Oraindik itxaron egin beharko da zer gertatuko den jakiteko, baina Talgo ondo kokatuta dago kontratu handi bat sinatzeko, Portugalen. Lisboako gobernuak 2030erako izan nahi du abiadura handiko trena. Zehazki, Lisboa, Porto eta Vigo (Galizia) lotuko dituen trena nahi du. Horretarako, CP Comboios de Portugal konpainia publikokoak hamabi tren erosi nahi ditu, 504 milioi euroren truke, eta hogei ere izan daitezke (850 milioi euro).
Talgok bi bidetatik lor dezake bere trenak Portugali saltzea. Lehena Talgo bera konkurtsora aurkeztu eta irabaztea da. CPk maiatzean abiarazi zuen konkurtsora aurkezteko epea, eta, Portugalgo Publico egunkariak abuztuaren 9an kaleratu zuenez, bi enpresa sailkatu ziren kontratua lortzeko sailkapenaren aurreko fasera: Frantziako Alstom eta Talgo. Espero dute kontratua urte amaieran adjudikatzea.
Baina beste bide bat ere bada: Renfe Espainiako trenbide konpainia publikoa aurkeztea konkurtsora Talgoren trenekin, eta berak lortzea kontratua. Oscar Puente Espainiako Garraio ministroak gaur jakinarazi du Renfe lanean ari dela Talgoren 106 eta 107 modeloak Portugalen homologatzeko. «Portugalgo ingurunera oso ondo egokitu daitezkeen modelo batzuk dira. Espainian eta Portugalen zabalera bera dute trenek, iberiar zabalera, eta eredu horiek homologatzen saiatzen ari gara, han lan egin ahal izateko», esan du Europa Press berri agentzian egindako elkarrizketa batean.
«Kontratuaren arabera, adjudikatuko diren trenek gai izan behar dute orduko 300 kilometroko abiadura lortzeko eta 500 lagun garraiatzeko. Talgoren aldetik, Avril mota da eskakizunetara ondoena egokitzen den trena, eta Alstomen aldetik, Avelia Horizon tren mota».
Hain justu, Avril trenak ekarri zizkion arazoak Talgori. Izan ere, Araban egoitza duen ekoizleak Avril motako 30 tren saldu behar zizkion Renferi, 674 milioiren truke. Tren konpainiak, baina, baliabide faltagatik ez zituen bete entregatze epeak, eta Renfek isuna ezarri zion bi urte baino gehiagoko atzerapenarengatik.
Arazoa gero eta handiagoa bilakatu zen Talgorentzat, baina iazko urte amaieran Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko enpresa batzuek hura erostea erabaki zuten, Jose Antonio Jainaga buru. Ordutik, Madrilekin estuago aritu dira elkarlanean; uztail hasieran, esaterako, zorra atzeratzeko akordioa egin zuten Espainiako Gobernuak eta Talgok. Zuzendaritza berriak lor dezakeen lehen kontratu handia da Portugalgoa.