Statkraftek 40 milioi inbertituko ditu Tuterako parke eoliko bateko haize errota zaharrak kendu eta berriak jartzeko

Montes de Cierzo parkeko 41 haize errota erretiratuko dituzte, eta lau errota handiagorekin ordezkatu. Gainera, biltegi energetiko bat ezarriko dute.

Statkraft enpresak kudeatutako Montes de Cierzo parke eolikoa, Tuteran. STATKRAFT
Statkraft enpresak kudeatutako Montes de Cierzo parke eolikoa, Tuteran. STATKRAFT
joxerra senar
2026ko otsailaren 4a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

2000ko abuztuan inauguratu zuten Tuterako Montes de Cierzo parke eolikoa, Nafarroan. Ordutik 25 urte baino gehiago pasatu diren honetan, parkea kudeatzen duen konpainiak, hau da, Statkraftek 41 aerosorgailu kenduko ditu, eta lau errota handiagorekin ordezkatu. 

Enpresa horrek prentsa ohar batean jakinarazi duenez, aurretik beste 44 haize errota kendu dituzte, eta hamar jarri. Birpotentziazio proiektua burutzean, haize errota gutxiago izango dira, 85en ordez hamalau hain zuzen, baina potentzia handitu egingo da: 60 megawattekoa ez, baizik eta 90ekoa izango da aurrerantzean. 

Taldeak gaineratu du litio ioizko bateria bat ezarriko duela parkean, eta jada baimen guztiak eskuratuak dituztela —ingurumenari, hirigintzari eta eraikuntzari dagozkionak—. Biltegiak 14,3 megawatteko potentzia du, eta 28,5 megawatt energia biltegiratzeko ahalmena. Bateria hori bi orduan kargatu eta deskargatu daiteke. Statfrakten arabera, biltegi horrek modua emango du «argindar ekoizpenak goia jotzen dueneko tarteak eraginkorrago kudeatzeko sarea gainezka dagoenean». 

Statkfratek azaldu duenez, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren menpeko IDAE erakundeak finantzatu du biltegiratze proiektuaren %24, Next Generation funts publikoen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.