Euskal enpresen neurriaz kezkatuta dago Jose Antonio Jainaga enpresaburua, uste baitu neurria handitu beharra dagoela gaur egungo merkatuetan lehiatu ahal izateko. Kezka horrek balio du haren proiektu berrirako ere, Talgorako. Inoiz baino eskari gehiago ditu, baina Jainagak azaldu du kanpoko bazkiderik ez dutela bilatuko eskariei erantzuteko, eta iragarri du hurrengo bi urteetan inbertsio «garrantzitsuak» egingo dituztela Ribabellosako lantegian (Araba) ekoizpena handitzeko. Bide horretan, aurten bertan fabrika horretarako beste berrehun langile kontratatzeko asmoa dute.Â
Vital fundazioak gonbidatuta, hitzaldia eman du gaur goizean Jainagak, Gasteizen. Talgoren kontrola eta haren lehendakaritza eskuratu ostean egindako lehen agerraldi publikoa izan da, eta enpresaren estrategia berriari buruzko lehen zertzeladak emateko erabili du. Ukatu egin du industria bazkide bat behar duela, «salbatzaile bat». «Ez du inor behar hemen fabrikatu ahal izateko», esan du, eta gehitu enpresa erosi nahi zuen Hungariako funtsak porrot egin duela dagoeneko.
Onartu du, ordea, kanpora begiratzeko baietz, beharko duela bazkide bat; zehazki, Europa ekialderako. Izan ere, eremu hartan abiadura handiko trenbide sarea eraikitzen hastekoak dira aurki —Polonia aipatu du espresuki—, eta azaldu du han kontratuak lortzeko nahitaezkoa izango dela hango bazkideekin eskuz esku joatea, «hango gobernuek ez dizkiete-eta lanak Frantziako eta Alemaniako enpresei emango han bazkiderik ez badute edo inbertsiorik egin ez badute».Â
Talgoren gaur egungo finantza egoera «zaila» dela aitortu du, eta trenak gaizki entregatzeagatik Renfek jarritako isunen ondorio dela hein batean. Baina atzerapen horiek Europa osoan egiturazkoak direla gaineratu du, «eta Alemaniak ez dio Siemensi isunik jarri, ezta Frantziak Alstomi ere».Â
Enpresak etorkizuna baduela ziurtatu du, «produktu bikaina» daukalako, baina ezinbestekoa duela neurria handitzea, hori delako biderik onena ingeniaritzari eta produktu berrien garapenari dagozkien kostu finkoen zamari aurre egiteko. Kostu horietako batzuk abiadura handiko tren modelo berriari dagozkio, 2030erako nahi baitu gaur egungoa (Avril) ordezkatu.

Talgok bere historiako eskaera zorrorik beteena dauka gaur egun, 6.000 milioi euroren lanak dituela entregatzeko. Otsailaren hasieran eskuratu zuen azken kontratua, 1.332 milioi eurokoa, Saudi Arabiarako.
Euskal enpresen errotzea defenditu du enpresaburuak, eta Talgo Euskal Herriratzeko diru publikoa eta pribatua konbinatu izana goraipatu du, «formula eraginkorra dela erakutsi baitu». Aurrean zuen Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua, eta haren lana nabarmendu du —«ez dut Jauregiri txalo egiteko eskatuko hortera ez izatearren»—, eta gaur egungo egoera politikoan «iraganeko aurreiritzi ekonomikoak» atzean utzi izana azpimarratu du.
Sidenor auzia
Talgoren erosketa operazioaren buru izateagatik ez ezik, azken hilabeteetan beste kontu batengatik ere notizia iturri izan da Jainaga: Espainiako Auzitegi Nazionalak Sidenorren aurkako auzibidea hasi du, Israeli armak egiteko altzairua saldu ziolakoan, Espainiako Gobernuaren bahimendua indarrean zegoela.Â
Azaroan, Jainagak berak eta Sidenorreko beste bi burukidek Madrilen deklaratu behar izan zuten auzi horren inguruan, eta orduan esandakoa berretsi du gaur. Hau da, Israel Military Industries (IMI) enpresari altzairua saldu zionean ez zegoela indarrean inolako bahimendurik, eta herrialde hari armak egiteko materiala debekatuta egon aurretik eten zituela bidalketak.
«Justiziarengan, duela sei hilabetera arte, sinistu egiten nuen»
JOSE ANTONIO JAINAGAEnpresaburua
Gaiari buruz galdetuta, benetan pentsatzen duena edo politikoki zuzena dena zer erantzun zalantzan ari zela esan ondoren, ziurtatu du kontzientzia «lasai» duela eta legerik ez dutela hautsi. «Ez dut ulertzen nola gauden saltsa horretan guztian sartuta. Ez dakit beste interesik ez ote dagoen. Egia da horretan pentsatzen hasten bazara ez duzula lanik egiten», esan du, eta kritikatu egin du hilaren hasieran Espainiako Poliziak Sidenorren Basauriko lantegia arakatu izana informazio eske. «Informazioa nahi bazuten, eskatu besterik ez zuten. Ez zen beharrezkoa kaputxadunez betetako hamabost furgoneta bidaltzea».
Fiskalak berak miaketa «neurriz kanpokotzat» jo zuela gogorarazi du, eta gertatutakoak bere usteak aldarazi dizkiola. «Aspaldi da ez dudala erakunde publiko eta pribatu batzuetan sinisten. Justiziarengan, duela sei hilabetera arte, sinistu egiten nuen. Uste nuen gaizkileei jazartzen ziela, baina jende zintzoa eta errugabea lasai joan zitekeela lotara. Hori uste nuen duela sei hilabetera arte».
«absentismoa hezkuntza arazoa da»
Euskal industriaren arazoen artean, argindarraren prezioa eta proiektu berriak argindar sarera lotzeko zailtasunak aipatu ditu, eta kritikatu egin ditu migratuen etorrera eragotzi nahi dutenak —«migranterik eta haien seme-alabarik gabe, ez dago etorkizunik»—. Baina mezu gogorrena absentismoari buruzkoa izan da. Confebaskeko buruak adierazpen publikoetan agian esatera ausartzen ez direna esatera ausartu da Jainaga, hau da, haren iritziz langile asko gogorik ez daukatelako geratzen direla lanera joan gabe. «Ezin dugu absentismoaren txapeldunak izan», adierazi du, eta ziurtatu absentismoa ezin zaiela egotzi prekaritateari eta lanaren gogortasunari.
Talgoko eta Sidenorreko buruaren arabera, absentismoa «arazo kulturala, politikoa eta hezkuntzarena» da, eta ez da belaunaldi batean konponduko. «Haurrei txikiak direnean esplikatu behar zaie lanera joatea betebeharra dela, ezin duzula zuk erabaki noiz joan eta noiz ez», esan du, eta kritikatu egin du absentismoa txikitzeko sariak eskaintzea, horretarako baitago soldata.
Â