Tubos Reunidoseko langileek gezurtatu egin dute kaleratzeak «borondatezkoak» direnik

Sindikatuen iritziz, «kontakizun interesatua» inposatu nahi dute, gatazka konponduta dagoela iradokitzeko. Elkarreratatzea egin dute BBVAren akziodunen batzarraren aurrean.

Enpresa batzordearen ordezkariak, langileek inguratuta, gaur, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Enpresa batzordearen ordezkariak, langileek inguratuta, gaur, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko martxoaren 20a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Barruan, BBVAren akziodunak; kanpoan, Tubos Reunidoseko Amurrioko lantegiko beharginak. Eta pankarta bat: BBVA, zuen dirua, gure zorra. Elkarretaratzea egin dute langileek Bilboko Euskalduna jauregiaren aurrean, han egin behar zuen BBVAk bere akziodunen batzarra, eta enpresa batzordearen gehiengoak aukera baliatu du  mezu argi bat helarazteko: ez da egia enpresak egin nahi dituen 301 kaleratzeak «borondatezkoak» direla, eta horrelako mezuen bidez «kontakizun faltsu, interesatu eta bidegabe bat» ezarri nahi dute, gatazka konponduta dagoela adierazteko.

Aste honetan, enpresaren zuzendaritzak esan du 301 langile baino gehiagok eman dutela izena lanpostua uzteko, hark eskainitako baldintzak onartuta, eta, beraz, bere helburua lortu duela. Enpresa batzordearen gehiengoaren izenean —CCOO baino ez dago gehiengo horretatik kanpo— LABeko ordezkari Oier Bidaurratzagak eta Zuriñe Miranda ELAkoak gezurtatu egin dute hori, eta «presio, manipulazio eta desinformazio lanpaina larritzat» jo dituzte horrelako adierazpenak.

Esan dutenez, multzo horretan sartu dituzte behin-behineko langileak: 75 inguru dira, eta horietako batzuek urteak eman dituzte enpresan; egoera horretan hamabi urtez egon denik ere bago. «Langile horiek ez dira euren borondatez joango; kaleratu egingo dituzte. Lanpostu horiek suntsitu egingo dituzte», azaldu dute.

Beste aldetik, zalantzan jarri dute enpresaren baldintzak onartzeko prest agertu direnak ere euren borondatez egingo duten hori, eta gogorarazi inor ez zegoela enpresa uzteko prest, zuzendaritzak iragarri aurretik altzairutegia itxi eta logistika kanpora eramango zuela.

(ID_15914995) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2026-03-20, Bilbo. Tubos Reunidoseko Amurrioko enpresa batzordearen agerraldia
Tubos Reunidoseko Amurrioko lantegiko beharginak, protestan, gaur, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Presioren, xantaiaren, mezu alarmisten eta sortutako ziurgabetasunaren ondoriotzat» jo dute hori: «Ez da erabaki libre bat. Bortxazko erabakia da, enpresak antolatutako presio, beldur eta xantaiaren pean hartuta».

 Benetako eztabaida

Sindikatuen ustez, horrelakoekin «benetako eztabaida» desbideratu nahi dute, eta, haien iritziz, horren mamia zera da: «Zer arrazoi daude 301 lanpostu suntsitu, altzairutegia itxi eta logistika kanpora ateratzeko?». Esan dutenez, zuzendaritzak oraindik ez du azaldu zergatik hartu dituen neurri horiek, eta, jarrera horrekin, arriskuan jartzen ari da enpresaren etorkizuna: «Ezin da bideragarritasunaz hitz egin altzairutegia itxiz. Ezin da etorkizunaz hitz egin arlo estrategikoak kanporatuz. Ezin da proiektu industrialaz hitz egin enplegua suntsituz».

Horren aurrean, erregulazio espedientea erretiratzea eta benetako negoziazio prozesu bati ekitea proposatu dute langileek, baina, esan dutenez, enpresaren erantzuna izan da horri «jaramonik» ez egitea eta, bitartean, «oldarraldi mediatiko eta politikoa» abian jartzea, «sindikatu batzuk seinalatu eta erantzukizuna langileen bizkar jartzeko».

«Behin-behineko langileak ez dira euren borondatez joango; kaleratu egingo dituzte»

OIER BIDAURRATZAGA LABeko ordezkaria enpresa batzordean

Jaurlaritzari, aldundiei, EAJri eta PSE-EEri kritika gogorrak egin dizkiote: esan dutenez, «kezkatuta eta lotsatuta» daude haien jarrera ikusita. Eta aldamenean BBVAren akziodunen batzarra egiten ari zirela baliatuta, bankuari ere bidali diote mezua. Gogorarazi dute akziodun nagusietako bat izan zela «etekin handiak banatzen ari ziren garaian», eta erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu diote: «Urteetan irabaziak lortu ondoren, orain da garaia industriaren etorkizunaren konprometitzeko».

Datorren astea, erabakigarria

Zalantza handiak daude Tubos Reunidoseko gatazkak hartuko duen norabidearen inguruan, eta horietako batzuk datorren astean hasiko dira argitzen. Enpresa zuzendaritzak oraindik ez du enplegua erregulatzeko txostenik aurkeztu; legearen arabera, hamabost eguneko tartea du horretarako kontsulta epea amatzen denetik. Baina epe hori noiz amaitu zen ere ez dago argi; enpresak luzatu egin zuen martxoaren 13ra arte, eta data hori jotzen du epearen amaieratzat; baina epea luzatzea erabaki zuten bilera irregulartasunez beterik egon zen —batzarrean ez zegoen ordezkari batek WhatsApp mezu baten bidez bidali zuen botoa— eta, hortaz, zenbait sindikatuk martxoaren 9a jotzen dute kontsulta epearen amaiera datatzat.

Edonola ere, erregulazioa aurkezteko epea datorren astean amaituko da: martxoaren 28an, gehienez ere, kontsulta epea 13an amaitu zela onartuta. Sindikatuek oraindik ez dute erabaki horri helegitea jarriko duten ala ez: «Aurkeztu ez den txosten bati ezin zaio errekurtsorik jarri», azaldu dute. Enpresak, berriz, iragarri du sindikatuek auzitara jotzen badute, bertan behera utziko duela orain arte egin duen eskaintza.

«Ezin da bideragarritasunaz hitz egin altzairutegia itxiz; ezin da proiektu industrialaz hitz egin enplegua suntsituz»

ZURIÑE MIRANDA ELAren ordezkaria enpresa batzordean

Beste aukera bat ere egon daiteke: enpresak lortzen badu bilatzen dituen 301 kaleratze horiek «borondatezkoak» izatea, bere helburua beteta egongo litzateke eta, beraz, ez luke erregulazio espedientea aurkezteko beharrik; modu horretan, errekurtsoa aurkezteko aukera itxiko lieke sindikatuei. 

Agerraldiaren aurreko elkarretaratzean tentsio uneak egon dira, eta ertzainak langileen kontra oldartu dira, borrak erabilita,. Langile bat identifikatu dute, eta jakinarazi diote haren kontrako diligentziak irekiko dituztela.

Amurrioko lantegiko beharginak greba mugagabean daude, eta sindikatuek adierazi dutenez, launuztea «erabatekoa» izaten ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!