Madrilgo eta Singapurko jatetxeetan hamabost urtez lanean ibili ostean, etxera itzuli eta negozio propioa jarri du martxan Mikel Badiola sukaldariak (Zarautz, Gipuzkoa, 1991). Ireki duena ez da jatetxe bat, ordea: janari prestatua egiten du Tabaon, Astigarragan (Gipuzkoa) duen lantegian.
Ikusi gehiago
Izenak urrun du jatorria, Asian egindako bidaietako batean, baina Badiolak eskaintzen duena gertukoa da: «Oraindik ere, janari prestatua kalitate txarrarekin lotzen du jendeak, baina guk egiten duguna eguneroko janaria da, kalitatezkoa».
Sektore horretan sartzera zerk bultzatu zuen kontatu du: «Kontuan hartu nituen egin beharreko inbertsioa eta lana, baita hazteko izango nituen aukerak ere, eta argi ikusi nuen jatetxe bat irekitzea baino aukera hobea zela». Izan ere, azaldu du aukera sorta «oso zabala» dela sektorean, eta oraindik ere gutxi direla kalitate oneko janari prestatuen dendak.
«Saltoki handietan ez duzu aurkituko izokina plantxan eginda, arrozarekin eta barazki batzuekin, eta, azkenean, hori da jendeak egunerokoan kontsumitu nahi duena»
MIKEL BADIOLA Tabaoren sortzailea
«Horrelako negozio batekin, gainera, errazagoa da lantalde on bat lortzea, kontziliaziorako erraztasun gehiago ematen dituelako. Tabaoko sukaldariek astelehenetik ostiralera egiten dute lan, eta ordutegi jarraitua dute, edozein lantegitan bezala», esplikatu du.
Astigarragako lantegian saltzen ditu bere produktuak, eta denda bat ere badu Donostiako Antigua auzoan. Baina eskaintzen ditu zerbitzu gehiago ere: ekitaldietarako cateringak, enpresetako bazkariak...
Eta zer du berezia Tabaok? «Ikusi nuen janari prestatu ia guztia saltsan egindako jakiak zirela: haragi bolak, piper beteak, txerri-masailak, txibiak... horiek astean behin edo bitan jan ditzakezu, baina nekagarriak dira egunero jateko», iritzi du. Supermerkatuetan ere topatu daitezke, gainera, halako platerak. «Saltoki handietan ez duzu aurkituko izokina plantxan eginda, arrozarekin eta barazki batzuekin, eta, azkenean, hori da jendeak egunerokoan kontsumitu nahi duena».
Badiolak eguneko bost edo sei plater eskaintzen ditu 8,5 euroan, berotu eta jateko prest. Horrez gain, baditu berak egin eta pasteurizatutako produktuak, hogei eguneko iraungitze data dutenak: haragi bolak, hegaluzea tomatearekin, arroza txirlekin... Produktu izoztuak ere saltzen ditu —kroketak, lasagna eta abar—, eta krema eta salda esterilizatuak ere bai, «kontserbagarririk gabe, botiletan».

Baditu janari prestatua egunero erosten duten bezeroak. «Dendara egunero etortzen direnak 15-20 inguru dira. Nagusiki erretiratuak dira, eta haurren eta lanaren ondorioz kozinatzeko denbora askorik ez duten gurasoak», azaldu du Badiolak. Uste du horientzat «baliabide bat» dela janari prestatua: «Agian ez dute egunero jango, baina denboraz larri dabiltzanerako baliabide erabilgarria da».
Sektoreaz galdetuta, argi dio: «Lana barra-barra dago, baina konpetentzia ere handia da». Berearen moduko enpresa txikien egoera nekazarienarekin alderatu du, eurek ere supermerkatuekin borrokan ibili behar baitute etengabe. «Deitu izan didate nire produktuak euren saltokietan saltzeko, baina baldintza eskasak jartzen dizkizute, eta epe luzera haien mendeko bihurtzen zara». Horren aurrean, argi du Tabaoren balioa dela «etxeko janaria egitea eta gertuko tratua eskaintzea. Bezeroak eskatzen duen edozertara egokitzen gara».
Hazteko asmoa
Oraingoz bi saltoki ditu martxan Tabaok, baina epe motzean beste zenbait irekitzeko asmoa du Badiolak: «Egin dudan inbertsio handiena lantegia da, eta orain %10ean ari da funtzionatzen». Ez zuen nahi sukaldearen tamaina hazteko oztopo izatea, hor gaitasuna izanez gero nahi adina denda ireki baititzake gero.
Hori bai, baztertu egin du etxerako zerbitzua eskaintzea. Gastu handia dela eta, ia ezinezkotzat jo du bere banaketa sistema propioa sortzea, «eta Glovok eta antzekoek sekulako komisioak kobratzen dituzte».
Amaitzeko, Badiolak berretsi du sektorea hazten ari dela, eta Euskal Herrian mordoxka bat direla berearen antzeko enpresak. Etxera bueltan, janari prestatuaren alorrean topatu du bere pasioa den ogibidean jarraitzeko aukera.
Ikusi gehiago