Tubos Reunidoseko zuzendaritzak egin nahi duen lan erregulazioaren negoziazioak aurrera segitzen du, eta konpainiak ez du murriztu kaleratu nahi duen langile kopurua. Konpainiako buruak eta Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) plantak ordezkatzen dituen langile batzordea hirugarrenez bildu dira, eta enpresak berretsi du 301 langile kaleratu nahi dituela —2014 finko eta 87 behin-behineko—. Hori bai, aurreraturiko erretiroen eta batez ere enpresa borondatez utzi nahi duten langileentzako baldintzak hobetu ditu.
Azken horiek sustatu nahi ditu enpresak, eta 15.000 euro hobetu du eskaintza. Hasiera batean, langileei 30 eguneko soldata eskaini zien lan eginiko urte bakoitzeko, hemezortzi hilabeteko soldata muga jarrita. Gaurko bileran, berriz, lan eginiko urte bakoitzeko 1.500 euroko ordain gehigarri bat eskaini die, hamar urteko mugarekin —horra hor aipatutako 15.000 euroak—. Hori bai, baldintza horiek lortu nahi dituen langileak martxoaren 2an baino lehenago egin behar dio uko lanpostuari.
Erlazionatuta
Gainerako hobekuntzak ez dira hain nabarmenak. Behin-behinekoei dagokienez, lan eginiko urte bakoitzeko 28 eguneko kalte ordaina eskaini die —lehen 25 ziren—. Erretiro aurreratua hartzeko prest dauden 60 eta 62 urte arteko langileei, berriz, soldata gordinaren %65 eskaini die, hasieran baino bost puntu gehiago.
Sindikatuek ez dituzte eskaintzak onartu, eta berretsi dute ez dutela kaleratzerik sinatuko. Halaber, salatu dute ez dutela izan balizko bideragarritasun planaren berririk. Negoziazioak otsailaren 17an hasi ziren, eta lan erregulazioen araudiak dio gutxienez 30 egun natural iraun behar duela.
Beste erregulazio handi batzuetako aurrekariei erreparatuta, enpresek azken bileretara itxaroten dute kaleratze kopurua murrizteko. Ikusi beharko da zein izango den Tubos Reunidosen estrategia.