Janari prestatua. Gesalaga taldea

Gutizia artean bidea egiten

Zarauzko Gesalaga taldea asko hazi da azken urteetan, eta 207 langile ditu jada. Iaztik %30 egin du gora plater prestatuen salmentak, eta ostalaritzan ari dira gehien hedatzen.

Gesalagaren plater prestatuak, Zarauzko dendan. GORKA RUBIO / FOKU
Gesalagaren plater prestatuak, Zarauzko dendan. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
Zarautz
2025eko urriaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gesalaga taldeari hiru urte eskas falta zaizkio 50 urte betetzeko, eta, itxura guztien arabera, olatuaren gainean helduko da urteurren horretara. Eskutik emanda hazi dira janari prestatuen eskaria eta enpresaren ekoizpena. «Nabaritzen dugu jendeak geroz eta gutxiago kozinatzen duela, denbora gutxiago eskaintzen diola sukaldean egiteari, eta nagusiki horrek eragin du plater prestatuen eskaria handitzea», kontatu du Edur Garcia zuzendari komertzialak. Azken urtean %30 egin dute gora Gesalagaren jaki prestatuen atalaren salmentek.

Taldeak 207 langile ditu, eta Zarauzko Abendaño industrialdean dituen pabiloietan ekoizten ditu produktu guztiak. Errusiar entsaladak, txipiroiak tintan, bakailaoa pil-pil erara, piper beteak, lasagnak... eta, bereziki, kroketak. Horiek dira, haragiarekin batera, taldearen ikur nagusia: «Hoztutakoen eta izoztutakoen artean 32 motatakoak ditugu. Tradizionalak dira batzuk —urdaiazpikoarenak, bakailaoarenak, oilaskoarenak...—, eta berritzaileagoak beste batzuk —idiarenak, onddo eta trufarenak...—». Produktu horiek Gesalaga, Croqueta y Presumida, Okelan eta Sura markekin topatu daitezke merkatuan.

«Langile prestaturik ez dutenez, gureak bezalako jaki prestatuak konponbide bat dira ostalarientzat, eta oso ondo funtzionatzen dute»

EDUR GARCIA Gesalaga taldeko zuzendari komertziala

Garciak azaldu du ekoizten dituzten jaki gehienek ez dutela kontserbagarririk, eta, horregatik, pasteurizatu egiten dituztela. Berotu eta jateko prest saltzen dituzten platerek batez beste 35 egun irauten dute hozkailuan.

Badituzte barazki menestrak, barazki lasagnak eta haien antzeko produktu osasungarriagoak ere, baina, Garciaren arabera, gutizia bat ase nahi duten bezeroek nahiago izaten dituzte bestelako  platerak. Dena den, egunero kontsumitu daitezkeen plateren arloa gehiago lantzeko asmoa dutela iragarri du.

gesalaga 3
Haragia eta bereziki txuletak ere merkaturatzen ditu Gesalagak. GORKA RUBIO / FOKU

Denetariko bezeroak dituztela dio, baina 30 urte gainditu berri dituztenek kontsumitzen dutela gehien. Adinekoak ere bezero onak direla adierazi du: «Asko bakarrik bizi dira, eta ez dira hasten etxean txipiroiak tintan prestatzen. Horientzako baliabide bat da pertsona bakarrarentzako errazio bat erostea, kapritxoa bete eta sukaldean egin beharrik ez izateko».

Janari prestatuek duten ospe txarrari buruz galdetuta, aitortu du iraganean «modu askotara» egin dela lan, «negozio mota asko» landu direla, baina gaur egun jada «kalitate onargarria» dutela halako jakiek, eta badaudela lana ondo egiten duten enpresak ere. «Guk kalitatean ezberdindu nahi dugu, eta ez horrenbeste prezioan. Gure produktuak goi mailakoak dira, kalitate handikoak». 

Denda propioa

Gesalagak bi lan lerro nagusi ditu. Bat harategiena, urdaitegiena eta supermerkatuena da, eta bestea, ostalaritzarena. Guztietan ari dira gora egiten salmentak, baina gehien, ostalaritzan: %60 azken urtean. «Ostalaritzak arazoak ditu langileak lortzeko. Behargin prestaturik ez dutenez, gureak bezalako jaki prestatuak konponbide bat dira ostalarientzat, eta oso ondo funtzionatzen dute», azaldu du komertzialak.

gesalaga 2
Gesalagaren lantegia eta denda, Zarautzen. GORKA RUBIO / FOKU

Martxan jarri duten azken proiektua Marmarra da, Abendaño industrialdean bertan zabaldu duten denda. Han euren eskaintza guztia topatu daiteke: kroketak, frijituak, plater prestatuak, giozak, haragia, urdaitegia, hanburgesak... Iazko azaroan zabaldu zuten, eta, Garciaren arabera, «bikain» ari da funtzionatzen: «Hilabetez hilabete handitzen ari dira salmentak». 

Proba pilotu bat dela esan du, eta behin funtzionamendua eta negozio eredua fintzen dituztenean Euskal Herriko eta Espainiako hiri nagusietan antzeko dendak zabaldu nahi dituztela: «Guztiek disfrutatu dezaten gure produktuez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.