Joan den astean iragarri zuen Tubacexek enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat ezarri nahi zuela, eskaeretan izandako beherakadaren ondorioz, eta gaur bilera izan du sindikatuekin, asmo horren berri emateko. Han jakinarazi dizkie xehetasunak: enpresaren nahia da espedientea ia zortzi hilabetez ezartzea, uztailaren 6tik datorren urteko otsailaren 28ra arte. Tarte horretan, lanaldia gehienez %70 murriztu nahi dute, eta, orotara, 95 lanegunetan ez lukete beharrik egingo, gehien jota. Espedienteak Laudioko eta Amurrioko lantegiei eragingo lieke (Araba).
Nazioarteko egoeraren ziurgabetasuna eta horrek eskaerei eragindako beherakada aipatu dituzte erabakia hartzeko arrazoi gisa. 2026ko lehenengo hiruhilekoaren emaitzak jakinarazi zituztenean, eta enpresaren akziodunen batzarrean egindako adierazpenetan ere, arrazoi horiek eman zituzten, eta, bereziki, Ormuzko itsasartea itxita egoteak ekar zezakeen arriskuaz ohartarazi zuten. Orain, Iranen eta AEBen arteko akordioa berresten bada, badirudi itsasartea berriro irekitzeko aukerak badaudela, eta horrek bizkortu egin ditu mundu osoko merkatuak, baina enpresaren zuzendaritzak nahiago izan du espedientea aurkezteko asmoari eustea.
2025ean, Tubacexek 15,9 milioi euro irabazi zituen, aurreko urtean baino %30,5 gutxiago. Aurtengo lehenengo hiru hilabeteetan ere etekinak izan ditu enpresak, baina are gehiago murriztu da irabazien kopurua: 1,3 milioi euro irabazi zituen, 2025eko lehen hiruhilekoan baino %84 gutxiago. Estreinako hiru hilabete horietan 1.202 milioi euroren eskaerak izan ditu, «kalitatezkoak» eta «balio erantsi handiko produktuenak», eta horregatik enpresa «baikor baina zuhur» agertu da datozen hilabeteei begira.
«Ez dugu ulertzen»
Izan ere, enpresak berak agertutako baikortasun hori eta argitara emandako datuak aipatu ditu LAB sindikatuak espedientearen kontrako jarrera azaltzeko: «Enpresak berak adierazi du eskaera zorro sendoa eta negozio aukera ugari dituela datozen hilabeteetarako. Ez dugu ulertzen dibidenduak banatu dituen enpresa batek orain baliabide publikoekin finantzatutako mekanismo batera jotzea».
LABen iritziz, horixe da auziaren muina; haren esanetan, ez da onargarria irabaziak daudenean irabazi horiek «pribatizatzea» eta zailtasunak daudenean kostuak «gizarteratu» nahi izatea: «Espedienteak ezin dira ohiko tresna bihurtu enpresaren irabaziak babestu eta kostuak gizartearen bizkar jartzeko». Horregatik, espedientea erretiratzeko eskatu diote enpresari.
Orain, 15 eguneko epea dute enpresak eta sindikatuek proposamenaren inguruan negoziatzeko. Lau bilera egingo dituzte uztailaren 1era arte.