Tubos Reunidosi beste oztopo bat suertatu zaio egin asmo duen 285 langileko lan erregulazioan: haien borondatearen aurka kaleratu nahi zituen behin-behineko 80 langileetatik 42 finko egin beharko ditu. Lan ikuskaritzak azaleratu zuen iruzur hori, eta enpresak ebazpena onartu du. Ohar bidez, azaldu du ez zuela fede txarrez jokatu, eta nabarmendu kontratuak luzatu zizkiela lan erregulazioa aurkeztean kontratua indarrean izan zezaten, horrela kaleratzeen salbuespen baldintzak lortu ahal izateko.
285 kaleratzeen berri ematean, enpresak zehaztu zuen bi profiletako langileak zeudela: batetik, beren borondatez —erretiro aurreratuaren bitartez— kaleratuak izatea onartu zuten 205 langile finko, eta, bestetik, kontratua luzatuko ez zien 80 behin-behineko. Lan ikuskaritzaren ebazpenaren bidez, proportzio hori aldatu egin da: orain 247 dira erregulazioan sartzen diren finkoak eta 38 behin-behinekoak.
Zuzendaritzak behin betiko kontratua zuten langile guztiei eskainitako kaleratze baldintzak eskaini dizkie orain 42 langile finko berriei: bi urteko soldata arteko kalte ordaina —45 lanegun urte bakoitzeko— eta 1.500 euro lan eginiko urte bakoitzagatik, hamar urteko mugarekin. Langile horiek guztiek Amurrioko lantegikoak dira.
Baldintzak, bai; aukeratzeko eskubidea, ez
Kaleratzeko baldintzak izango dituzte behin betiko berriek, baina ez, ordea, erregulazioan sartu ala ez erabakitzeko aukera. Izan ere, ESK sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, enpresak lan erregulazioan mantenduko ditu, haien borondatea hori den ala ez kontuan hartu gabe. Sindikatuak azaldu duenez, espresuki galdetu zioten enpresari atzo lan ikuskariekin batera eginiko bileran, eta hori izan zen erantzuna.
Ikusi beharko da ñabardura horrek eta langile finko batzuk beren borondatearen aurka kaleratzeko arriskuak sindikatuen jarrera aldatzen ote duen. Izan ere, oraindik ezin da jakin langile batzordean gehiengoa erregulazioa epaitegietan salatzeko aldekoa den. ESK eta ELA pauso hori egiteko prest agertu dira, baina beste sindikatu bat behar dute. Enpresak esana du kaleratzeen salbuespen baldintzak lortzeko ezinbestekoa dela lan erregulazioa auzitara ez eramatea.
Â