greba eguna izan zen, irakasleena.
Otsailaren 10a. Haurreskolak partzuergoan lan hitzarmena berritzea adostu zuten; bertan behera geratu ziren grebak.
Martxoaren 11. Beste bost greba egunetara deitu zituzten irakasleak eta garbiketako eta jantokietako langileak.
Martxoaren 21a. Sukaldeko eta garbiketako lan ituna berritzea adostu zuten; bertan behera geratu ziren grebak.
Martxoaren 24a. Hezkuntza Saila eta sindikatuak batu ziren. Negoziazio mahai gatazkatsua izan zen. 02:00etan amaitu zen bilera, akordiorik gabe.
Martxoaren 25a. Irakasleek bigarren greba zikloa hasi zuten, eta greba egin zuten hilaren 25ean, 26an eta 27an.
Martxoaren 28a. Hezkuntza Sailak prentsaurrekoa eman zuen. Ziurtatu zuen akordio on bat lortzeko zorian zeudela.
Apirilaren 1a eta 2a. Berriz ere greba egin zuten. Amaieran, sindikatuek zera ohartarazi zuten: Hezkuntza Sailak aldarrikapenei erantzun ezean, oraindik ere bazutela indarra grebekin jarraitzeko.
Apirilaren 4a. Negoziazio mahaia bildu zen. Ez zuten aurrerapauso handirik eman; sindikatuen irudiko, Hezkuntza Sailaren negoziatzeko deia «itxurakeria» hutsa izan zen.
Apirilaren 9a. Sindikatuen arabera, Hezkuntza Sailaren azken proposamena jaso zuten. Iritzi diote ez dela nahikoa, ez diela behar bezala erantzuten irakasleen eskaerei.
Apirilaren 10a. Bost eguneko greba deialdia egin zuten
Maiatzaren 2a. Sindikatuek, hezkuntza komunitate osoaren babesa lortze aldera, manifestazioak deitu zituzten larunbat honetarako.
Maiatzaren 5a. Sindikatuek grebak erregistratu zituzten, eta ziurtatu zuten ez zutela Hezkuntza Sailaren deialdirik jaso.
Maiatzaren 6a. Hezkuntza Sailak iragarri zuen sindikatuekin bilduko zela eta proposamen berri bat egingo ziela.
Maiatzaren 8a. Negoziazio mahaia akordiorik gabe amaitu zen.
Maiatzaren 9a. Berriz bildu dira sindikatuak eta Hezkuntza Saila; oraingoan, lortu dute ados jartzea, eta bertan behera utzi dituzte grebak.
Steilasek du irakasle publikoen artean gehiengoa, eta sindikatuko bozeramaile Haizea Arbide baikor mintzatu da. Haren hitzetan, «aurrerapen txiki batzuk» ikusi dituzte Hezkuntza Sailaren proposamen berrian, eta «erantzukizunez» arituko direla ziurtatu du. CCOOko Sonia Aldabek ere «proposamen desberdina» izan dela nabarmendu du.
Ezkorrago mintzatu da LAB —bigarren indarra da eskola publikoetako irakasleen artean— lehen bileraren ostean, eguerdian, ohar batean: «Eusko Jaurlaritzak ez du hezkuntzaren kalitatea negoziazioaren erdigunean kokatu nahi». Haien esanetan, «soldaten eztabaida» ipini dute erdigunean, ez aparteko baliabideena: «LABek, langileen lan baldintzak hobetu asmoz, baliabideen esleipenean zentratu ditu bere ekarpenak, lan baldintzak hainbat modutara hobetu daitezkeelako eta eskoletan ditugun erronkei erantzuteko baliabideak indartzeak berebiziko garrantzia duelako; apirileko eskaintzatik hona ez du aurrerapausorik egin baliabideen esleipenen alorrean».
Arratsaldean, ohar irmoa zabaldu du ELAk ere. «Beste sindikatu batzuen» jarrerari erreparatu die: «Berriro ere istorio berdina errepikatzeko bidean gaudela ematen du: negoziazio mahaia geldirik dago, eta Hezkuntza Saila sindikatu batzuekin elkarrizketan ari da». Alta, ELAk «sakoneko aldaketak» nahi dituela nabarmendu dute. Eta: «Orain arteko proposamenek ez dituzte horiek jasotzen». Beraz, protestarako deia egin dute: «Grebak indartsu daude! Orain da unea aldarrikapenei eta mobilizazioei eusteko, ez amore emateko!».
Atzokoaren segida izan da gaurkoa. Izan ere, hilabete inguruan bildu gabe egon ostean, atzo arratsaldean mahai giran elkartu ziren Hezkuntza Saila eta sindikatuetako ordezkariak. Jaurlaritzak proposamen berri bat jarri zuen mahai gainean. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eman zituen haren zertzelada batzuk asteartean. Lau puntu nagusi aipatu zituen, lan baldintzak duinagoak izatea eta hezkuntza sistema hobetzea xede. Bat: Lehen Hezkuntzako ratioak 22 ikaslera jaistea. Bi: ikastetxe publiko guztietan irakasle gehiago jartzea. Hiru: hizkuntza proiektuetarako aholkulari gehiago jartzea. Eta lau: irakasleentzako «bidezko ordainsari proposamena» eta «testuingururik zorrotzenetan edo konplexuenetan» lan egiten duten irakasleentzako «berariazko errekonozimendua».
Alabaina, sindikatuei ez zitzaien nahikoa iruditu. Haien irudiko, ez zituzten jaso hezkuntza sistemak behar dituen adina baliabide. Hori horrela, Hezkuntza Sailak hitzeman zien atzorako beste proposamen bat egingo ziela, eta halaxe egin du. Lehenengoan ados jartzea lortu ez badute ere, azkenean, aldaketa esanguratsuak ikusi dituzte, eta, horrenbestez, balekoa begitandu zaie.
Lan gatazka luzea
Lan gatazka luzea izan da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikokoa. Irakasleek bederatzi greba egun egin behar izan dituzte ados jartzerako. Hauxe izan dute helburu: lan hitzarmena, hamabost urte dituena, berritzea.
Ez da azkenaldian Hezkuntza Sailak kudeatu duen gatazka bakarra. Greban egon dira Haurreskolak partzuergoko eta sukalde eta garbiketako langileak; horiek lortu zuten ads jartzea, eta bertan behera utzi zituzten lanuzteak.