Superabitarekin amaitu dute urtea Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak

Nafarroak kutxan 575 milioi euro zituela amaitu zuten 2025. urtea. 70 milioi euroren soberakina izan du Jaurlaritzak.

Noel d'Anjou Jaurlaritzako Ogasun sailburua eta Imanol Pradales lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Noel d'Anjou Jaurlaritzako Ogasun sailburua eta Imanol Pradales lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Iker Aranburu.
2026ko martxoaren 31
16:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zerga bilketa handia baliatuta, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute defizit publikora jo beharrik izan. Hala batek nola besteak BPGaren %0,3ko defizit muga hitzartu zuten Espainiako Gobernuarekin, baina zenbaki gorriekin ez, superabitarekin amaitu dute urtea.

Nafarroako Gobernua orain ari da aztertzen zer egingo duen 2024ko 271 milioi euroren superabitarekin. Bada, aurki hasi beharko du 2025ekoarekin zer egin erabakitzen, urte horretan gastatu baino 575 milioi euro gehiago bildu baitzituen, Espainiako Ogasun Ministerioak gaur zabaldutako datuen arabera. Barne produktu gordinaren arabera neurtuta, superabita iazkoaren halako bi da, %2,04 hain zuzen ere. 

Jaurlaritzari dagokionez, 2024an 584 milioi euroren defizita izan zuen (-%0,64), baina 2025ean kontuak orekatu zituen, eta superabit txiki bat lortu, 70 milioi eurorena  (%0,07). 

Bai gobernu batek eta bai besteak %0,3ko defizit muga hitzartu dute Espainiako Gobernuarekin hurrengo urteetarako. Beste erkidego gehienek baino muga erosoagoa dute —kopuru orokorra -%0,1 da—, beste askok baino kontu publiko saneatuagoak dituztelako. Muturreko kasuetako bat Valentziarena da: iaz %1,54ko defizita izan zuen, eta haren zorra BPGaren %40,7 da.

Espainiak helburua bete du

Oro har, autonomia erkidegoek %0,18tik %0,3ra handitu zuten iaz beren defizita. Edonola ere, Espainiako Gobernuak aise lortu zuen Europako Batzordearekin hitzartutakoa betetzea: %2,5eko defizita izateko baimena zuen, eta %2,2koa izan du azkenean —%2,4koa, Valentziako ekaitzaren kalteak estaltzeko gastatutakoa zenbatuz gero—. 2024an baino puntu portzentual bat gutxiago da hori, eta zerga bilketa onaren eta ekonomiaren hazkundearen ondorio izan da. Defizitaren parterik handiena administrazio zentralari dagokio (%1,98), baina Gizarte Segurantzak ere galerak izan ditu (%0,33).

Ikusteko dago, ordea, hurrengo urteetan Espainia gai izango den defizitari %3tik behera eusteko gastua murriztu gabe. Airef gainbegiratzaileak ohartarazi dio 2027tik aurrera ez dela posible izango. 2026a ez du bereziki ongi hasi: %0,75eko defizita pilatu du lehen bi hilabeteetan, eta horri batu behar zaio martxoan Irango gerraren ondorioei aurre egiteko iragarritako zerga beherapenek eta beste neurriek 5.000 milioi euroren kostua izango dutela.  

Frantzian, tarterik ez

Gauzak nabarmen okerrago doaz Frantziarentzat, %5,1eko defizita pilatu baitzuen iaz. Iragarri baino apalagoa izan da —%5,4koa izatea espero zen—, hori bai, eta horri esker agian lortuko du aurtengo helburua (%5) betetzea.

Baina hori egiteko zorroa estu kontrolatu beharko dute, Sebastien Lecornu lehen ministroak aitortu duenez. Horrek esan nahi du Parisek —Madrilek edo beste gobernuek ez bezala— ez duela aukera handirik gerraren kalteak arintzeko neurriak hartzeko. Horrek azaltzen du zergatik dagoen hain alde handia gaur egun erregaiaren prezioan Bidasoaren alde batean edo bestean: Hego Euskal Herrian, batez beste 1,79 euroan dago gaur gasolioa, eta 37 zentimo garestiago Ipar Euskal Herrian (2,16).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA