«Kopuruak bi halakotzen ari dira sektore horretan, horren jakitun gara, baina ez da gure apustu nagusia». Pedro Galdos BMko marketin zuzendariak horrela laburbildu du supermerkatu kateak janari prestatuaren inguruan duen politika. «Guk beti elikadura osasuntsuaren kulturaren alde egiten dugu, eta arreta produktu freskoetan jarria dugu», zehaztu du.
Dena den, ez du ukatu adi daudela sektorea izaten ari den hazkundeari. Haren ustez, janari prestatuaren industria transformazio eta dinamismo handiko garai batean dago, eta hazten segituko du: «Ez dakit hori ona den ala ez, baina ziur nago hazten jarraituko duela».
Ikusi gehiago
Supermerkatuek zeresan handia dute joera horretan —jaki prestatuen %80 baino gehiago saltoki handietan saltzen dira—, eta Galdosek aipatu du beste kate batzuek, Mercadonak kasurako, apustu handia egin dutela sektore horren alde. Azaldu du gizarteak berak bultzatu dituela horretara: gaur egungo bizi erritmoak, etxeetan sukaldeek protagonismoa galdu izanak...
«Salmentak handitzen segitzeko, gero eta gehiago lotu beharko dira zer komeni den eta nola elikatu modu osasungarrian»
PEDRO GALDOS BM supermerkatuetako marketin zuzendaria
«Komenentzia da hazkundearen arrazoi nagusia, hori da motorra. Bizi estilo azkarragoak ari dira nagusitzen, eta lagungarria da sukaldean egin beharrik ez izatea». Hala ere, salmentak handitzen segitzeko, gero eta gehiago lotu beharko dira, haren ustez, zer komeni den eta nola elikatu modu osasungarrian, «bezeroek kalitatezko elikagaiak, gertukoak eta jasangarriak eskatzen dituztelako».
Horregatik, BMn saltzen dituzten jaki prestatuek berme horiek izatea nahi dute, eta tokikoak dira euren hornitzaile nagusiak. Halaber, aitortu du beste supermerkatu kate batzuekin alderatuta badutela bidea egiteko, eta euren zeregina dela horrenbeste hazten ari diren alorrei adi egotea, «garatzeko espiritua izanda, baina erotu gabe. Argi dugu gure bidea zein den».
Kalitateaz galdetuta, Galdosek erantzun du badaudela sektore horretan lan ona egiten ari diren ekoizleak. BMk, nagusiki, haien produktuak saltzen ditu, eta ez du apenas janari prestatuaren ekoizpen propiorik, eta saltokietan ere ez dute ia ezer kozinatzen.
«Probatxo batzuk egin ditugu», hasi da. «Gure supermerkatu handienetako arrandegietan eta harategietan, adibidez, prestatzen ditugu zenbait jaki, tenperatura baxuan, horretarako diren makina batzuetan. Baina oso oinarrizko ekoizpena da: produktua, olio tanta bat eta makinara».
Praktikotasunaren alde, batzuetan
Beste zenbait adituk bezala, azpimarratu du garrantzitsua dela janari prestatuak eta jaki ultraprozesatuak ez nahastea. «Gauza bera direla eman dezake, baina ez da berdina». Esplikatu du BMk ez dituela ultraprozesatuak sustatu nahi, «eta hemen inguruko beste supermerkatu batzuek» ere ez: «Saltzen ditugun plater prestatuak ez dira hemendik urtebetera kontsumitzekoak».
Amaitzeko, kontatu du jaki prestatuak saltzeko garaian badituztela muga batzuk oraindik, «aurreiritziekin lotutakoak», eta horiek baztertzearen alde egin du. Kalitatea asko hobetzen ari dela dio, geroz eta produktu osasuntsuagoak ekoizten direla, eta kontuan hartzeko baliabide bat direla: «Ez dira inoiz izango etxean prestatutako jakiak bezalakoak, noski, baina baliagarrik izan daitezke behartzen garenerako. Ez dira deabruak. Batzuetan praktikotasunaren alde egin behar da».
Ikusi gehiago