Tapia, Itsaso Gorriko krisiaz: «Enpresak alertan daude, baina larrialdirik gabe»

Sailburuak adierazi du «tentuz» ari zaizkiola erreparatzen krisiaren bilakaerari, baina nabarmendu du enpresek «segurtatuta» dauzkatela hornidura kateak.

(ID_17054086905935) Arantxa Tapia
Arantxa Tapia sailburua, gaur, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. IREKIA
aitor biain
2024ko urtarrilaren 16a
13:35
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek adi-adi begiratzen diote Itsaso Gorriko krisiari, baina, gaur-gaurkoz bederen, ez dute ondorio larririk antzeman hornikuntza kateetan, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak adierazi duenez: «Enpresak alertan daude, baina larrialdirik gabe».

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Tapiak azaldu du krisiaren bilakaerari buruzko analisia egin duela Jaurlaritzak klusterrekin eta enpresekin, eta adierazi du kezka ez dela «horren nabarmena». Baina aitortu du joan den asteburuan izandako erasoen ondorioz litekeena dela krisiak koska bat gora egin izana; izan ere, Yemengo Itsaso Gorriko kostaldea kontrolatzen duten milizia huthiek eraso egin zieten ostera Asiatik Europara bidean ziren itsasontziei.

Gaur bertan, beste eraso bat jazo da Adengo Golkoan, Yemen hegoaldeko uretan. Greziako Gobernuak baieztatu duenez, misil batek Suezko Kanalera zihoan itsasontzi bat jo du: Maltako bandera daraman Zografia izeneko labore zamaontzia. Eskifaiako 24 kideek ez dute minik hartu.

Hain zuzen ere, eraso horiek saihesteko, Itsaso Gorritik igarotzeari utzi diote zamaontzi askok, eta Afrika inguratzea aukeratu dute gehienek.

Edozein moduz, zuhurtzia eskatu du sailburuak, enpresek ziurtatua baitute lehengaien eta produktuen hornidura. «Asko ikasi dugu hala COVIDarekin, nola Ukrainako inbasioarekin, eta enpresek beren hornikuntza kateak asko segurtatu dituzte orduz gero». Besteak beste, «hurbilago» dauden hornitzaileak bilatu dituzte askok, Asiarekiko mendekotasuna txikitzeko eta hornidurarik ez faltatzeko.

Hala eta guztiz ere, ohartarazi du krisia luzatzen baldin bada arazoak egon daitezkeela, eta eragina izan dezakeela batez ere Asiatik inportatzen dituzten lehengai jakin batzuekin; mikrotxipekin, esate baterako. Hori dela eta, «tentuz» jarraitu beharreko gaia dela adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.