Janari prestatua

Sukalderik gabeko etorkizunaren profezia

Urtez urte, gero eta janari prestatu gehiago kontsumitzen da Euskal Herrian: iaz, batez beste, hamalau kilo jan zituen Hegoaldeko herritar bakoitzak. Adituek, ordea, ez dute uste sukaldean egiteko ohitura galduko denik.

Lekak, janari prestatua saltzen duen Donostiako denda batean. GORKA RUBIO / FOKU
Lekak, janari prestatua saltzen duen Donostiako denda batean. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko urriaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Janari prestatua erosi, berotu eta jan. Denbora faltagatik, erosotasunagatik edo jakintza faltagatik, geroz eta gehiago dira Euskal Herrian janari prestatua kontsumitzeko ohitura hartu dutenak, eta etxean kozinatzeari utzi diotenak ere badira. Supermerkatuetan geroz eta zabalagoa da aukera, hiri eta herrietan ohikoak bilakatu dira eramateko janaria prestatzen duten dendak, eta Internet bidez bazkari eta afariak eskatzeko aukerak ere hedatzen ari dira. Noiz arte haziko da sektorea?

Espainiako Gobernuko Elikadura Ministerioak emandako azken datuen arabera, 2024. urtean ez zen handitu elikagaien merkatua, baina aurreko urtean baino %5,1 jaki prestatu gehiago saldu zen, eta sektorearen fakturazioa %8,9 handiagoa izan zen. Zaku horretan gehien saltzen diren produktuak zopak eta kremak dira, baina hedatzen ari dira jaki izoztuak eta berotu bakarrik egin behar diren tortillak ere.

Hego Euskal Herrian, batez beste, hamalau kilo janari prestatu jan zituen iaz biztanle bakoitzak, inoiz baino gehiago. Kontsumoa pixkanaka baina etengabe hazi da azken hamarkadan; pandemia garaian jo zuen goia, zertxobait apaldu zen gero, baina iaz 2020. eta 2021. urteetako markak hautsi ziren.

Txostenak sektorearen arrakastaren gako batzuk jasotzen ditu. Esaterako: erretiratuak, gazteak, haurrak dituzten bikoteak, guraso bakarreko etxeak, enpresetako langileak eta abar dira kontsumitzaileak; hau da, gehiago edo gutxiago, bezero profil guztiek jaten dituzte prestatutako jakiak. Eskaintza geroz eta zabalagoak merkatuaren zirrikitu guztietara heltzea ahalbidetu du.

Saltoki handiak dira onuradunik handienak, haietan saltzen baita janari prestatuaren %80 baino gehiago. Nabarmen hazten ari dira denda txikiak eta Internet bidezko salmenta ere, baina oraindik hipermerkatu eta supermerkatuetatik urrun daude.

Roigen profezia

Kate handiek, noski, badute goranzko joeraren berri. Juan Roig, Mercadonaren jabea, iragarpen bat egitera ausartu zen martxoan, eta esan zuen etxebizitzek ez dutela sukalderik izango 25 urte barru. «Sukaldeek geroz eta garrantzia txikiagoa dute etxeetan. Jateko prest atalarekin dirua irabazten ari gara jada, eta hazten segitzen du», adierazi zuen enpresaren emaitzak aurkezteko prentsaurrekoan. Valentziako supermerkatu kateak 2017. urtean jarri zuen martxan atal hori, eta iaz eman zizkion irabaziak lehen aldiz. Hego Euskal Herrian 41 saltoki ditu.

«Adierazpen zirikatzailea da, bere interesen araberakoa». Arantza Madariagarena da iritzia, Elika fundazioko zuzendariarena. Herritarrek sukaldean egiteari uztearen inguruko kezka agertu du, «etxean kozinatzeak jaten duguna kontrolatzea ahalbidetzen digulako, gure elikaduraren inguruan erabakiak hartu ahal izatea elikadura burujabetza delako, eta hori gertatuko balitz, gainera, gure elikaduraren, osasunaren eta identitatearen gainean erabakiko luketenen mende geratuko ginatekeelako».

Onartu egin du, ordea, azken urteotan asko handitu dela sektorea, eta ohiko bilakatu dela janari prestatua kontsumitzea. Zenbait faktoreren ondorio da: «Ohiturak aldatu egin dira, jendeak dio ez duela kozinatzeko astirik, eta janari prestatua erostea geroz eta irisgarriagoa da».

«Ez dugu zertan deabrutu janari prestatua. Euskal herritar askok jantoki kolektiboetan jaten dugu, plater prestatuak erosten ditugu harategietan, eta jatetxeetan etxera eramateko janariak enkargatzen ditugu»

ARANTZA MADARIAGA Elika fundazioko zuzendaria

Baina hedatzen segituko al du janari prestatuak? Zalantzak ditu Madariagak: «Joera horrek hazten jarraitu dezake gazteen eta kozinatzeko kultura bereganatu ez dutenen artean, baina egia da aukera osasungarrien eta jasangarrien inguruko interesak ere gora egin duela, eta litekeena dela janari prestatu ultraprozesatuen salmentak behera egitea».

Janari prestatuaren aldeko aldagai bat gehitu du: geroz eta gutxiago dira plater tradizionalak prestatzen dituzten herritarrak. Horiek egiteko denbora dezente behar da, lan handia dute, eta kantitate txikietan egiteak ez du merezi izaten, adibidez, lagun bat edo bi bizi diren etxeetan. Horregatik, eta gehienak hozkailuan ondo mantentzen direlako, horiek bilakatu dira janari prestatuaren sektoreko ikur: haragi bolak, txerri masailak, piper beteak...

(ID_14761660) ESPAÑA MERCADONA RESULTADOS
Juan Roig Mercadonaren emaitzak aurkezteko prentsaurrekoan, martxoan. ANA ESCOBAR / EFE

Badira Roigen diskurtso apokaliptikoa babesten ez duten aditu gehiago ere. BBK Kuna zentroak, esaterako, aurten argitaratu du Elikaduraren Etorkizuna EAEn izeneko inkesta, eta han argi dio: elkarrizketatu gehienek (%73,6) diote murriztu egin nahi dutela janari prestatuen kontsumoa, eta geroz eta gehiago kozinatu nahi dutela etxean (%76,6).

Braulio Gomez Deustuko Unibertsitateko soziologoak zuzendu du ikerketa. «Euskal herritarron ezaugarri kultural asko galtzen ari dira, baina otorduek oraindik ere badute osagai soziala, eta plazerarekin lotzen ditugu. Ikerketaren emaitzak ez datoz bat Roigen diagnostikoarekin», laburbildu du. Inkestan, gazteek argi utzi dute ez dutela nahi janari prestatuak sukaldeak ordezkatzerik, eta kontsumoaren hazkundea, nagusiki, denbora faltarekin lotu dute.

«Ez dut uste Roigek iragarritako apokalipsia gertatuko denik. Zure ordez kozinatzen dutenean, menpeko bihurtzen zara, eta enpresen kezka nagusia ez dira zure osasuna eta ongizatea, euren irabaziak baizik. Hori argi du Z belaunaldiak ere»

BRAULIO GOMEZ Soziologoa

Euskal Herria joera globalaren aurka dabil orduan? «Bueno, hemen makalagoa izaten ari da aldaketa», zehaztu du ikertzaileak. Espainiako Gobernuak emandako datuek berresten dute hark esandakoa: iaz, batez beste, Hego Euskal Herrikoek baino ia zortzi kilo janari prestatu gehiago kontsumitu zituzten Kataluniako biztanleek, eta ia bost gehiago Madrilgoek.

Gomezek dio kozinatzeko ohitura oinordetzan jaso dutela hemengo gazteek, harro daudela horretaz, ez dutela galdu nahi, eta euren etorkizuna sukaldeetan, tabernetan eta elkarte gastronomikoetan irudikatzen dutela: «Ez dut uste Roigek iragarritako apokalipsia gertatuko denik. Zure ordez kozinatzen dutenean, menpeko bihurtzen zara, eta enpresen kezka nagusia ez dira zure osasuna eta ongizatea, euren irabaziak baizik. Hori argi du Z belaunaldiak ere». Soziologoak duela 30 urte janari azkarra heldu zenekoarekin alderatu du gaur egungo egoera.

Baliabide bat

Munduan bestelakoa da joera. AEBetako Nekazaritza Departamentuak, adibidez, esana du geroz eta janari gutxiago prestatzen dela etxean, bereziki Ipar Amerikan, Australian eta Mendebaldeko Europan. Geroz eta gehiago dira pastak, gozoak eta mikrouhin labeko janariak bilakatu dituztenak euren elikaduraren oinarri.

Madariagak azaldu du Euskal Herrian zeintzuk kontsumitzen diren gehien: plater izoztuak —lasagnak, pizzak eta arrozak—, snack-ak, eramateko ogitartekoak, eta zopa eta krema ontziratuak.

Kalitatezko jaki prestatuen aldeko aldarria egin du: «Ez dugu zertan deabrutu janari prestatua. Euskal herritar askok jantoki kolektiboetan jaten dugu, plater prestatuak erosten ditugu harategietan, jatetxeetan etxera eramateko janariak enkargatzen ditugu; are gehiago, Gabonetan jateko ere plater tradizionalak eskatzen ditugu». Haren iritziz, arriskua da janari prestatu gehiegi kontsumitzea, bereziki ultraprozesatu gehiegi, «sukaldean aritzeko denborarik ez dugula argudiatuz».

Erreportaje sorta honetarako elkarrizketatutako zenbait lagunek azpimarratu duten ideia bera nabarmendu du Elikako zuzendariak ere: janari prestatua baliabide bat izan daitekeela, etxean kozinatzearen osagarri bat. Kontsumitzaileek denborarik ez dutenerako, plater jakin bat jateko sukaldean bi edo hiru ordu pasatu nahi ez dituztenerako edo, zergatik ez, egun alferra dutenerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.